Ipar Irlandako hauteskundeak

«Gobernu bat osatu behar dute»

Auzi sozioekonomikoek eta Sinn Feinen garaipenerako aukerek markatu dituzte Ipar Irlandako Asanblearako bozak. Bozketaren egunean, boto emaileek gobernabidearen beharra azpimarratu dute.

Boto emaile bat Belfast iparraldeko Holy Family haur eskolan sartzear, atzo. ANDER PEREZ ZALA.
ander perez zala
Belfast
2022ko maiatzaren 6a
00:00
Entzun
Richard McKee gaztea bizikletaz etorri da Belfasteko Talbot kalera. Sinn Feinen eta Aliantza Alderdiaren iragarkiak dituen zutoin baten kontra utzi du bizikleta, Santa Ana katedralaren alboan dagoen bozkalekuan sartzeko. Botoa eman aurretik —ez du jakinarazi nahi izan noren alde egingo duen—, adierazpen kritikoak egin ditu kanpainan entzun duenaz: «Gauza asko daude konpontzeko. Gobernu bat osatu behar dute. Badakit zaila dela, baina ados jarri behar dute. Herritarrek hori behar dute».

Mark Hanna hamar minutu geroago agertu da. Hura ere ez da oso baikorra datozen asteei begira, «betiko kaka» espero baitu; edo, beste modu batera esanda, «atzera-aurrera gabeko» egoera bat. Batez ere, ez du gustuko DUP Alderdi Demokratiko Unionistako buruzagi Jeffrey Donaldsonen jarrera eta Sinn Feinek ordezkaritzarik handiena lortuz gero Asanblean gobernabidea blokeatzeko egin duen mehatxua. «Oso uzkurra da morroia. NHS [Osasun Sistema Nazionala] hobetu beharra dago, dena asko garestitu da, eta okurritu zaio hori esatea...». Badirudi Hannak azken segundoan erabakiko duela noren alde bozkatu: «Ziurrenik, Aliantza; erdian dagoelako [alderdi horrek ez dauka bere burua ez nazionalistatzat ez unionistatzat]».

Santa Ana katedrala Ipar Irlandako hiriburuaren erdigunean dago, eta Belfast iparraldea barrutiaren parte da. Eremu esanguratsua da, Erresuma Batuko barrutien artean langabezia tasarik handiena duelako, eta bake horma gehien dituen zona delako Irlanda iparraldean, Troubles (Istiluak) garaiak izan zuen eraginaren erakusgarri; 2011ko erroldaren arabera —aurten eguneratuko dute—, «katolikoak» dira hango herritarren %46,9, eta «protestanteak» %45,7.

Hauteskunde lehiari dagokionez, barruti horretako boto emaileek bost diputatu aukeratzen dituzte parlamenturako, eta, 2017an, gehienak nazionalistak izan ziren: Sinn Feineko bi, SDLP Alderdi Sozialdemokrata Laboristako bat, eta DUPeko beste bi.

Aurten borroka are estuagoa espero da, Aliantza Alderdia babes handiagoa lortzekotan baita, eta, horri esker, Sinn Feini kendu liezaiokeelako duela bost urte lorturiko eserlekuetako bat; DUPek, berriz, arazorik gabe eutsi beharko lieke bi aulkiei, eta ez luke ezer gehiago lortuko, bi diputatugai aurkeztu baititu.

Glen Brownek, baina, ez du indar politiko horien alde egiteko asmorik. Boto emaile gaztea hitz egiteko gogoz dago, eta agerian utzi du deskonexio puntu bat dagoela haren eta alderdi politiko nagusien artean; hura ere ez da oso itxaropentsua aurtengo emaitzek ekar dezaketen agertokiari dagokionez. «Badirudi Sinn Feinek irabaziko duela, eta hori aldaketa bat izango da, bai. Baina badakizu, hemengo sistema botere partekatua da, eta, hortaz, irabazita ere, uste dut ez direla gauza asko aldatuko».

Botoa emateko ohiturak pixkanaka aldatzen ari dira Ipar Irlandan, baina nortasun kolektiboak oraindik ere oso lotuta daude bozkalekuetan egiten diren hautuekin. Brownen arabera, «boto sektarioak» indar handia du; halere, logika horretatik kanpo ikusten du bere burua, «auzi ekonomikoak» baitira haren lehentasunak. Horregatik bozkatuko du PBP People Before Profiten alde: «NHS salbatu beharra dago. Bizitza ikaragarri garestitu da: hemen, Belfasten, apartamentu bat alokatzea... ufa. Politika ezkertiarragoak behar ditugu».

Boto emaile gaztea argi mintzatu da gobernabidea blokeatzeko DUPen mehatxuaren inguruan: «patetikoa» iruditzen zaio, eta «demokraziaren kontrakoa».

Errepublikanoen indarra

Belfast iparraldean barrena zenbat eta kilometro gehiago egin, orduan eta ageriagoa da Sinn Feinen nagusitasuna eremu batzuetan; hauteskunde iragarkiei dagokionez, behintzat. Caral Ni Chuilin eta Gerry Kelly diputatugaien aurpegiak nonahi daude, baita Michelle O'Neill alderdiko presidenteorde eta Ipar Irlandako lehen ministro izateko faboritoarena ere.

Newington hiribidean dago Holy Family haur eskola, eta badirudi alderdi errepublikanoak jasotzen duela babesik handiena hor ere. Ahaldun bakarra dago inguruan: Sean Oliver da, Sinn Feinekoa; atzoko bozak «historikoak» izatea nahi du, eta datozen asteetako helburua izango da gobernua ahalik eta azkarren jartzea berriz martxan.

Kartoizko afixa erraldoi bat alboan duela egin ditu adierazpenok; horren bitartez, alderdi errepublikanoak boto emaileei oroitarazi nahi die nola bozkatu behar duten, eta noren alde. «Bai, bai, badakit», esan du, barrezka, bozkalekuan sartzear dagoen emakume batek, Oliverrek kasu egin nahi izan dionean.

Kontrako bidea egin du Phoebe Wrightek. Haur eskolatik ateratzean, Sinn Feinen defentsa sutsua egin du: «Ea DUP baino babes handiagoa lortzen duen... Brexit-aren kontrakoa naiz, Irlanda elkartuaren aldekoa, Westminsterren ez oso zalea, LGTBI eskubideen aldekoa. Espero dut gobernua martxan jarriko dutela. Umekeria bat da [Donaldsonen] jarrera hori».

Oro har, boto emaileek espero dute Ipar Irlandan ia ohikoa bilakatu den blokeo politikorik ez egotea datorren legealdian.DUPen buruzagiak, baina, mehatxu egin du, esanez bide hori hartuko duela baldin eta Sinn Feinek lortzen badu ordezkaritzarik handiena, eta Erresuma Batuko Gobernuak eta Europako Batzordeak ez badute Ipar Irlandarako Protokoloa aldatzen.

«Dinosauro hutsak dira», esan du, haserre, Geraldine McCay zaharrak, alderdi unionistaz galdetu diotenean: «Aurrera egin behar dugu, eta horiekin atzera goaz. Horrela ezin dira konpondu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.