Imanol. Donostiako metroaren lanetako kamioilaria

«Nagusiak zioenez, kamioia legezko pisuan eramanda, ez zuen dirurik irabazten»

Imanolek zera salatu zuen: kamioian gainkargak eramatera behartu zuela Donostiako metroaren lanetan azpikontrataturiko enpresa batek; horregatik, mehatxuak jaso ditu.

IÑAKI AGIRRE.
Iñaki Agirre Perez.
2021eko maiatzaren 26a
00:00
Entzun

Imanolek (ez du abizena eman nahi, segurtasunagatik) dio «pelikula bat egiteko modukoa» dela metroaren lanetan bizi izan duena. ELA sindikatuak salatu izan duenez, lan publiko horretan azpikontrataturiko hainbat enpresak «legez kanpo» jardun dute, besteak beste, langileen segurtasuna ez bermatzeagatik. Imanol kamioi gidaria da, eta esan du «sufrimendu handia» jasan duela laneko egoera salatzea erabaki zuenetik. Kostuak murrizte aldera, bere nagusiak kamioiaren gainkarga bikoiztera behartu izan zuela salatu du, eta langilearen eta errepideko gainerako gidarien segurtasuna arriskuan jarri zuela hala. Egoerak gain hartuta, auzitara jotzea erabaki zuen. Geroztik, presioak eta mehatxuak jasan dituela kontatu du. Enpresako irregulartasunak eta jasandako mehatxuak direla medio, epaiketa du bihar Donostiako Zigor Auzitegian.

Zein zen zure lana obran?

Morlansko tuneleko materiala kanpora ateratzen zuten, pila batera, eta nik hortik zabortegira eramaten nuen, kamioiarekin.

Noiz hasi ziren irregulartasunak?

Hasieratik, beti pisuz pasatuta ibiltzen ginelako. Tuneletik ateratako materiala bustita zegoen, eta horrek pisua handitzen du. Eta, noski, gure nagusiak presio batzuk dauzka, obrak bezala. Eta zer egin daiteke lana merkeago atera dadin? Bidaia bakarrean bi bidaietako karga eraman. Hiru ardatzeko kamioi batean, legez, hamabi tona garraia ditzakezu, eta gu 24rekin ibiltzen ginen. Gaitasuna bikoizten genuen. Ertzaintzak bost aldiz gelditu eta eraman ninduen baskulara, neraman karga kontrolatzeko, eta bostetan gehiegizko pisua eman nuen. Nire enpresak beste hogei salaketa jaso zituen horregatik. 25 guztira.

Zerk eraman zintuen zu, langile gisa, egoera hori salatzera?

Ertzain berak laugarren aldiz gelditu ninduenean esan zidan: «Hara! Zu berriro ere? Kasurik egiten ez duzuenez, hurrengoan ausarkeriaz gidatzea leporatuko dizut». Eta, horrekin, argia piztu zitzaidan: nik gidabaimena galdu behar al dut nire nagusiak sudur puntan jartzen zaiona egiten duelako? Sei puntuak niri kenduko lizkidakete, ez berari.

Zuk ezin zenuen kamioiaren zamaren pisua erabaki?

Kamioia makinistak betetzen du, eta hari goraino betetzeko agintzen dio nagusiak. Eta zer egingo du berak? Baina errepidean gaudenean, ibilgailuaren arduraduna gidaria da, eta ertzainak hala esan zidan: «Inoiz istripu bat gertatu eta norbait hiltzen baldin bada, epailea zure aurka joango da». Eta nik hori ezin dut onartu.

Eta hori esan al zenion nagusiari?

Berak erantzun zidan prezio hauetan ez zuela dirurik irabazten kamioia legezko pisuan eramanda.

Bestelako irregulartasunik egon al zen zuen lanean?

Asko, ibilgailuen azterketa teknikotik (IAT) hasita. Hamar urtetik gorako ibilgailuek sei hilean behin pasatu behar dute azterketa, eta, askotan, atzera botatzen ziguten balaztengatik edo esekidurengatik. Ezezkoa jasotzen duzunetan, kamioiak soilik IAT-tik tailerrera joateko baimena du, baina guk lanera eraman behar izaten genuen, ezer gertatu ez balitz bezala.

Gertatu al da istripurik irregulartasun horien ondorioz?

Niri behin kamioiaren atzeko atea ireki eta karga errepidera erori zitzaidan, Morlansko biribilgunean. Garraiatzen genuen materialak ur asko zeramanez, horrek presio handia egiten zion ateari. Kasu horretan, ateak ez zion eutsi, eta dena behera etorri zen. Atzetik motor bat izanez gero, tapatu egingo nukeen.

2019ko udan salatu zenuen egoera. Zer gertatu da ordutik?

Nagusiak bazekienez salaketa nik jarri nuela, mehatxatu egin ninduen. Esan zidan salaketa kentzen ez banuen istripu bat izango nuela eta oso gaizki pasako nuela. Sindikatuarekin erabaki nuen hori Ertzaintzan salatzea. Handik hamar egunera, beste dei bat jaso nuen, sikario batena-edo. Esan zidan hilabete amaierara arte nuela salaketa kendu eta enpresatik alde egiteko, eta bestela ondorioak jasango nituela.

Zuk, ordea, enpresan jarraitzea erabaki zenuen.

Bai. Eta sufritzen aritu naiz, egindakoagatik zigortu nautelako. Baina oraingoz lau epaiketa izan ditut, eta epaileak guztietan eman dit arrazoia. Gero, iazko otsailean, baja hartu nuen jasaten ari nintzen presio psikologikoagatik, eta urtebete egon naiz hala, duela hiru hilabete lanera bueltatu arte. Orain, bi epaiketa dauzkat: kontratuaren iraungipena jasotzekoa eta mehatxuena.

Halako irregulartasunak metroaren lanetan ohikoak ziren?

Bai. Obra hori %26ko beherapenarekin esleitu zen, hau da, hasi zenerako, goiko enpresek jada diru bat irabazteari utzi zioten. Gero, geratzen den diruari deskontatu behar zaizkio azpikontrataturiko enpresa bakoitzak atera nahi duen etekina eta ezustekoak. Hortaz, gero eta diru gutxiago dago proiektua aurrera ateratzeko. Eta nor da kate horretako azken gizajoa? Gu, langileak. Obra hori guztion diruarekin egiten ari dira, eta gutxieneko arau batzuk bete behar lituzke. Baina hemen nahi dutena egiten dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.