Hemeretzi film lehiatuko dira 46. Euskal Zine Bilerako sail ofizialean

Hilaren 19tik 22ra egingo da euskara hutsezko zinema jaialdia, Lekeition. Emanaldiez gain, solasaldiak eta tailerrak ere antolatu dituzte

Alex Telloren Ni, Miren filmarekin hasiko da Euskal Zine Bilera. EUSKAL ZINE BILERA.
mikel lizarralde
2023ko urriaren 7a
00:00
Entzun
Euskara hutsez egiten den zinema jaialdirik zaharrena da Euskal Zine Bilera, urtero udazkenean Lekeition (Bizkaia) egiten den topaketa, eta aurten 46. aldira iritsiko da, hilaren 19tik 22ra bitartean.

Euskal Zine Bilerako sail ofizialean hemeretzi film lehiatuko dira aurten, guztiak laburrak: Ni, Miren (Alex Tello), Habana Glass (Aitor Mendilibar eta Jon Aramendi), KosmosPolita (Unax Alcubilla), Betizu Buru (Kim Maiteni), Kosmikoa (Ane Rotaetxe), Hitza eman nion (Ekaitz Bertiz), Ahots hariak (Inge Arin), Laiotz (Negu kolektiboa), Armintzako otzara barriek (Juanlu Garikano eta Jesus Serrano), Mundu berri bat (Mikel Alarez), Agur Artzai (Julen Zubiete) Katalinaren zoria (Guillermo Ordas), Malkoak (Sonia Estevez), Noizko basoa (Mikele Landa ), Pelikula baten bila (Lara Izagirre), Positive Bomb (Manex Fuchs, Eñaut Castagnet eta Lander Garro), Emakumeak blai (Ane Zulaika), Sorbeltza (Iban del Campo) Bide bazterrean hi eta ni kantari (Peru Galbete).Lehiaz kanpo, berriz, Ane Berriotxoak zuzendutako Nire amaren etxea filma emango dute. Pelikula guztiak Ikusgarri aretoan emango dituzte.

Nerea Alberdi konpositoreak, Ramon Agirre aktoreak eta Alaitz Arenzana Bilbokoko Zinegoak jaialdiko zuzendariak osatuko dute sail ofizialeko epaimahaia. Sariak, berriz, hauek izango dira: filmik onenaren saria (3.000 euro), zuzendaritzarik onenaren saria (1.600 euro), gidoirik onenaren saria (1.600 euro), EITB Ikuslearen saria (750 euro) eta Gazte 22 saria (750 euro)

Bestalde, Euskal Zine Bilerak Kameratoia euskarazko ikus-entzunezkoen rallya ere antolatu du aurten, Euskaltzaleen Topagunearekin elkarlanean. Horren barruan, 18 eta 26 urte arteko zinemagileek 36 ordu izango dituzte film bat sortu eta aurkezteko. Estibaliz Urresola zinemagileak eta Aitzol Saratxaga zuzendariak osatuko dute epaimahaia, eta, hain zuzen ere, Urresolak jarriko die zinemagile gazteei beren lanetan landu beharreko gaia. Sariei dagokienez, film labur hoberenak 800 euro irabaziko ditu, eta bigarrenak, 350 euro.

Euskal Zine Bilerako Zoom atalean, berriz, Klixka programa jarri dute abian, Lekeitioko biztanleentzako programa pedagogiko bat. Horren helburu nagusia ikus-entzunezko praktika eta esperientzia zabaltzea eta elikatzea da, eta aurten Zaloa Ipiña, Iñaki Rifaterra eta Peru Galbete izango ditu gonbidatu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.