Espedizioaren lehen saiakeran lortu dute tontorrera igotzea. Munduko zortzigarren mendirik garaiena da Manaslu, eta hilabete bat egon da Txikon garaiera horretara egokitzen. «Oso nekatuta gaude, baina guztiz hunkituta. Orain, pixkanaka-pixkanaka jaitsi, eta denak onik iritsi behar gara. Une horretan lortuko baitugu, hain zuzen ere, benetako gailurra», adierazi zuen Lemoako mendizaleak tontorretik. 15:00 aldera iritsi zen Txikon, espedizioarekin batera, beheko kanpalekura, eta aitortu zuen eguraldi ona funtsezkoa izan dela tontorrera iristeko.
Zortzimilakoen artean, neguan igo zuten bigarren tontorra izan zen Manaslu. Orain arte, soilik 1984an igo dira mendi horretara neguan: Maciej Berbeka eta Ryszard Gajewski poloniarrak 1984ko urtarrilaren 14an igo ziren, oxigenoarekin. Aintzat hartuta, ordea, igotzeko lanak abenduaren 2an hasi zituztela, araudi berriaren arabera Txikonen gaurko igoera litzateke Manaslura neguan egindako lehenengoa.
Orain arte, igoera bat neguan egin dela esateko, igotzeko lanak abenduaren 1ean hastea nahikoa zen. Hala, Berbeka eta Gajewski abenduaren 2an hasi ziren Manaslura igotzeko lanetan. Orain, ordea, negua Himalaian abenduaren 21etik otsailaren 28ra dela dio araudi berriak, eta horrekin bat egiten dute mendizale gehienek; Denis Urubko da, besteak beste, salbuespena. Nepalgo Gobernuak egun horien arteko igoerak soilik izendatzen ditu orain negukotzat.
Eztabaida horri izkin eginda, Txikonek eta Morok egun horien artean prestatu dituzte Manaslurako espedizioak. Hirugarrengoan lortu du Txikonek tontorrera heltzea, iaz eta 2021ean saiatu ostean. Iñurrategi anaiak eta Josu Bereziartua ere 1997-1998ko neguan 7.500 metrora geratu ziren; eguraldi txarraren ondorioz, atzera egin behar izan zuten.
Aurretik ere, Himalaian
Aurten beste modu batera prestatu du igoera. «Lehen bi saiakeretan ikasitakoari esker erabaki zuten aurkezten zitzaien lehen aukerarako prest egon behar zutela. Hori dela eta, Alex Txikon Himalaiako beste proiektu batzuetan murgilduta egon da, egokitzapen egoki bat izatea ahalbidetu diotenak», azaldu dute Manasluko igoeraren berri emateko bidali duten oharrean.
Abenduaren 26an iritsi zen Manasluko oinarrizko kanpalekura —5.000 metrora—, lehen aukera izan orduko igotzeko prest. Urteberriarekin eguraldia egonkortu egingo zela iragarri zuten. «Hauxe zen espero genuen aukera», adierazi zuen Txikonek. Urtarrilaren 4an zuzenean igo ziren bigarren kanpalekura (6.400 metrora). «1.500 metro inguruko desnibela egin dugu. Ibilbidea oso gogorra izan da haizeagatik eta ekartzen genuen material guztiarengatik», esan zuen. Hala ere, gogotsu jarraitzen zutela esan zuen Txikonek.
Bigarren kanpalekuan atseden hartu zuten, eta urtarrilaren 5ean igo ziren hirugarren kanpalekura —7.000 metrotik behera—. Bertan igaro zuten gaua, jarraitu beharreko estrategia aztertuz. «Aukera hau aprobetxatu behar dugu. Eguraldia ona da, eta gure aukera izan daiteke. Bihar goizaldean gailurrera irtengo gara. Ea zer aurkitzen dugun», azaldu zuen erronkari aurre egin aurretik.