Koronabirusa. Eragina ekonomian

Lantegi handiak zabalik, eta ertainak presiopean

Ipar Euskal Herriko enpresa nagusiek ez dute euren jarduna eten, eta langileak kexu dira. Sindikatuen arabera, ezinezkoa da segurtasun arauak plantan ezartzea

Joanes Etxebarria.
Maule
2020ko martxoaren 24a
00:00
Entzun
Joan den astean Frantziako Gobernuak aktibitate ekonomikoarekin segitzeko deia egin zuen, eta hainbat langile fabrika handietara lanera itzultzera deituak dira egun hauetan. Hazparneko (Lapurdi) Lauak lantegian, 600 langileetatik 150 joan ziren atzo. Beharginak kontsultatu zituzten asteburuan, «bere baitarik» nork itzuli nahi zuen jakiteko. Joan nahi ez zutenentzat, enpresaren webgunean komunikatu agirian, bi hautu emanak ziren: oporraldi pagatua edo langabezia partziala, enplegatzaileak deliberatzen duenaren arabera. CGT eta LAB sindikatuetako industria arduradunek, berriz, «osasun arriskuagatik erretiratzeko eskubidea» erabiltzea aholkatu diete langileei.

Ipar Euskal Herrian hegazkingintzan ari den beste enpresa handi bat da Dassault Aviation; Angeluko lantegian (Lapurdi) 970 pertsona ari dira. Joan den astean itxi bazuten ere, berriz irekitzea aipagai izanen da biharko langile batzordean. «Parisko agintariek berriz irekitzea nahi dute», Christophe Brise CGTko ordezkariaren erranetan. LABeko industria arduradunak, Heren Muruagak, honako hau gehitu du: «Enpresa handiek boterea dute, eta erabakiak haiek hartzen dituzte».

Enpresa ertainak itxiak dira neurri handi batean, hilabete bukaera arte gutxienez: Zuberoako bi enplegatzaile handienek, Artzainak eta Lopitz taldeetako enpresa desberdinek ateak itxi zituzten joan den astean; Arberatzeko MFA, Mugerreko BMS Circuits eta Urruñako Signatureere geldituak dira. Baina CGTko ordezkariaren arabera, agintariak presioa ezartzen ari dira berriz irekitzeko. Baina bi sindikatuetako ordezkariek diote zaila dela segurtasun neurriak errespetatuz lana berriz hastea.

Lantegien desinfekzio neurriak ere hartu dituzte enpresa gehienetan, baina, Briseren ustez, ez du zentzurik: «Erran digute atzo, gaur eta bihar desinfektatuak izanen direla, baina beharbada ostegunean lanera itzuliko dira birusa duten batzuk». Garbiketa lanetan ari direnen baldintzak salatu ditu: «Haien lana ez da baloratua, eta, gainera, neholako babes neurririk gabe egiten dute».

Lana uzteko eskubidea

Osasun arriskuagatik lana uzteko eskubidea baliatzera dei egiten dute sindikatu gehienek, lantegiak irekitzeko presioa goraka doan heinean. Bokaleko (Lapurdi) ADA altzairutegian hamahiru langilek koronabirusaren susmopean izanik, beste langile batzuek eskubide hori baliatu nahi lukete. Baina Brisek jakin duenez, egoera berezia bizi dute, «giza baliabideen zerbitzua itxia delako, etxetik ari baitira. Ezin dute errekurtsorik ezarri, ez dakite zer egin». Eskubide hori anitz aipatzen dute sindikatuek, baina lana uztearen ondorioak ez dira hain argi oraino. «Ondorioak izaten ahal dira epaitegietan, baita kanporaketak ere», Muruagaren ustez. Horregatik aholkatzen dute eskaera horiek idatziz egitea eta segurtasun neurriak zertan betetzen ez diren zehaztea.

Bi sindikatuetako ordezkariek bat egiten dute neurri bikoitzen «zentzugabekeria» salatzeko orduan: etxean konfinatuak izan behar eta ehunka langileko enpresak irekitzea ez zaie bateragarri. «Italian ez bezala, prebentzioan ari behar genuke»: Muruagaren ustez, «olatua gainean ukaitea itxoin gabe».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.