Txile. Protesten gakoak

Leherketa baten kronika

Txilen azken asteetan bizi izan dituzten protestak ez dira ezerezetik piztu; diktadurak utzitako ondareak oraindik zerikusi handia dauka gaur egungo politika ereduarekin.

Manifestari bat eskuan armadari botatzeko harriak dituela, iragan astelehenean, Santiagon. ORLANDO BARRIA / EFE.
Cecilia Valdez
2019ko azaroaren 16a
00:00
Entzun
Txileko eredu ekonomikoa inguruko arrakastatsuena dela esan ohi da, baina azken asteetan presidenteak tankeak atera behar izan ditu kalera bere jarraitutasuna bermatzeko. Hori izan zen Sebastian Piñeraren gobernuaren erantzuna milaka ikasle eta oinezkok metroko kontrolak saihestu ostean piztutako protestei. Kontrolak saihestuz erantzun zioten garraio horretarako txartelen prezio igoerari, eta balio izan zuen urriaren 18az geroztik herrialde osoan zabaldu diren protesta ekintzak sustatzeko. Mobilizazioak, batzarrak eta mota guztietako kale manifestazioak eguneroko bilakatu ziren, esnatu berri zen Txile batean. Gobernuaren erantzuna, oraingoz, errepresio lazgarrienetik herriaren gustukoak izan ez diren neurri sorta arinago batera mugatu da.

«Ez dira 30 peso. 30 urte dira», izan zen zabaldu zen beste aldarrietako bat. Protestak metroko txartelaren prezio igoeragatik hasi ziren arren —igoera horiek ohikoak dira—, oraingoan protesta oldea eragin zuten.

Urriaren 18ko gauerdian, Piñerak, salbuespen egoera ezarri, eta militarrak atera zituen kalera. Hurrengo egunean metroko txartelen gaineko igoera bertan behera geratzen zela iragarri zuen, eta horrekin batera etxeratze agindua ezarri. Ordurako protestak herrialde osora zabalduak ziren, eta herritarrak kalean geratu ziren etxeratze aginduari aurre eginez. Hori izan zen manifestazioen izaera urriaren 25eko ostirala arte. Egun hartan Santiagorako martxa erraldoia egin zuten bi milioi pertsona inguruk.

Eskari nagusiak

Augusto Pinocheten diktaduraren osteko gobernuek (1973-1990) ez zuten oinordetzan hartutako eredu neoliberala hobetu besterik egin. Era honetan, pribatizatu egin zuten pribatizatu zitekeen guztia: hezkuntza, osasuna, ura, arrantza, basoak eta izokin haztegiak. Enpresen irabazi erraldoiak disimulatu egin zituzten txiroenei nahi zutena kontsumitzea eta erdiko klasearen estatusa erostea ahalbidetu zien kredituen atzean. Horrela, familia batek diru sarreren ia %75 adinako zorra dauka, eta urtebeteko diru sarrera guztiak halako zortziko zorra.

Egungo manifestarien eskari nagusien artean daude Piñeraren dimisioa eta Batzar Konstituziogileetatik irtengo den konstituzio berri bat. Baina ez hori bakarrik, hezkuntza publiko eta doakoaz ere hitz egiten da, osasunaz, soldata baxuez, ingurumenaren aurkako erasoez edo ur edangarriaz. Gai guztiak lotura dute bizi baldintza prekarioekin.

Piñerak bere gobernuko hainbat kide behartu zituen dimisioa ematera eta gizarte agenda bat ere sortu zuen, baina hori ez da nahikoa izan protestak isiltzeko. Ministro berri gehienak beste kargu batzuetan edo aurreko administrazioetan aritutakoak dira, eta «agenda soziala» deritzanak hau bakarrik jasotzen du: ondasun batzuen salneurria izozteko proposamena eta diru sarrera batzuk igotzea sektore pribatuari emandako diru laguntzak baliatuz. Askok diote enpresari batek hartutako neurriak direla eta ez estatuburu batenak, eta presidenteak krisi honetan aurkitu duela negozioa egiteko eta enpresarien egoera hobetzeko aukera.

Errepresioa

Urriaren 18an hasi zituzten protesta jendetsuez geroztik, 23 hildako izan dira, Txileko Fiskaltzak emandako datuen arabera. Giza Eskubideen Institutu Nazionalak jakinarazi zuen 2.300 salaketa jaso zituela izandako urraketekin harira eta hamalau sexu indarkeriagatik. Giza Eskubideen Amerikarteko Batzordeak, berriz, herrialdean sartzeko baimenaren zain jarraitzen du.

Instituzioetatik eratorritako indarkeriaren ondorioz, manifestariek euren buruak babesteko moduak asmatu behar izan dituzte; besteak beste, betaurreko bereziak, etxean egindako ezkutuak, gorputz osoa estaltzen duten arropa bereziak eta negar gasetik babesten duten kaskoak.

Protestetako lehen egunetan lapurtu ere egin zuten merkataritza gune handietan. Lokal horietako askori su eman zieten, eta gutxienez zortzi pertsona hil ziren sute horietan. Hasieran, eta modu ez-ofizialean, poliziek eta militarrek eragindako suteak zirela esan bazen ere, egunak joan ahala jakin zen suteetan hilda agertutako bi tiroz hil zituztela.

Antolaketa

Txilen bost milioi inguru dira soldatapeko lanbideren bat dutenak, eta horietatik %17 inguruk estatuarentzat egiten dute lan, zeinak konstituzioaren aginduz debekatua duten sindikatuetan sartzea, negoziazio kolektiboetan nahastea eta greba egitea. Gainontzeko %83 ekonomiaren sektore pribatuan daude, eta horietatik %15 inguru herrialde osoko 10.500 sindikatuetako batean sartuta daude. Langileen Gune Batuak, herrialdeko sindikatu handienak, sindikaturen batean dauden langileen %25 inguru biltzen ditu. Ez dago sindikaturik adar ekonomikoan, eta adarraren arabera antolatzen den sektore bakarra portuetako langileena da.

Egungo borrokarako oinarri gisa erabil daitekeen ereduetako bat da NO+AFP erakundearena. Txileko Pentsioen Funtseko Administratzaileak (AFP) dira erretiratu berri denarentzat irtenbide bakarra. «AFPak Txilen ezarri zituzten gobernu militarra indarrean zela, 1981ean, eta pentsatzen zen soldataren %80, 90 edo ehuneko ehunera artekoak izango zirela, baina halakorik ez zen inoiz gertatu», azaldu du Carolina Espinoza Tapiak, buruzagi sindikalak eta NO+AFP mugimenduko eledunak. «Txileko pentsioak dira gutxieneko soldataren heren bat. Negozio izugarria da AFPren jabeentzat eta pobreziara bultzatzen dituen egoera bat pentsiodunentzat».

Txile aro berri baten atarian dago plebiszitua egiteko itunarekin

Karina Nohales: «Langile klaseak bere burua eraikitzeko aukera dira Lurralde Batzarrak »
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.