Umeen sormenari deia

Zabalik dago Elkar fundazioaren ilustrazio eta ipuin sariketarako epea. Adinaren eta sormenaren araberako hiru kategoria izango dira

Ezkerretik eskumara, Alai Zubimendi eta Elkarreko arduradun Borja Goitia, sariketa aurkezten. MAIALEN ANDRES / FOKU.
Alex Uriarte Atxikallende.
2022ko otsailaren 8a
00:00
Entzun
Elkar fundazioak aurtengo ilustrazio eta ipuin lehiaketarako deialdia abiatu du. Sariketa horrek, antolatzaileek azaldu gisa, «umeen eta gazteen artean irakurzaletasuna bultzatzea» du jomuga; horrez gain, «sormen gaitasuna hauspotzea» eredu xede.

Hamalaugarren aldia izango da, eta, bultzatzaileek adierazitakoaren arabera, aurrekoetara aurkeztutako lanak «maila handikoak eta haien artean oso desberdinak» izan dira. Horri eusteko asmoz, 2022ko lehiaketa hiru kategoriatan ardaztuta egongo da: ipuinen ilustrazioa, ilustrazioa ipuin bihurtzea, eta komikia edo bineta sortzea.

Antolatzaileek bi lan aukeratu dituzte, eta parte hartzaileek bi obra horietan oinarritu beharko dute beren lana. Gazteenek, Edu Zelaietak eta Txabi Arnalek idatziriko Hiru lehoiipuina irakurri beharko dute. Irakurketa horretan oinarrituta, kontakizuna irudikatzen duten ilustrazioak sortzea izango da haien egitekoa. Parte hartzaile koxkorragoen oinarriari dagokionez, Elkar fundazioak Alai Zubimendik sortutako ilustrazio bat aukeratu du aurten; irudi horretatik abiatuz, ipuin bat sortu beharko dute.

Lehiaketako hirugarren atalak, ostera, komiki edo bineta bat sortzea izango du helburu. Aurtengo ilustrazio ataleko langaia euskal pertsonaia baten biografia edo bere bizitzako pasarte jakin bat irudikatzea izango da. Gai horretatik abiatuta, lehiakideek beren sormen abilezia «askatasunez eta nahieran» baliatu ahalko dute, antolatzaileen esanetan.

Sariketako hiru kategoriak parte hartzaileen adinaren arabera banatuta egoteaz gain, ataletako bakoitzean ere zenbait azpitalde egongo dira. Ipuinaren ilustrazio atalean, A, B eta C taldeak bereizi dituzte: lehenengoan, HH 4. eta 5. mailetako ikasleek edo maila horietakoak baino gazteagoak direnek parte hartu ahal izango dute; bigarrenean, LH 1. eta 2. mailetakoek; C taldea, berriz, LH 3. eta 4. mailetako ikasleei gordeta egongo da. Talde horiei guztiei egokituko zaie, hain zuzen, Hiru lehoi ipuinari irudiak sortzea.

Zubimendiren irudia hitzetara eroan beharko duen taldeak ere sail bi izango ditu, ikasturtearen arabera: LH 5. eta 6. mailakoek osatutako D maila, eta, horrekin batera, DBH 1. eta 2. ikasturteetakoek osatutako E maila. Denek oinarri berberak izango dituzte: batetik, lanak ordenagailuz idatzita egotea; bestetik, gehienez orrialde batekoak izatea.

Komikia edo bineta sortu beharko du azken parte hartzaile taldeak. Sail horretan maila bakarra egongo da: DBH 3. eta 4. ikasturteetako kideei gordetako F maila. Hauek dira atal horretako baldintzak: irudikatuko duten pertsonaia euskalduna izatea, binetak edo komikiak orrialde bakarrekoak izatea, eta orrialde hori, ostera, A4 tamainakoa.

Lanak aurkezteko epea apirilaren 13ra artekoa da. Irabazleek hainbat sari jasoko dituzte: lehen multzokoek jolas hezitzaileen sorta bat eta Elkarreko opari txartelak; bigarren eta hirugarren taldekoek, berriz, produktu berberak eta tableta bat. Ikastetxeentzat bi sari ere zozkatuko dituzte, eta baita Irrien Lagunen klubaren saria ere: lehenengoak ikasgela osoa sarituko du; bigarren saria, berriz, Irrien Lagunen ikuskizun bat izango da, ikastetxe irabazlean egingo dutena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.