Aita Bosniako armadako frankotiratzailea izan zuen, eta haren zeregina biztanle zibilei tiro egin ohi zieten frankotiratzaile serbiarrak hiltzea izan zen, begian tiro batez hil zuten arte. Ordutik aurrera, amak —armadako kidea hura ere— bere kabuz hezi behar izan zituen Adela Jusic (Sarajevo, 1982) eta haren ahizpa gaztea, Sarajevoko setioaren urte gogorretan. Gerrako haurra izateak eragin zuzena izan zuen Jusicek urte batzuk geroago abiaturiko ibilbide artistikoan, eta, geroztik, nazioarteko dozenaka erakusketatan aurkeztu dira haren obrak.
Bederatzi urte zenituen gerra hasi zenean. Nola gogoratzen dituzu urte horiek?
Niretzat, gure etxe gainean hegazkin handi batek soinu langa gainditu zuenean hasi zen gerra. Eztanda izugarri bat izan zen, eta ordurako Jugoslaviako armadaren tankeak gure etxetik gertu zeuden, hiriaren kanpoaldean bizi ginelako. Gero frontea hor kokatu zen, gerra amaitu arte.
Gogoratzen dut azkenetarikoak izan ginela auzotik joaten, aitak ez zuelako etxea utzi nahi. Baina, egun batean eta nik zergatik jakin gabe, korrika atera behar izan genuen. Gauzak hartzeko astirik gabe, soilik dokumentuak eta urrezko objektuak eraman genituen, eta, handik bost minutura, eraikinaren gainean granadak jaurtitzen hasi ziren, erre zen arte.
Noiz batu ziren gurasoak armadara?
Horren ondoren izan zen. Jusuf Prazina Juka komandantearen indar armatuetara batu ziren: aita, frankotiratzaile; ama, logistikan eta sukaldean. Hasieran, hiria defendatu zuten indarretako buruzagi asko tokiko gaizkile ohiak ziren, borroka egiteko gai ziren taldeak kontrolatzen zituztelako, eta jende horrek eragotzi zuen Sarajevo egun gutxiren buruan garaitua izatea.
Gu haien base militarretik gertu zegoen beste eraikin batera joan ginen bizitzera, aurretik txetnikena izan zen apartamentu batera. Aste batzuk geroago, bi eskopeta topatu genituen etxebizitzan ezkutaturik, bata armairu baten atzean, eta bestea berogailuan. Han geratu ginen gerra amaitu zen arte.
Ez zenuten hiritik alde egiteko aukerarik izan?
Aita 1992ko abenduan hil zen, Stupen hiruzpalau egun iraun zuen gudu odoltsu batean. Bada, horren ondoren, amari Sarajevo utzi eta Malaysiara joateko aukera bat eskaini zioten, baina ez zuen bakarrik eta bi alabekin ihes egin nahi izan, eta hirian geratzea erabaki zuen. Armadan jarraitu zuen gerra amaitu zen arte, eta, horri esker, hobeto moldatu ginen etxean ere, janaria lortzeko zailtasun gutxiago genituelako.
Zer-nolako haurtzaroa izan zenuen?
Beste edozein haurtzaro bezalakoa izan zela esango nuke. Ezohiko egoera bat zen, bai, baina gu haurrak ginen hala eta guztiz ere. Eraikin barnealdean pasatzen genuen eguna jolasean, han ez baitzegoen leihorik. Batzuetan, eraikinaren aurka granadak jaurtitzen zituztenean, bizilagunekin batera lo ere egiten genuen hor, eta erasoa oso gogorra zenetan, berriz, sotora jaisten ginen.
Haurrok ondo pasatzen genuen. Eskaileretan korrika eta garrasika ibiltzen ginen, gora eta behera, eta albisteei adi ari ziren helduek isiltzeko agintzen ziguten beti. Gorroto genituen, haurra zarenean ez baituzu ulertzen egoeraren larritasuna. Granadetatik babesten eta frankotiratzaileak saihesten ikasi genuen, baina oraindik ez genituen ulertzen heriotzaren eta arriskuaren kontzeptuak.
Tarteka kalera atera beharko zenuten, ordea.
Su-etenak adosten zirenean, haur guztiak kalera jolastera ateratzen ginen, eta gogoratzen dut behin granada bat jaurti zigutela, etxe kanpoan hogei bat haur ginela. Eztandak handik zenbait metrotara jaurti ninduela sentitu nuen, eta gure eraikineko leihoen kristalak gainera erori zitzaizkigun. Baina, zorionez, gutako inor ez zen hil.
Nola moldatu zineten lau urtez bizirik irauteko?
