Euskaltelek Asturiasko Telecable erosiko du, 686 milioi euro ordainduta

Zegona funts britainiarrarekin akordioa lortu du euskal konpainiak. Kutxabankek jarraituko du akziodun nagusi. Egunero 800.000tik gora bezerori eskainiko die zerbitzua

J.L.CEREIJIDO / EFE.
Jon Fernandez.
2017ko maiatzaren 17a
00:00
Entzun
Handitzeko bideari eutsi dio Euskaltelek. Duela urte eta erdi Galiziako R Cablerekin egin bezala, orain Asturiasko (Espainia) operadore nagusia erosiko du: Telecable. Enpresaren %100 bereganatuko du, eta jabe berriak markari eutsiko dio Asturiasen, Galizian R Cablerekin egin zuen moduan: taldeko marka bakoitzak bere izena, egitura eta talde profesionala mantenduko du tokian-tokian. Euskaltelek atzo jakinarazi zuen erosketarako akordioa lotu duela Zegona Limited britainiarrarekin —Telecableren jabea—, eta 686 milioi euro ordainduko dituela. Euskal konpainiak ohar batean azpimarratu du «Espainiako iparraldeko telekomunikazio talde liderra» dela.

Operazioa aho batez onartu du Euskalteleko administrazio kontseiluak, eta gero taldearen akziodunen hurrengo batzar orokorrak eta lehia erakundeek berretsi beharko dute. Ituna «mugarritzat» jo du konpainiak, «sendotasun, eraginkortasun eta hazteko gaitasun handiagoa emango dio taldeari». Aurrerantzean, taldeak sei milioi pertsonako merkatua izango du, orain artekoa baino %20 handiagoa. Egunero, 800.000tik gora bezerori eskainiko die zerbitzua.

Duela urte eta erdi erosi zuen Euskaltelek R Cable, eta biek osatutako taldeak 139,5 milioi euroren diru sarrerak izan ditu lehen hiruhilekoan, iazko aldi berean baino %1,6 gutxiago, enpresa handien negozioko jaitsieragatik. Halere, urtarriletik martxora bitartean, telekomunikazio konpainiak bere markarik onenak lortu ditu hiru negozio segmentutan: Euskaltelen hedapena %84,5 da banda zabalaren negozioetan, %78,6 sakelako telefonoetan, eta %58,5 ordainpeko telebistaren arloan.

Iazko datuei erreparatuz gero, 2016a urte ona izan zen Derioko konpainiarentzat: 62,1 milioi euro irabazi zituen, 2015ean baino 56 milioi gehiago. R Cablek negozio bolumena handitu eta emaitzak hobetu zizkion iaz, baina gogoratzekoa da 2015a urte berezia eta polemikoa izan zela: burtsaratu egin zen konpainia, eta ezohiko gastuetan 56 milioi ordaindu zituen, gehienak enpresako kargudunei burtsaratzearen harira emandako gainsarietan.

Jabeen oreka berria

Euskaltelek azaldu duenez, 686 milioi euro ordainduko ditu Telecableren truke, Zegona Limited britainiarrak 2015eko uztailean Asturiasko konpainiaren truke ordaindu baino 40 milioi gehiago. Prezio horren barruan legoke Telecableren zorra ere: 245 milioi euro. Bestalde, erosketa berriarekin, Euskaltel Taldearen emaitza bateratuak 711 milioi eurora iritsiko dira, orain baino %24 gehiago. Gainera, 224 milioiko cash flow-a izango du: «Europan sektoreak duen kutxa horniduraren ratio handienetako bat dauka taldeak».

Operazioak badu beste ondorio bat: Zegona funtsa Euskaltelen akziodun handienetan bigarrena izango dela, akzioen %15ekin. Akziodun nagusia Kutxabank izango da, orain arte bezala, baina haren parte hartzea %25etik %21,3ra jaitsiko da. Bestalde, Banca Marchen inbertsio adarra da, Corporacion Alba, beste akziodun handia, %9,35ekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.