Eusko Jaurlaritzak ekainerako ordaindu nahi ditu autonomoei agindutako diru laguntza guztiak, baina lehen ordainketak maiatzaren amaieran egiteko asmoa dutela adierazi du Beatriz Artolazabal Enplegu eta Gizarte Politikako sailburuak. Ordainketa bakar bat egingo du gobernuak, hiru mila eurokoa gehienez.
Laguntza horren 16.000 eskaera baino gehiago jaso ditu azken asteetan Lanbidek, baina horietatik 4.000 inguru errepikatuta daude. Ondorioz, Lanbide 12.418 eskabide aztertzen ari da; dena den, horietatik askok ez dute euro bakar bat ere jasoko, ez baitituzte betetzen Jaurlaritzak jarritako lau baldintzak: langilea Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan erroldatuta egotea eta bertan bizitzea; negozioa hiru lurralde horietako batean edukitzea; koronabirusaren ondorioz etendako jardueran esklusiboki aritzea; eta jarduera egiteko beharrezkoa duen egoitzaren maizterra izatea. Beste baldintza bat ere balegoke: beste erakunde baten laguntza ez jaso izana; esaterako, foru aldundiek onartutakoak. «Jendeak aukeratu egin beharko du, laguntzak ez baitira bateragarriak». ohartarazi du Borja Belandia Lanbideko zuzendariak.
Artolazabalen arabera, azkenean laguntzak jasotzeko eskubidea duten «ia guztiek» jasoko dute laguntza. 7.000 lagun inguru izango dira, eta batez beste 2.500 euro jasoko dituzte.
Hasieran, hiru milioi euro jarri zituen Jaurlaritzak, eta asmoa zen eskaera egin eta baldintzak betetzen zituzten lehenengoen artean banatzea laguntza. Eskatzaileak bizkor aritu ziren, eta horrek eragin zuen Lanbideren webgunea erabat blokeatuta egotea. «Hutsak egin ditugu, eta barkamena eskatu dugu», onartu du Artolazabalek. Kopuru apalegia izan da huts horietako bat, eta, ondorioz, beste hamahiru milioi euro jarriko ditu gobernuak: hamasei milioi, guztira.
Kultura eta enpresa txikiak
Lanbidek beste laguntza programa bat zabaldu du, kultur arloko langileentzat. Asteartean ireki zuten eskaerak jasotzeko epea, eta bi astez iraungo du zabalik. Kopuru mugatua jarri du gobernuak, 2,5 milioi euro, eta iragarri du ez duela gehiago jarriko, «baliabideak mugatuak direlako», Belandiaren arabera. Uste du 2.000 lagunek jasoko dutela laguntza.
Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak, berriz, hamabost milioi euro jarri ditu pandemiaren ondorioen eragin zuzena jasan duten ostalaritzako eta turismo sektoreko beste enpresa txikiak laguntzeko. Dirua erabili ahal izango dute lokalaren hipoteka edo alokairua ordaintzeko, krisi aurretik erositako produktu galgarriak finantzatzeko, eta saldu gabeko stocka konpentsatzeko.Sonia Perez sailburuak azaldu duenez, testua amaitzen ari dira, eta baliteke datorren asteko gobernu kontseiluan onartzea.
Koronabirusa
Autonomoen laguntzak maiatzean iritsiko dira
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu