«Argia da legearen funtsa. Poliziaren eta estatuaren indarkeriaren biktima direnei zuzenduta dago». Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak argi eta garbi utzi du poliziak eta guardia zibilak ez direla estatuaren indarkeriaren biktima, eta, beraz, ez dagokiela kalte ordainik jasotzea motibazio politikoko indarkeriaren biktimen legearen arabera. Denera, 1.220 lagunek egin dute eskaera estatuaren biktima gisa kalte ordainak lortzeko, eta horietatik 460 dira poliziak eta guardia zibilak. Eusko Jaurlaritzak atzera bota ditu eskaera horiek denak, banan-banan, Balorazio Batzordearen oniritziarekin. ETAren biktima diren beste 50 lagunen eskaerak ere ez ditu aintzat hartu batzorde horrek, sailburuak jakinarazi duenez. Guztira, beraz, 510 eskaera bota ditu atzera.«ETAren biktimak dira, baina ez estatuaren indarkeriarenak», azaldu du Artolazabalek erabakia argudiatzeko. Halaber, jakinarazi du 2020. urtearen erdialdetik jasotako 1.220 kalte-ordain eskaeretatik 563 ebatzi dituela Balorazio Batzordeak orain arte.
Kalte ordainak eskatu dituzten polizia eta guardia zibilak lege zirrikitu bat erabiltzen ari dira, motibazio politikoko indarkeriaren biktimen aitorpenerako eta erreparaziorako legearen onuradun izateko. Argudiatzen dute legean aipatzen den bortxa mota hori jasan zutela ETAren edo kale borrokaren indarkeria pairatu zutenean, eta, beraz, badagokiela kalte ordaina jasotzea. Legeak 390.000 eurorainoko kalte ordainak aurreikusten ditu biktima gisa aitortuak direnentzat.
Eusko Jaurlaritzaren ustez, baina, poliziek egindako eskaerak ez du lekurik legearen interpretazio horretan. Justizia sailburuak argi utzi du: «Estatuaren indarkeriaren erabilera ez-zilegitik eratorritako giza eskubideen urraketek dute tokia lege honetan. Atzera botatako eskaerek ez dute zerikusirik estatuko botereen jarduerekin: ez zuten pairatu estatuko segurtasun indarren indarkeria, ETArena baizik». Hain justu ere, eskatzaileei igorri dizkieten ebazpenetan Balorazio Batzordeak argi uzten du horrelako eskaerak onartzeak «legearen xedea diluitzea» ekarriko lukeela.
Guardia zibilak, kexu
Artolazabalek nabarmendu du Balorazio Batzordeak modu «independentean» lan egiten duela, eta talde hori osatzen duten «ospe handiko» pertsonei «lasaitasunez» lan egiten uzteko eskatu du. Halaber, gogorarazi du badagoela «ETAren terrorismoa» pairatu dutenentzako erreparazio eta aitortzarako lege espezifiko bat, eta hor jasota dagoela poliziei eta guardia zibilei biktima izaera aitortzeko beharra.
Guardia Zibilen Justizia elkarteak, ordea, deitoratu egin du Jaurlaritzaren erabakia, eta helegitea aurkezteko deia egin die guardia zibilei. Bestalde, Espainiako Gobernuak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan duen ordezkari Denis Itxasok «errespetua» adierazi dio Jaurlaritza egiten ari den lanari, eta «polemikak» alde batera uzteko eskatu du.
Polizien 460 kalte-ordain eskaera atzera bota ditu Eusko Jaurlaritzak
Balorazio Batzordeak ordaina ukatu die ETAren biktimek aurkeztutako 50 eskaerei ere. Artolazabalek dio eskaera horiek ez dutela tokirik Poliziaren abusuen legean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu