Europako Batasunak murriztu egingo du NPB Nekazaritza Politika Bateraturako jartzen duen diru kopurua 2021-2027 aldian, eta zehazteko dago milaka milioi euroko murrizketa hori zenbateko galera izango den euskal nekazarientzat; baina Eusko Jaurlaritzak badaki NPBk estaltzen ez duen tartea funts propioekin ordaindu beharko duela; alegia, nekazariei, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan sortutako funtsez lagundu beharko zaiela. Horrela esan zuen atzo Ekonomiaren Garapenerako sailburu Arantxa Tapiak.
Madrilen izan zen Tapia, Espainiako Nekazaritza Ministerioak deitutako bilera batean; Madrilek erkidegoei esplikatu zien baliatuko dituen iripideak NPBaren laguntzak banatzeko. Datorren astean Tapia bera beste bilera batean elkartuko da sektorearekin eta Jaurlaritzaren eskumeneko hiru lurraldeetako aldundiekin, Europako laguntzen inguruko informazioa helarazteko.
Beraz, NPBk estaltzen ez duena euskal erakundeen bidez estali beharko dela aurreratu du Gasteizko gobernuak, baina ez dio uko egiten Europatik laguntza gehiago jasotzeari, NPBtik aparte esan nahi baita. Pandemiaren ondorioei aurre egiteko funtsetatik ere laguntzak lortzeko helburua ezarri du Tapiak, adibidez Next Generation UE funtsetik.
Sailburuak ez zuen Madrilgo bidaia alferrik pasatzen utzi Batzorde Mistoaren auzia salatzeko. Lakuak kontzertuaren batzarra nahi du Sanchezen exekutiboarekin, Jaurlaritzaren zorpetze gaitasuna handitzeko, eta nekazaritza sektorea laguntzeko aukerak ere horrekin lotu zituen Tapiak.
Mahastien berregituraketa
Espaniako Nekazaritza Ministerioak erkidegoekin egindako bileran jakinarazi du Hego Euskal Herriak 2.233.494 euro jasoko dituela mahastiak berregituratzeko eta mahatsa zaintzeko helburuarekin. Europako funts batetik dator diru hori. Nafarroako mahastizainek 1.523.484 euro jasoko dituzte, eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako mahastizainek 710.000 euro.
Horrez gain, Gipuzkoako Foru Aldundiak lehen sektoreari laguntzeko Erreskate Plana abian jarri duela jakinarazi zuen atzo. Plan horrek 1,1 milioi euro ditu, eta koronabirusak gehien kaltetutako azpisektoreetako eragileei laguntza zuzenak emateko da.
NPB iristen ez zaionari lagundu egingo zaiola esan du Tapiak
Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan sortutako funtsekin lagundu beharko zaie nekazariei, Europako diruaren murrizketa dela eta
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu