Mugek «hilobi» izateari uzteko eskatu dute ehunka lagunek Irunen

Igandean Gipuzkoa eta Lapurdi arteko muga gurutzatzeko ahaleginetan Bidasoan ito zen gizonaren heriotza salatzeko elkarretaratzea egin dute, Irungo Harrera Sareak deituta

Bidasoan itotako gizonaren omenez loreak eta kandelak jarri zituzten San Juan plazan eginiko elkarretaratzean. JON URBE / FOKU.
Iñaki Agirre Perez.
Irun
2021eko abuztuaren 10a
00:00
Entzun
Mugan beste inork bizia arriskatu behar ez dezala eskatzeko elkarretaratze jendetsua egin zuten atzo Irungo San Juan plazan, igandean Gipuzkoa eta Lapurdi artean Bidasoa ibaia gurutzatzen ito zen gizon migratzailearen heriotzaren harira. Irungo Harrera Sareak deituta, ehunka lagun elkartu ziren Europako migrazio politikak aldatzeko galdegiteko eta erakunde publikoei migratzaileentzako bide seguruak eta harrera duinak eskatzeko.

Azken hilabeteetan Bidasoaren inguruan zendu den hirugarren migratzailea izan da igandean hildako gizona, eta oraindik ez da hari buruzko informaziorik zabaldu. Maiatzean, Boli Kostako beste gizon bat zendu zen Iparraldera heltzeko saiakera bera egiten, eta hilabete bat lehenago, berriz, Eritreako gazte batek bere buruaz beste egin zuen bertan.

Irungo Harrera Sareak azpimarratu du heriotza horiek ezin direla kasu bakantzat jo: «Kontrol politika arrazistek bultzatzen dituzte pertsona migratzaileak arrisku mortalak onartzera», adierazi du ohar bidez. Irungo Harrera Sareko kideen ustetan, «Europako Batasunari eta Frantziari gutxi axola zaizkie migratzaile eta iheslariak», eta horregatik dei egin diete Euskal Herriko erakundeei pertsona horiek babesteko baliabideak martxan jarri eta «erreferente positibo bat» izateko.

Kotte Ezenarro Hendaiako (Lapurdi) auzapezak eta Jose Antonio Santano Irungo alkateak ere parte hartu zuten elkarretaratzean, eta gertatutakoa «onartezina» dela esan zuten biek. Ondotik, mugan inor ez hiltzeko neurriak eskatu zizkioten Europari eta estatu kideei. Harrera Sareko Jon Arangurenek, berriz, nabarmendu zuen euskal erakundeek ere ardura dutela, eta ohartarazi migratzaile batzuk Irungo harrera zentrotik kanpo geratzen direla, aterpean lekua izanda ere: «Ezarritako baldintzak betetzen ez dituztelako, kalean uzten dituzte, eta horrek ere laguntzen du haien desesperazioa handitzen».

Erakundeak eta alderdiak

Irungo Udalak xingola beltza ezarri du udaletxean, eta udal taldeek atsekabez hartu dute albistea. Hil den gaztearen senide eta lagunei babesa eta elkartasuna adierazi diete, eta baita udalak eskain dezaken laguntza eskaini ere.

Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiak ere hizpide izan du Bidasoan itotako azken pertsona migrantearen auzia. «Giza eskubideen, elkartasunaren eta giza duintasunaren errespetu zorrotzenetik heldu behar zaio migratzaileen errealitateari, horrelako gertakari latzik errepika ez dadin», esan du Twitterren txio baten bidez.

Sortuk ere bat egin du Irungo Harrera Sarearen aldarriarekin. Uste du ibai bat zeharkatzen hiltzen diren migranteenak ez direla ezbeharrak edo kasu bakartuak. Alderdiaren ustez, Europako Batasunaren migrazio politikak kale egiten du, eta horregatik gertatzen dira halakoak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.