Pello Larrinaga. EHUko ingeniaria eta Enedi taldeko kidea

«Industrian bero jario handia alferrik galtzen ari da; energia, alegia»

Enedi taldeak industria batzuei eskatu die baliatzen duten beroa berrerabil dezatela, energia handia galtzen baita hainbat prozesutan. Larrinagaren ustez, berrerabiltzeko sistemak errentagarri izan daitezke urte gutxi barru.

BERRIA.
xabier martin
2021eko abuztuaren 24a
00:00
Entzun
Euskal industriaren hainbat sektoretan bero handiak eragiten dituzten ekoizpen prozesuekin aritzen dira, eta bero soberakina atmosferara igorriz galtzen da gehien-gehienetan. EHUko Ingeniaritza Eskolako Enedi taldeak azterketa bat egin du jakiteko zenbat energia ari den alferrik galtzen, eta ondorioztatu du asko dela berrerabil daitekeen beroa horretarako sistemak ezarriko balituzte. Trantsizio ekologikoaren helburua aurrez aurre dagoen honetan, Pello Larrinaga irakasleak (Bilbo, 1984) uste du sistema horiek errentagarri liratekeela urte gutxi barru, eta hala enpresei nola administrazioari benetako urratsak egiten hasteko eskatu die.

Zein da beroaren berrerabilpena aztertzen duen lanaren jatorria?

Energia termikoa biltegiratzeko materialen ikerketa zabalago batetik abiatu dugu; izan ere, berriztagarrietan ekoizpenaren eta eskaeraren arteko desoreka handia izaten da, eta energiaren biltegiratzea funtsezkoa bihurtu da. Bada, beroarekin hori gertatzen da: ez bada berehala erabiltzen, galdu egiten da.

Ez dago modurik beroa berrerabiltzeko?

Badira moduak, baina garatzeko bidean daude; ikerketa asko egin behar da sistema zehatzak diseinatzeko bero iturri bakoitzean. Guk aztertu dugu euskal industrian ba ote diren bero iturri handiak mereziko luketenak berrerabiltzeko sistemen bidez hornitzea galtzen den beroari beste erabilera bat emate aldera, eta emaitzak argiak izan dira.

Zein dira emaitzak?

Uste dugu euskal industriaren zenbait sektoretan bero asko alferrik galtzen dela: papergintzan, porlana egiteko fabriketan, altzairugintzan... Industria prozesu horietan gradu askoko beroak eragiten dituzte,eta ematen du bistakoa dela energia hori aprobetxatu egin beharko litzatekeela gero, baina ez da erraza: hor dago koska. Hasteko, enpresa gehienek ez dakite zenbateko bero jarioa galtzen duten. Beren produktuak egiteko beroa sortzea baizik ez dute helburu;gero galtzen denari ez zaio erreparatzen. Guk jakin nahi genuen zenbat bero galtzen den, eta merezi ote zuen sistemak ezartzea hura berreskuratzeko.

Eta merezi du? Bero kantitate nahikoa dago enpresa batzuetan sistemak ezartzen hasteko?

Bai, nahikoa dago. Enpresa bakoitzak ikusi beharko luke zer-nolako sistema ezarri beharko lukeen eragiten duen beroari beste erabilera bat emateko. Ikerketa falta da, inbertsioa, baina sektore askotan bost urteren buruan errentagarri litzateke inbertsio hori, energia fluxu handia alferrik galtzen ari baita. Badakigu zaila dela beroa berreskuratzeko sistema osoak ezartzea, baina badira ikerketak munduan, eta hainbestekoa da alferrik galtzen den beroa industrian, ezen saio serio bat egitea merezi duen, asko baitago irabazteko.

Zer-nolako beroaz ari gara, gradutan?

Gure azterketak ondorioztatu du 400 gradutik gorako beroei dagokienez, enpresa gehienek urte gutxiren buruan lortuko luketela errentagarritasuna beroa berrerabiltzeko inbertsioarekin, hamarretik bederatzik gutxi gorabehera. Bada beste enpresa talde bat, 200 gradutik beherako beroa aprobetxatu dezakeena, kalitate gutxiagokoa, alegia; bada, horietatik %40 inguruk lortuko lukete errentagarritasuna, gure ustez. Dena den, berriro diot, ez da erraza sistema egokiekin asmatzea. Adibidez, Sestaoko kiroldegiko igerilekuko ura berotzeko Arcelorrek sortzen duen beroa erabiltzea aztertu zen bere garaian, eta erabaki zuten ez zela bideragarria.

Baina zer-nolako inbertsioak egin beharko lituzkete orduan? Oso garestiak?

Litekeena da, ekoizpen prozesuetan aldaketak egitea ekarriko luketelako gehienetan. Hau da, enpresek anbizio handia eduki behar dute alferrik galtzen ari diren energia horri balioa emateko eta errentagarri bihurtzeko. Eta anbizio horretan, politika publikoak bidelagun beharko lituzkete. Trantsizio ekologikoaren garaian gaude: gaur egun ezagutzen dugun energia iturrien sistema erabat aldatuko da, oraindik funtsezkoak diren energia batzuk bukatu egingo direlako, edo bukarazi egingo dituztelako, besteak beste. Energia garbia lortzeko bide guztiak ikertu behar dira, eta euskal industriak aukera on bat du hor.

Enpresaren batekin hitz egin duzue honi buruz?

Bai, bai, aritu gara batzuekin, eta esan digute bost urteko epe hori ez dutela oso gustuko; errentagarritasuna epe laburragoetan bilatu ohi dutela diote, baina aukera hori kontuan hartzen dutela, hala ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.