Denborak aurrera egin ahala, gero eta hobeto moldatzen ikasi genuen. Patatak eta barazkiak lantzen genituen etxe azpiko parkean, eta balkoian untxiak hazi genituen, azkar ugaltzen direlako. Baina luzeegia izan zen. Bigarren negua, 1994koa, oso gogorra izan zen. Hemen mundu guztiak gogoratzen du negu hura, izugarri hotza izan zelako. Jendeak eskura zuen guztia erre zuen berotasuna izateko: liburuak, altzariak, parketa... Eta norbait parkeko zuhaitzen bat moztera joaten zenean, istiluak egoten ziren, horrek frankotiratzaileei mesede egiten zielako. Baina azkenean moztu egiten bazen, denak joaten ziren egurra jasotzera, bizirik iraun nahi baduzu ezin baitiozu ezeri uko egin.
Denbora hartan, haur izateari utzi eta nerabe egin zinen.
Gerran, pixka bat azkarrago hazten zara. Hamabi urterekin, zigarroak erretzen eta garagardoak edaten aritzen ginen, eta 13 urterekin gaua festan pasa genezakeen; besteak beste, etxeratze aginduak iraun bitartean Poliziak klubetako ateak ixten zizkigulako, gu barruan utzita. Eta gurasoek horretarako baimena ematen ziguten, bizi genuen egoerarengatik eta baita asko heldu ginelako ere.
Gerra amaitu zenean ere edozer gauza egiteko gosez geunden. Edatea, drogak kontsumitzea... Gure belaunaldiak jarrera nahiko autosuntsitzailea izan zuen. Gurasoek ez gintuzten kontrolatu nahi, pasatutakoaren ostean aske utzi nahi gintuztelako, eta guretzat urte zoro eta basatiak izan ziren, aske sentitu nahi baikenuen.
Eraikinak konpondu ziren, baina jendea ere zaindu al zen setio osteko urteetan?
Jendeak arazo asko izan ditu, ez soilik maila psikologikoan, baita oinarrizko beharrei dagokienez ere. Gerran amaituta, urteetan bizitza arriskatu zuten soldaduak inolako diru laguntzarik gabe utzi zituzten, eta, ikuspuntu patriarkaletik begiratuta, gerraren ostean gizonak funtsezko rol maskulinoa bete ezinik geratu ziren, etxera janaria eramateko gaitasuna kendu zietelako. Horrek biolentzia handia ekarri zuen etxebizitzetara, trauma osteko estresaren nahasmenduak eta alkoholismoak bezala. Estatuak ez zuen beteranoen inguruko ardurarik hartu, eta hemen mundu guztia zen beteranoa.
25 urteren ostean, gizartea traumatizatuta dago oraindik?
Jendeak traumak ditu oraindik, eta badaude COVID-19arekin birtraumatizazio bat jasan dutenak ere. Pandemiak segurtasun falta, beste lekuetara joateko debekua, etxeratze aginduak eta estatu poliziala ekarri dizkigu berriro ere, eta horrek setio garaia ekartzen die gogora askori. Etxean sartuta baikaude, duela 25 urte bezala.
Noiz gaindituko da beldur hori?
Bosniarrek, kroaziarrek eta serbiarrek ulertu behar dute denok konektatzen gaituen gauza bakar bat dagoela, eta gauza hori pobrezia da; gobernu ustelek eta hondaturiko ekonomiak eragiten duten pobrezia. Horretaz jabetzen bagara, dena hobera joango da, eta gero konstituzioa aldatzeko edo behar dena egiteko gai izango gara. Orain legea ez da betetzen, eta ustelkeria nonahi dago, eta hori konpondu bitartean ezer gutxi egin daiteke beste ezer hobetzeko.
Duela bost urte, beterano bosniarrak gobernuaren aurka protestan ari zirela, beterano serbiarrek babesa adierazi zieten, haiek ere gauza beragatik borrokatzen ari zirelako. Gerra amaitu eta hogei urtera, egoera paradoxiko hori jazo zen. Bada, gobernuak orain beldurra die beteranoei, burutik jota daudelako eta askok oraindik armak dituztelako etxean. Baina gazteei ez. Gazteei ez die beldurrik.
Sarajevoko setioak 25 urte. Adela Jusic. Artista eta gerrako haurra
«Frankotiratzaileak saihesten ikasi genuen, oraindik heriotzaren kontzeptua ulertu gabe»
Gerra hasi zenean oraindik haurra bazen ere, Adela Jusic artista garaikideak ongi gogoratzen ditu Bosnia eta Herzegovinako hiriburuko setioan berak eta bere familiak bizi izandako zailtasunak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu