Ikusle datuen fidagarritasunari buruzko zalantza guztiak aintzat hartuta ere, Euskal Telebistak berak emandako datua da hau: 2020an, %22ko ikusle kuota izan zuten ETB2ko albisteek; ETB1ekoek, %2,3koa. Hamar aldiz gehiago ikusten dira ETBko gaztelaniazko albisteak euskarazkoak baino, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Ordutegiak izan dezake horretan eraginik, baina ez da arrazoi bakarra.
2012ko urria. Itxaso Atutxa EAJko Bizkai Buru Batzarraren presidentea 3Koma ekoiztetxeko ekoizlea zen, eta hala esan zuen BERRIAn: «ETB1ek, behingoz, telebista kate jeneralista bat izan behar du». Hau ere bai: «ETB1ek ordu askotan ez du programazio normaldua».
2021. urtea. Azken udazken-negu parte honetan, arratsaldeko programazioa dezente hobetu du ETB1ek: Ahoz aho eta Biba zuek! saioak finak dira. Ahalegina ukaezina da, eta Biba zuek!-ek joan den astean lortu zituen orain arteko daturik onenak.
Baina 21:00etatik 22:00etara egoten da euskaldun gehien telebistaren aurrean, eta galtzak bete lan. Ander Gortazar arkitektoak galdera hau egin zuen Twitterren: «Albistegiaren eta gaueko saio nagusiaren artean ordu eta erdiko betelan tristea duen beste katerik existitzen da, ala soilik ETB1?».
Pandemiaren eraginez konfinamendua hasi zenetik, solasaldi saio bat ematen du euskarazko kateak, 21:30etik 22:30era: Eztabaidan. Baina horren aurreko ordutegian, agerikoa da telebista publikoaren arduradunek ez dutela inolako interesik inbertsioak egiteko, nahiz eta ordu horretan euskaldun gehiago dagoen esna telebista ikusteko prest 22:30etik aurrera baino —euskaldunak goiz jaikitzen dira, bai, eta ez legoke Ebrotik beherako herritarren ordutegien atzetik ibili beharrik—. Datuen adibide bat, ausaz astegun bat hartuta, otsailaren 9a: 21:00etatik 22:30erako saioetan, ETB1ek 6.000, 2.000 eta 11.000 ikus-entzule. ETB2n albisteak ikusten, 183.000 herritar. Azken horietatik, zenbat euskaldunak?
Izan ere, 21:00etan ETB2n Teleberri dago. Horri ezin zaio lehian ETB1eko ezer jarri —salbuespena ostiraletan da, Go!azen ematen dutenean—. «Gaztelaniazko albistegia ondo doan bitartean, euskarazko saioak berdin zaizkie...». Esaldi hori zenbait ekoiztetxetako langileek askotan esandakoa da; mantra bat, eta ez oraingoa, aspaldikoa baizik.
Urte luzez, larunbat eta igande gauetan ETB1eko albistegia hiru aldiz laburragoa izan da ETB2koa baino. Aldatu egin zen hori iazko udaberrian, pandemiaren erdian, albistegiak indartzearekin batera. Baina, tarteka, agerian gelditzen da ETB2ko albistegiak direla lehentasuna —Kataluniako bozen ingurukoak aipatu ditu Kike Amonarrizek sare sozialetan—.
Abenduaren 23an gertatutakoa: Gaur egun 15 minutu beranduago hasi zen, eta kazetariek egin zituzten zenbait erreportaje ezin izan ziren euskaraz ikusi. Ez zen ezer gertatu; inork ez zuen protestarik egin. Gaztelaniazko eskaintzan ez da halakorik inoiz gertatu Teleberri-rekin. Beti hasiko da 21:00etan, puntu-puntuan. Hori baita mimatu beharrekoa. Hor da katearen indarra.
Badira aldeak beste formatu batzuetan, bidenabar: ETB2k bi lehiaketa ditu —bat, astelehenetik igandera, eta bestea, astelehenetik ostiralera—. ETB1ek ez du lehiaketarik aspaldian.
Oraintxe bertan bi reality ematen ari da ETB: gaztelaniazkoak kartel erraldoiak izan zituen Bilbon eta Donostian; argi distiratsuak Kursaalean. Euskarazkoak, halakorik ezer ez. Gaztelaniazkoak sei hilabete iraungo du —astean bi emanaldi—. Euskarazkoak, hamar aste, igande gauez.
Aritz Galarraga irakasleak hala esaten zuen BERRIAko telebista kritikak idazten zituenean: «ETBn partida inportanteak ETB2n jokatzen dira». Pilota partidak euskaraz, astean lautan. Baina 21:00etako lehiaren partida ez da kasik existitzen euskaraz telebista ikusi nahi duenarentzat. Beste arrazoi bat gehiago ETB1ekiko desafekzioa areagotzeko. Datuak halakoak dira: inoizko batezbestekorik txikiena izan zuen iaz euskarazko kateak.
ANALISIA
ETB1 21:00etan galdutzat emana
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu