Maud Steuperaert. CIMADEko arduraduna

«Egoera irregularrean daudenak gakotzea ez da beharrezkoa»

Ekhi Erremundegi Beloki.
2021eko irailaren 23a
00:00
Entzun
2008an sortu zen Hendaiako atxikitze zentroa, eta ordutik ari da bertan lanean CIMADE elkartea. Zorrotz mintzo da paperik gabekoen egoeraz Maud Steuperaert, atxikitze zentroen CIMADE elkarteko eskualdeko arduraduna.

Sinbolikoki pisua duen erabakia da atxikitze zentrotik lekutzea.

Gertatu izan da lehenago ere, bai Hendaian eta baita beste leku batzuetan ere, momentu zailak izan ditugularik. Krisi egoera batean CIMADEk har dezakeen erabaki bat da, kontsideratzen duelarik segurtasun neurriak ez direla bermatuak; alde batetik gure taldearen presentzia, eta bestetik hetsiak diren pertsonen atxikitze baldintzak bermatzeko. Gure taldeak gerizpean emateaz gain, aipatutako atxikitze zentroak behin-behinean ixteko eskatzen dugu, ez dagoelako baldintzarik atxikitze zentroan diren pertsonen segurtasuna bermatzeko.

Zein da CIMADEk atxikitze zentroetan egunerokoan egiten duen lana?

Gakotuak diren pertsonekin elkartzen gara, eta haien egoera administratiboa ulertzen laguntzen ditugu; haien eskubideak baliatzen, administrazioak haien kontra hartutako erabakiak epaitegien aitzinean dudan ezartzeko.

Zuek lekutzeak ez ote du, beraz, gakotuak direnen egoera okertuko?

Lekutzearekin batera, atxikitze zentroaren itxiera eskatu dugu. Tokiko eta Frantziako Estatuko autoritateei helarazi diegu eskaera hori. Ez dugu erantzun formalik izan Frantziako Estatuko autoritateengandik. Barne Ministerioan ditugun solaskideei dei egin diegu, eta baita Aire eta Mugetako Poliziaren Zuzendaritza Zentralari ere. Oraingoz ez dugu erantzunik jaso. Atxikitze zentroaren egoerari buruz ditugun informazioak bertan dauden poliziengandik jaso ditugu; haiek helarazi dizkigute informazioak, eta bat datoz egoera ezinago gaizkitua dela. Gaur-gaurkoz, bost pertsona gelditzen dira atxikitze zentroan gakotuak; gainerakoak mugituak izan dira beste zentro batzuetara.

Berri ona da?

Zaila da garaipen bat dela erratea, eta zaila da hitz horiek erabiltzea halako testuinguru batean. Baina nahiago izanen genuen administrazioak gakotuak diren pertsonen egoerak aztertzea, eta gakotze erabakiak baliogabetzea. Gehienentzat, Frantziako lurraldetik kanporatzea ez da berehala gauzatu daitekeen zerbait.

Nola esplikatzen duzu azkenaldian gertatu den gaizkitze hori? Frantziako Estatuko giro politikoan gertatzen ari den eskuin muturrerako lerratzearen testuinguruan koka daiteke?

Maluruski, atxikitze zentroetan gakotuak diren atzerritarrak arrazoi administratiboengatik dira gakotuak. Hau da, ez daude hor arau hauste batengatik; hor daude ez dauzkatelako Frantziako legediak aurreikusten dituen paperak. Baina ohartu gara azken hamar urteetan, eta lehenago ere, egonaldirako baldintzen gogortze progresibo bat izan dela atzerritarrentzat, modu erregularrean. Gisa horretan, Frantziako araudiak berak eraiki ditu paperik gabeko pertsonak.

Biziki erregularrak dira CIMADEk Hendaiako atxikitze zentroan izandako arazoei buruz eginiko salaketak. Posible ote da zentro horietako baldintzak hobetzea?

CIMADE elkartea atxikitze zentro horiek itxi ditzaten borrokatzen da. Maluruski, hor daude, eta hor dauden artean haietan esku hartzea erabaki dugu, gakotuak diren pertsonak laguntzeko. Zaintza bat egiten dugu, egoera okertu ez dadin, eta biziki ezezagunak diren zentro horien errealitatea ezagutarazten ere entseatzen gara. Guretzat, egoera irregularrean dauden pertsonak gakotzea ez da beharrezkoa. Pertsona horiek ez dira arrisku bat gizartearentzat, ikuspegi penal batetik. Guretzat, gakotze horrek zigor eta errepresio ezaugarriak ditu. Helburu sekuritario eta elektoralistekin erabili duten gai bat da. Badakigu pertsona horiek kanporatu izan dituztenean haien gakotzearen lehen hamabost egunetan kanporatu izan dituztela; epe hori gaindituta, askoz ere zailagoa da kanporatzea. Gehienezko gakotze egunen kopurua murriztu beharko litzateke azkarki. Europako zuzenbidean, pertsona baten askatasuna murriztea azken aukera gisa erabili behar da; erabaki larria da. Baina, maluruski, atzerriko pertsonen kontrako jazarpen politika erabat hutsaldu da. Eta, gure ustez, Frantzian aplikatua den politika erabat neurrigabea da. Zer gertatuko den beldur gara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.