Txileko 1973ko estatu kolpea, Miarritzeko pantailetan

Argentina eta Kuba ere aipatuko dira Latinoamerikako Kulturen Miarritzeko 32. jaialdian

Dolores Fonzi zinegile argentinarraren Blondi filmaren fotograma bat. BERRIA.
Leire Casamajou Elkegarai.
Baiona
2023ko irailaren 23a
00:00
Entzun
Gaur hasi eta irailaren 29ra bitarteiraunen du aurtengo Latinoamerikako Kulturen eta Zinemaren Miarritzeko Jaialdiak. 32. aldia du aurtengoa, eta Miarritzeko hiru gune hartuko ditu nagusiki: biltzar jauregia, Le Royal zinema, eta kasinoa. Egunero, 09:00etatik 02:00ak arte iraunen du egitarauak, kasinoaren kasuan batez ere, horixe baitu festibalak egoitza nagusi.

Urteroko gisan, zinema festibal bat izanen da batez ere; antolatzaileek zentzu horretan definitzen dute, gainera: «Erreferentziazko festibal bat da Latinoamerikan egiten den zinemarentzat». Baina eskaintza askoz zabalagoa izanen da, eta bestelakorik ere antolatuko da: literatura topaketak, tailerrak, erakusketak, dantza ikuskizunak eta kontzertuak ere proposatuko dituzte. Eskaintza oro Latinoamerikari lotua izanen da manera batez edo bestez, eta hango parte hartzaile anitz helduko dira Miarritzera, filmen aurkeztera edo hitzaldiren bat ematera.

Zinema atalari dagokionez, film luzeak, film laburrak eta dokumentalak aurkeztuko dituzte, eta lehiaketa bat eskaintzen da kategoria bakoitzean. Lehiaketan diren filmez gain, festibalak gai ezberdinei buruzko beste ekoizpen anitz aurkezten ditu urtero. Mintzaldi, topaketa edo solasaldi gehienetan, filmetan azaleratzen diren gai horien gainean sakontzeko aukera ematen da.

Gai anitz tratatzen dira zazpi eguneko festibal baten denboran; urtero, halere, gai jakin baten gainean fokua jartzeko hautua egiten dute. Aurten, Txileko estatu kolpearen 50. urteurrena dela eta, gertakari horretan zentratzea erabaki dute: 1973ko irailaren 11n, Salvador Allende orduko Txileko presidente sozialistahil zen Augusto Pinochetek zuzendu eta Amerikako Estatu Batuek sostengatutako estatu kolpean. Allendek bere buruaz beste egin zuen Monedan,Txileko presidentearen egoitzan berean, bonbak erortzen ari zirela. Ondoren heldu zen diktadura militarra Txilera, eta 1990era arte iraun zuen.

Festibalaren 32. aldiaren kari, estatu kolpeaz gero iragan 50 urteen birbisitatzeko aukera eman nahi diete festibalera helduko direnei. Alde horretatik, egitarau berezia du jaialdiak. Aipagarria da, adibidez, Isabel Allende Txileko idazle famatuak emanen duen bideokonferentzia, egun berean, 17:30ean, Miarritzeko kasinoko auditoriumean. Txileko egoerari eta memoriari buruz liburu anitz idatziak ditu eta literatura topaketenbarruan emanen du hitzaldia; aita Salvador Allende zuen, estatu kolpearen garaian presidente zena.

Bestalde, Pablo Larrain zinemagilea gonbidatu dute, Txileri buruzko film anitz eginak dituena, baita Costa-Gravas ere, gai berez aritu dena, bere bi filmetan. Bukatzeko, Patricio Guzman film egilea izango da Miarritzen; festibalak bere filmetarik lau aukeratu ditu, hain justu ere, Txileko gaia aipatzen dutenak, baina, zehazkiago, nola Salvador Allenderen hala Augusto Pinocheten potretak egiten dituzten bi. Topaketa publikoak ere eginen dira, beti foku berean, eta bi erakusketa proposaturik izanen dira.

Txilez harago,Kubako zinemari ere erreparatuko zaio. Manera berezia aukeratu dute horretarako: Jorge Perrugorria aktore kubatarrari galdegin diote film hautaketa bat egitea, komediaren sailean. «Latinoamerikako filmak gordin, ilun eta bortitzegiak diren usteadesegiteko, Perugorriari askatasun osoa utzi diogu Kubako komediaren gaian», azaldu dute antolatzaileek. Abiapuntu horretatik, zazpi filmez osatutako egitaraua osatu dute, 1966 eta 2018 bitartekoak denak. Kubako komedia festibaleko bigarren fokua izanen da, hortaz, Txileko estatu kolpearen 50. urteurrenarekin batera.

Argentina ere jaialdian

Aitzinera emanen duten hirugarren herrialdea Argentina da. Bai festibalari hasiera emateko, bai eta honen bukaera markatzeko, bi film argentinar proiektatuko dituzte, emazte banak ekoitziak biak. Lehena, Blondi, Dolores Fonzirena da, eta festibala harekin hasiko da. El rapto da bigarrena, Daniela Goggirena, eta festibala hetsiko du. Horiez gain, Latinoamerika osoan sortu diren obrak aurkeztuko dira, aste osoan. Fikziozko hamar filmen hautaketa bat ere egina izan da.

Txartelak lekuan bertan eros daitezke, gelditzen diren lekuen arabera. Bestenaz, aldez aurretikerreserbatzen ahal dira festibalaren webgunean.

Festibalaren lehen eta azken filmak hamabi euroan dira salgai, eta besteak, ordea, bost edo zazpi euroan, filmaren arabera; Isabel Allenderen bideokonferentziara, berriz, bost euroan sartu ahal izango da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.