Klima eta biodibertsitate krisiei batera erantzutera dei egin dute zientzialariek

IPBES eta IPCCko adituek lehen aldiz elkarlanean egindako txosten bat plazaratu dute. Konponbide posible batzuen eragina aintzat hartzeko eskatu dute: proiektu berriztagarri batzuena, kasurako

Miru gorri bat, hilda, parke eoliko baten ondoan. JOSE ANTONIO MARTINEZ.
inaki petxarroman
2021eko ekainaren 11
00:00
Entzun
Gizakien jarduerak eragindako arazoak dira klima aldaketa eta biodibertsitatearen galera, eta konponbidea ez da etorriko baldin eta bi arazoei batera erantzuten ez bazaie. IPBES Bioaniztasunari eta Ekosistemen Zerbitzuei Buruzko Plataforma Gobernu Artekoak eta IPCC Klima Aldaketari buruzko Gobernu Arteko Taldeak elkarrekin egindako txosten baten ondorio nagusietako bat da hori.

Ez da bakarra. Izan ere, bi arazo horiek konpontzeko garaian aintzat hartzeko moduko mezu gordin bat ere eman dute: «Naturarekin lotutako balio indibidual eta kolektiboen aldaketa sakon bat beharko da zenbait kontzeptutatik aldentzeko: esate baterako, garapen ekonomikoa barne produktu gordinaren hazkundean oinarritzen dela». Ildo horretan, zientzialariek dei egin dute giza balioen eraldaketa bat egiteko, gizakiak naturarekiko harreman horretan dauzkan muga biofisikoak ez gainditzeko.

IPBES eta IPCCko 50 adituk—besteak beste, Unai Pascual BC3ko ikertzaile eta IPBESeko kidea— lau egunez eginiko mintegi batean oinarritutako ikerketa bat da aurkeztutakoa. 12 ikertzailek koordinatu dute lana.Hain justu, atzo aurkeztu zuten txostena. Hans-Otto Portner Zientzia Batzordeko Zuzendaritzako presidentekideak adierazi zuen klima aldaketa gero eta gehiago ari zaiela kalte egiten naturari eta hark gizakiei egin diezaieken ekarpenei, baita klima aldaketaren ondorioak leuntzeko duen gaitasunari ere. «Biodibertsitatean izaten ari diren aldaketak, berriz, klimari eragiten dio, nitrogenoaren, karbonoaren eta uraren zikloetan izaten ari diren eraginagatik».

Hala, hainbat proposamen egin dituzte, aurten Pekinen eta Glasgown egingo diren bioaniztasunaren eta klima aldaketaren goi bileretan aintzat har ditzaten. Batetik, geratu egin behar dela karbono aberastasun handia duten ekosistemen galera eta degradazioa, bai lurrean eta baita itsasoan ere: basoak, hezeguneak, zohikaztegiak, larreak, sabanak, padurak, alga basoak, poloetako karbono urdineko eta ur sakonetako habitatak... Deforestazioa eta baso degradazioa eteteak gizakiek eragindako berotegi gasen isurketak eteten lagun dezakeela dio txostenak, 0,4 eta 5,8 gigatona arteko CO2 baliokideetan.

Degradazioa eteteaz gain, ekosistema batzuk leheneratzearen beharra aipatu dute, klima aldaketaren ondorioei aurre egiteko har daitezkeen irtenbiderik «merkeenak eta bizkorrenak» izanik. Animalia eta landareentzako ezinbesteko ekosistema izateaz gain, klima larrialdiaren ondorio batzuei aurre egiten laguntzen dute: uholdeak arintzen dituzte, kostaldea babesten dute, uren kalitatea hobetzen dute, lurzoruaren higadura gutxitzen dute... Onura ekonomikoa ere badakarte halako neurriek; besteak beste, enplegua sortzen dutelako. Hartzen den neurria hartzen dela ere, jatorrizko herrien eskubideak aintzat hartu behar direla azpimarratu dute.

Nekazaritzaeredua aldatu

Lurraren erabilerari arreta jarri diote zientzialariek. Izan ere, ondorioztatu dutenez, nekazaritza eta basozaintza iraunkorrak, bioaniztasuna handitzen laguntzeaz gain, isurketak murrizteko aukera ematen dute. Lurra babesteak, nekazaritza eta abeltzaintza egoki batek eta ongarrien erabilera murrizteak 3 eta 6 gigatona artean gutxituko lituzke isurketak.

Ildo horretan, itsasoko eta lurreko babesguneak zabaldu eta elkarrekin lotzeak dauzkan onurak azpimarratu dituzte. Hala, bioaniztasunari kalte egiten dioten jarduerei diru laguntzak kentzeko eskatu dute; esate baterako, arrantza eta nekazaritza intentsiboei eta deforestazioa eragiten duen basogintzari. Prozesu hori lagunduko luke norbanakoen kontsumoen ohiturak aldatzeak ere. Besteak beste, elikadura aldaketak jo dituzte beharrezko, bereziki munduko herrialde aberatsetan. Dieta berri horien oinarria litzateke barazki gehiago jatea, eta haragi gutxiago, IPBES eta IPCCko adituen arabera.

Gainera, zalantzan jarri dituzte klima aldaketari aurre egiteko hartzen diren zenbait neurri; besteak beste, meategi jarduera neurri gabe handitzen eta lur eremu zabalak okupatzen dituzten energia berriztagarrien proiektu batzuk sustatzea. Ohartarazi dute zuhaitz espezie exotikoen landaketa masiboak eta ur hornidura bideratzeko urtegi handiak egiteak sarritan kalte egiten diotela ingurumenari eta gizarteari.

«Gizartearen eta ekonomiaren atal guztietan eraldaketa bat beharko da gure klima egonkortu, bioaniztasunaren galera eten eta denok nahi dugun etorkizun jasangarriaren bidea egiteko», laburbildu du Ana Maria Hernandez Salgar IPBESeko presidenteak. «Lurra eta itsasoa asko egiten ari dira, gizakien CO2aren isurketen ia %50 xurgatuz, baina naturak ezin du dena egin». 2021a «urte kritikoa» da klimarentzat eta naturarentzat, Lord Zac Goldsmith Erresuma Batuko Ingurumen ministroak azaldu duenez. Izan ere, Norvegiak eta Erresuma Batuak lagundu dute txosten hau egiten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.