Sanchez Galanek kritikatu egin du argindarra merkatzeko sistema

Riberak erantzun dio faktura arautua %30 merkatuko dela. Iberdrolak %3 gehiago irabazi du

Iker Aranburu.
2022ko apirilaren 28a
00:00
Entzun
Jendaurreko tentsioa ez da baretzen Ignacio Sanchez Galan Iberdrolako presidentearen eta Espainiako Gobernuaren artean. Gatazkarako azken gaia Iberiar penintsulan argindarra merkatzeko Europako Batzordearekin hizartutako sistema da. Haren aurka lobby lanetan huts egin ondoren, Iberdrolako buruak ukatu egin du EBk salbuespen iberiarra baimentzeko eman duen argudioa —«ez da uharte energetiko bat»—; «irtenbide komunak» eskatu ditu, eta ez «erregimen bereziak edo salbuespenezkoak».

Horren inguruan, Teresa Ribera Espainiako Trantsizio Energetikorako ministroak azpimarratu du argindarra ekoizteko gasari lehenik 40 euroren muga eta ondoren 50 eurorena jarrita %30 merkatuko dela argindar faktura PVPC merkatu arautuan dauden herritarrentzat, baina baita epe luzeko kontraturik ez duen industriarentzat ere—hamarretik zazpi—.

RNEn, Riberak onartu du gasarentzat prezio merkeagoa proposatu zutela, 30 euro gas megawatt-ordu bakoitzeko, baina trukean beste zerbait lortu dute: «Hamabi hilabetez ezartzea, hasieran hiru edo bederatzi hilabeteen ordez. Egonkortasuna ematen digu hurrengo negurako». Iberdrolako buruaren kritikei ere erantzun die: «Galan jaunak bere akziodunen interesak defendatzen ditu. Gobernuari dagokio Espainiako kontsumitzaileen interesak defendatzea».

Sistema berriak Iberdrolaren kontuetan «inolako eraginik» ez duela izango ziurtatu du Sanchez Galanek, baina horren ordez berriro eskatu du tarifa arautua aldatzeko, merkatuaren gorabeheretatik babesteko. Gainera, gezurtatu egin du Espainiako Gobernuaren justifikazioa argindar merkatuan esku hartzeko —argindar konpainiek zerutik eroritako irabaziak jasotzen dituztela,ziklo konbinatuko zentralen prezioan kobratzen dutelako iturri merkeagoen ekoizpena—. Irabazi horiek gas eta petrolio konpainiek jasotzen dituztela dio Sanchez Galanek, «eta ez enpresa elektrikoek».

1.028 milioi irabazi ditu

Baieztapen horren adibide gisa har daitezke Iberdrolak atzo kaleratutako emaitzak. 1.028 milioi euro irabazi ditu 2022ko lehen hiruhilekoan, iaz baino %3 gehiago, baina mozkin hori AEBetako Avangrid filialari (+%33) eta Brasilgo Neonergiari (+ %20) egotzi die, eta ez Espainiako adarrari. Azken horrek %29 gutxiago irabazi du. Iberdrolak ziurtatu du merkatu librean dituen bezeroei argindarra aurretik finkatuta zegoen prezioan ordainarazi diela, eta, hortaz, azken hilabeteetako garestitzeak ez diela eragin. Kontratuak bete dituela, funtsean.Horren ondorioz, «Iberdrolako merkatu libreko bezeroen energiaren %80 tarifa arautuan daudenen erdia edo heren bat txikiagoa izan da».

Iberdrolak azaldu du energia berriztagarrien ekoizpena txikia izan dela urtearen hasieran, Cofrentesko zentral nuklearra (Valentzia) aste batzuetan geratu behar izan zuela, eta, horren ondorioz, merkatuan 4,5 terawatt- ordu garesti erosi behar izan zituela.

Iberdrolak espero du aurten inoiz baino diru gehiago irabaziko duela, 4.000 eta 4.200 milioi euro artean —iaz 3.884 milioi euroren mozkina izan zuen—.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.