Jolasak konkistatutako eremua

'Joemak eta polasak' liburua eman dute Iñigo Astiz poetak eta Maite Mutuberria irudigileak

Maite Mutuberriak eta Iñigo Astizek atzo aurkeztu zuten beren lan berria, Donostian. MAIALEN ANDRES / FOKU.
Amagoia Gurrutxaga Uranga.
Donostia
2019ko azaroaren 28a
00:00
Entzun
«Ume listoentzako edo heldu tontoentzako poema liburua». Horixe Joemak eta polasak, Elkar argitaletxeko Antxiñe Mendizabalen hitzetan. Zenbakirik ez, baina aurkibidea baduen liburua da; poema bisualekin; poema soinudunekin; poema kontzeptualekin; desagertzen den azken poema batekin; tintarik gabe geratzen diren orriekin; tinta gehiegirekin daudenekin... «Nola utzi digute hau egiten, hain libre ibiltzen, jolas hain sakonki tontoak egiten?», galdetu zion atzo Iñigo Astizek (Iruñea, 1985), liburuko poemen idazleak, editoreari, liburuaren aurkezpenean. Ondoan zeukan Maite Mutuberria (Eltzaburu, Nafarroa, 1985) ilustratzailea.

Jolasa da poema liburuaren motorra, halaxe nabarmendu zuten biek ala biek, eta aurkezpena bera jolas bihurtu zuen Astizek. «Liburu hau osatzen duten poemak eta irudiak sortu dira jolasetik, eta, era berean, beren helmuga da jolasa. Horregatik jolasak daude tituluan, jolasak poemetan, jolasak irudietan, jolasak aurkibidean, jolasak biografietan, eta jolasak kontrazalean. Esan daiteke jolasak konkistatutako lurralde bat dela liburua», esan zuen.

Bokal guztiak erabiliz hasi zuen poemario ilustratuaren azalpena poetak —kazetari aritzen da BERRIAn-, baina bokalak galtzen hasi zen berehala. «Liburu heu heur ete geztetxoentzeko bildume beteen ergiteretu dugu, beine ez dut uste bekerrik heur eta geztetxoentzeko denik. Kesu honeten, irekurleen urteek beino gerrentzi hendiegoe dute irekurleen jolesteko gogoek». A-a galdu zuen, lehenik, eta, bokal eranzketan segituz, e-a ere ezkutatu zuen hurrengo azalpen sortan: «Poimo liburu hou idotzi dugu usmo orgi botokin. Guk nohi duguno do, irokurlook liburu hou bukotzon duonion, sontitzoo goguo jorroitzoko jolostun hitzokin oto morrozkiokin». I-a erori zitzaion hitzetatik segidan, Elkar argitaletxeari aukera eman izana eskertzerakoan: «Orobotoko oskotosonoz ogun dugu lon Moutu Mutuburruk utu nuk, utu hurrugutuk uskurruk umun buhur duzkuugu Ulkur urgutulutxuuru, ulortu dutuloko guru proposumunu utu bubustu dutuluku». Azken esaldi jolastia, u hutsez betea: «Busturuk gubu, mulu uskur uturtzuugutuk. Kuttu».

Idazten, aspalditik

Liburuko hainbat poema irakurri zituen Astizek atzoko prentsaurrekoan. Bokal guztiak erabiliz. Liburua aspaldi ontzen hasitako alez osatua dagoela esateko beta ere hartu zuen: «Ez dakit zenbat urte daramadan hauek idazten, baina lagun batek umea eduki zuenean asko intentsifikatu zen poema kopurua». Lagun hori garai zailak ari zelako bizitzen. Hari irribarre bat ateratzeko asmoz hasi omen zitzaion poemok bidaltzen, Whatsappez. Bueltan irribarrea bidaltzen zion lagunak, eta, horrek hauspotuta, idazten segitu zuen Astizek.

Aurretik, Baita hondakinak ere poema liburua argitaratu zuenerako —2012an—, emanak zituen haurrentzako poema batzuk Behinola aldizkarian. Haietako baten bertsioa ere jaso du orain Joemak eta polasak-en. «Ez dakit benetan haurrentzako idaztea ote nuen buruan poema hauekin hasi nintzenean. Jolaserako tresnak hartu, eta poemak ahalik eta zabalen uzten saiatu naiz beti». Haur-heldu dikotomiatik aldentzeko modua bilatu du, azkenean. «Aurten bertan argitaratu dudan Analfabetoa poesia liburuan sartu ala ez sartu, zalantza egin nuen hemen agertu den poema batekin». Ez sartzea erabaki zuen. Lotsa eman zion. Damu zaio. «Orain, poemak eta joemak bereizten ditut». Orain joemak eman ditu.

Joemez gain, baina, polasak ere badaude liburuan. Eta Astizen hitzek ezinbesteko osagarri dituzte bertan Mutuberriaren ilustrazioak. 6 urte dituztenetik ezagutzen dute elkar poetak eta marrazkilariak, ordutik egiten dute bat, besteak beste, marrazketarako eta idazketarako zaletasunean. Poemek jolaserako bidea ireki diotela nabarmendu zuen atzo Mutuberriak: «Marraztea dut lana, eta aldiro etortzen zait norbait esanez ez dakiela marrazten edo gaizki marrazten duela. Zer da ongi marraztea, baina? Liburu honek ateak ireki zizkidan, ongi marraztu beharrean, pozik marrazteko. Sentsazio horrekin aritu nintzen, marraztu eta marraztu, asko pentsatu gabe». Konpultsiboki. Hala aurkitu zuen irudiekin kontatu nahi zuenaren tonua. Akuarelak lagun. Ohikoa duen digitalizaziorainoko lan prozesuaren kontra. «Normalean, testua jaso eta asko pentsatzen dut, nola kontatu erabakitzeko. Planifikatu egiten dut. Orain, justu kontrakoa izan da. Akuarelak hartu eta modu oso soltean marraztu dut. Printzipioz ontzat emango ez nituzkeen ilustrazioak ontzat emanez».

Konpultsiboki sortutako irudi horien artean aukeratu ditu poemak laguntzeko aleak. Horrez gain, bi orrialde hartzen dituzten hainbat ilustrazio handi ere egin ditu. «Horietan bai, horietan planifikazioa egin nuen, baina eskuz betiere. Irudi handiak berez ez daude lotuta poema batekin. Liburuko poema ezberdinak biltzen dituzte». Eta lagunaren poesiak sortu dizkion sentimenduak ere bai.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.