Oraindik bost minutu falta dira 10:00etarako, eta jada 50 bat lagun daude Ikeak Barakaldon (Bizkaia) duen saltoki handiaren aurrean. Pasabide bat eratu dute hesien bitartez, eta horretan ilaran dago jendea, zain. 10:00etan tanko ireki dute atea, eta lehenengo bezeroak sartu dira dendara. Han, albo banatan, Ikeako langileak jarri dira, alkandora horia soinean eta maskara aurpegian, eta txaloka hartu dituzte lehenengo bezeroak.
Hego Euskal Herria bigarren fasera igarotzeaz batera, 400 metro koadro baino gehiagoko saltoki handiek badute irekitzeko aukera, eta atzo izan zen lehenengo eguna. Hori nabaria zen Barakaldoko Megapark merkataritza gunean (Bizkaia): Euskal Herriko handiena da, 100.000 metro koadro baino gehiago ditu, eta zenbait enpresa multinazionalen saltoki handiek eta dozenaka denda eta jatetxe txikiagok osatzen dute. Gehien-gehienak zabaldu dituzte, edukiera mugatuta eta garbitasun neurri zorrotzak hartuta.
Ikean lehenengo bezeroak sartu dira, baina, segituan, ate aurrean osatutako ilara gelditu egin behar izan da, barruan daudenak lehenengo solairura igo arte. Pare bat minutu geroago, berriro utzi diete bezeroei sartzen, banaka oraingoan.
Carmen Solaguren Getxotik etorri da Barakaldora: «Besaulki batzuk erosi behar ditut. Denbora luzea neraman honen zain; saiatu naiz erosketa Internet bidez egiten, baina ez dut lortu, arazoak izan ditudalako bankuaren pasahitzekin, eta, azkenean, gaur [atzo] zabaltzen zutela aprobetxatuta, etorri egin naiz».
«Seguru asko, denda zabaldu genuenetik hauxe izan da egunik bereziena; ez genekien noiz eta nola itzuliko ginen», azaldu du Ikeako Barakaldoko arduradun Jessica Lamasek. Dioenez, eguna «ondo» joan da: «Jendea oso kontzientziatuta dago». 3.000 bezero baino gehiago sartzen dira Ikean, baina orain 1.200 hartuko dituzte gehienez ere.
Arropa umearentzat
Gainerako saltokietan ez da Ikean adina jende bildu, baina haietako batzuetan ilarak sortu dira, Decathlonen adibidez. «Umearentzat arropa erostera etorri gara», esan du Iban Lopez Ortiz de Uriartek, sartzeko zain dagoela. «Hiru hilabete hauetan dena txiki gelditu zaio. Guk gauza batzuk erosi ditugu Interneten guretzat, baina umearekin ez genuen asmatzen». Decathlonen ere segurtasun neurriak jarri dituzte: 45 pertsona baino ezin dira sartu dendan, eta sarreran eskuak gelez garbitu eta eskularruak jantzi behar dituzte.
Aldameneko saltokietan askoz apalagoa da mugimendua. Conforama, Toys R Us eta beste batzuetan bezero gutxi daude. Maisons du Monde altzari denda itxita dago: garbitzailea baino ez dabil barruan. Mediamarktek, berriz, ordutegia murriztu du, eta geroago zabalduko dute.
Norauton maiatzaren 11n zabaldu zuten autoak konpontzeko tailerra. Dendaren zati bat joan den astean ireki zuten, eta atzo, berriz, estreinako aldiz zabaldu zuten denda osoa, baina edukiera murriztu dute: gehienez ere 83 bezero har ditzakete. «Itxita egon garen bitartean etxerako salmentan aritu gara», azaldu du dendako arduradun Javi Lasak, «eta telefonoz jende askok galdetzen zigun denda noiz zabaldu behar genuen. Orain badago mugimendua, baina seguru asko bezero gehienak arratsaldez etorriko dira».
Patricia Villar bilbotarra Forum Sport dendatik irten da. Produktu jakin batzuk erostera etorri da, hartu aurretik bertatik bertara ikusi nahi zituelako. «Segurtasun neurriak ongi daude; ikusi dudan eragozpen bakarra izan da aldagelak itxita daudela», esan du.
Parkearen gune estalian jatetxe eta denda txikiagoak daude, eta han egoera oso bestelakoa da. Zinemak itxita daude, eta jatetxe ugari ere bai. Haietako asko garbitzen aritu dira, gaur zabaltzeko asmoz. Zoruan seinaleak itsatsi dituzte, bi metroko aldeari errazago eusteko, eta denda bakoitzean gehieneko edukiera adierazten duten kartelak jarri dituzte.
Ipar Euskal Herriko merkataritza gune handiak, berriz, maiatzaren 11n ireki zituzten. Konfinamendua arindu zen egun horretan, eta hainbat komertziok lortu zuten irekitzeko baimena. Izan ere, 40.000 metro koadro baino gutxiago duten zentroei eman zien zabaltzeko aukera Frantziako Gobernuak, bi hilabetez itxita egon ondotik.
Angeluko (Lapurdi) BAB2 eta Baionako Ametzondo zentroak ireki zituzten, besteak beste, hedadura 40.000 metro koadroz azpikoa dutelako. Hala ere, Ametzondo guneko Ikea denda ez zuten berehala ireki ahal izan, eta atzo zabaldu zuten. Merkataritza gune gehienetan, higiene neurriak martxan jarri dituzte: bezeroen arteko kontaktuak murrizteko, ibilbide bat segitu behar da, eta sartu aurretik eskuak desinfektatu behar dira.