'Al desnudo'
Konpainia: Metamorphosis Dance. Koreografia eta interpretazioa: Iratxe Ansa, Igor Bacovich. Eszenografia: Iratxe Ansa, Igor Bacovich, Danilo Moroni. Lekua: Bilboko Arriaga antzokia. Eguna: Otsailaren 18.Solemnitate handiz hasi da Metamorphose Danceren Al desnudo-ren emanaldia, konpainia osatzen duen bikote eszenikoa jarrera tragiko estatikoan eta argi zenital baten pean agertu denean. Hasierako une estatiko horretatik, Philip Glassen musika suabe batek ez bere ohikoak bezain sinkopatua, alegia inguratu ditu dantzari biak, eta beren eboluzioetan antzeman ditugu bien estiloen osagaiak diren dotorezia, intentsitatea eta energia neurritsuaren erabilera. Atariko pasarte horretan dena iruditu zaigu estreinatu berria, eta berria ez bazen, leuntasun handiz hornitua zetorren, bizitza arrunteko keinuekin batera noizean behin eta batere efektismorik bilatu gabe gainera.
Beltzez jantzita agertu zaizkigu biak: Iratxe Ansa donostiarra (Espainiako Dantza Saria, 2020an) maillot batekin eta besoak biluzik, Igor Bacovich italiarra praka soilekin eta gorputz-enborra agerian, eta harrigarria bada ere, mugimenduen isiltasuna nabarmendu da soinu-bandaren sonoritatearen gainetik. Niretzat misterio handia da zertan datzan efektu hori, baina argi dago dantzari handiek bakarrik erdiesten dutela, eta beti dela dantza gorenaren parte.
Klasizismo garaikidea iruditu zait esapide egokia ordura arteko ikusitakoa deskribatzeko, baina Glassen konposizioaren lehen hamar minutuak amaituta, beste eremu batera eraman gaituzte Johan Wieslanderren konposizio lehorrek, eta distoniekin nahiz interferentziekin egindako erritmo errepikakorrek girotu dituzte emanaldiaren gainontzeko berrogeita hamar minutuak.
Muturreko esperimentazioaren bigarren atal horretan protagonismo handia hartu du Danilo Moroniren argiztapenak, lehen atalean ere edertasun handikoa izan denak, eta Moroni forma askotako argi-iturri mugikor batzuekin jolastu da dantzarien inguruan, haiek beren gaitasun eta prestakuntza fisikoaren erakustaldiak egiten zituzten bitartean, ia gehienetan bakarka, beren artean txandakatuta.
Esan bezala, bai Wieslanderren soinuek bai Moroniren argi-jokoek eta zuzeneko bideo-proiekzioek esperimentazioaren arlora bideratu dute proposamena, eta bitartean gero eta agerikoagoa izan da dantzari bien eboluzio bikainak ez zirela benetako diseinu koreografiko baten fruitua, bien inprobisazioen lanketarena baizik. Une jakin batean haien burutazio estetikoak eta dantzarekin jolasteko grina azaldu dira euskaraz Aia Kruse Goenagaren ahotsean, baina artifizio horiek guztiak gorabehera dantzaren diseinua mugimendu-estudioen plano soilean geratu da. Ez, ordea, dantzarien maila bikaina, eta horren emaitza da emanaldia amaitutakoan ikusle askok euren txalo beroekin beren entusiasmoa adierazi izana.