Koronabirusa

Nafarroako Gobernuak baieztatu egin du ostatu barruak irekiko direla

Astelehenetik aurrera izango da; gehienez edukieraren %30 erabili ahalko dute. CO2 neurgailuak jartzen badituzte, guztiz bete ahal izango dituzte establezimenduak

CO2 neurgailu bat Iruñeko taberna batean, airearen kalitatea ona dela adierazten. JESUS DIGES / EFE.
Maria Ortega Zubiate
2021eko maiatzaren 15a
00:00
Entzun
Ostalariek aurreratu zuten, eta Nafarroako Gobernuak baieztatu egin du: astelehenetik aurrera tabernen barneko partea zabaltzea baimenduko dute. Hala ere, irekiera ez da neurririk gabea izango; izan ere, establezimenduen edukieraren %30 baino ezingo dute erabili, eta mahaien arteko distantzia mantendu beharko dute. Bada salbuespen bat, ordea; herrialdeko tabernariek aukera izango dute beren establezimenduko edukiera osoa erabilgarri izateko, airearen kalitatearen kontrolerako CO2 neurgailuak ezartzen badituzte. Erantzukizun dokumentu bat sinatu beharko dute horretarako, eta bezeroen jarraipena egin ahal izateko datuak jaso, lokalean positiborik atzematen badute Osasun Departamentuari helarazteko. Hautu bat edo bestea egiten dutela ere, 22:00etan izango dute tabernariek barruko aldeen itxiera ordua.

Nafarroako Gobernuak kaleratutako erabakia sektoreko «irekiera kontrolatuaren lehen fasea» dela azaldu du. Lehen fase horrek ezarriko ditu ostalaritzaren irekieran bi erritmo, foru agindu batean ezarritako irizpideen arabera. Establezimendu guztiei aplikatuko zaien arau orokorrak %30eko edukiera eta mahaien arteko bi metroko distantzia ezarri ditu. Mahaietan baino ezingo da kontsumitu, eta lau lagun egon ahalko dira gehienez mahai berean. Salbuespena izango dira bezeroen artean 70 zentimetroko tartea bermatu ahal dezaketen lokalak: kasu horietan, hain justu, gehienez seiko taldeetan jarri ahalko dira bezeroak.

Erantzukizun deklarazioa sinatzen dutenek, berriz, edukiera osoa erabiltzeko baimena dute, CO2 neurgailuak jarri eta bezeroen jarraipenerako datuak jasotzen badituzte. Neurgailu horietan 800 ppm-ko (partikula milioiko) muga ezarri du gobernuak, eta hori gaindituz gero airearen kalitatea eskasa dela ondorioztatuko dute. Neurri hori onartuz gero, edukierarena izango da aldaketa nagusia, segurtasun distantzia eta mahaian jar daitezkeen bezero kopurua mantenduko baita: kasu honetan, ordea, bi metroko distantzia aulkien artean izango da, mahaien artean izan beharrean. Ostatu horietan ere, jarrita bakarrik kontsumitu ahal izango dute bezeroek.

Terrazak, bestera

Nafarroako Gobernuak iragarri berri dituen neurriek tabernen barrualdeari eragingo diote soilik. Izan ere, terrazak goizaldeko ordu bata arte egon ahalko dira zabalik, abuztuan onartutako foru aginduaren irizpideei atxikita. Hala ere, gauerditik aurrera ezingo dute bezero berririk zerbitzatu. Ordutegi hori Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak gobernuaren murrizketa neurriak bertan behera utzi eta gero ezarri dute, eta, hain zuzen ere, gobernuak ez du eskumenik horiek moldatzeko; tokian tokiko udalek baino ezingo dute hori egin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.