LEGEAREN GAKOAK

2021eko martxoaren 18a
00:00
Entzun
Eutanasia eskatu eta gauzatu arteko prozesua 40 bat egunen buruan bideratzea, eragozpenik ez bada: hori da legearen helburua. Urrats hauei jarraitu behar zaie horretarako:
Eskaeraren prozesua
Eskaria. Pazienteak eskaera boluntario bat egin beharko du era formalean, mediku baten aurrean. Medikuak gehienez bi eguneko epea izango du pazienteari argi adierazteko zein diren bere pairamena arintzen lagun dezaketen zaintza aringarriak.
Berrestea. Gutxienez hamabost egunen bueltan, pazienteak eskaera berretsi beharko du. Medikuak berriro aztertuko du kasua, eta eskaria atzera botatzea ere gerta daiteke. Hala bada, pazienteak bost egun ditu erreklamazio bat ipintzeko. Lehen mediku horrek ziurtatu beharko du eskea era «librean, autonomoan eta kanpoko presiorik gabe» egin duela pazienteak.
Beste mediku bat. Pazienteak eskaera berretsi ostean, lehen medikuak bigarren mediku aholkulari batengana jo beharko du, baldintzak betetzen direla erakusteko. Mediku horrek gaixoak duen arazoan aditua izan beharko du.
Txosten bat. Bigarren medikuak, hamar egunen buruan, txosten bat aurkeztu behar du eskaria egin duen pazienteari buruz; baldintzak betetzen direla berretsi beharko du. Mediku horrek ateratako ondorioak, gainera, pazienteari jakinarazi behar zaizkio.
Batzordea. Eutanasia egin aurretik, mediku arduradunak hiru egun ditu bere autonomia erkidegoko Berme eta Ebaluazio Batzordeko presidenteari kasuaren berri emateko.
Kasuaren azterketa. Batzordeko presidenteak, gehienez bi egunen buruan, batzordeko mediku eta legelari bat izendatuko ditu, legean aurreikusten diren baldintzak betetzen diren aztertzeko. Gainera, aukera izango dute mediku arduradunarekin eta eskaera egin duenarekin hitz egiteko.
Ebazpena. Zazpi egunen buruan, medikuak eta legelariak txosten bat egin beharko dute. Handik bi egunera, ebazpena eman beharko diote batzordeari, eta presidenteak mediku arduradunari jakinarazi beharko dio. Erabakia ezezkoa bada, errekurtsoa jartzeko aukera egongo da administrazioarekiko auzien jurisdikzioan.
Eutanasia. Pazienteak medikuari adierazi beharko dio nola egin nahi duen. Hala nahi badu, eskaria atzeratzeko aukera ere badu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.