Urteko azken zenbakia urtearen errepasoa egiteko gorde ohi du Jakin aldizkariak, eta, hala, 2022ak utzitakoaren gaineko analisiak datoz 253. zenbaki kaleratu berrian. «Eztanda» eta «itzulera» giroan dator aurtengoa, pandemiaren ostean ugaritu egin baitira ekitaldiak eta egitasmoak; denera, hemeretzi analisi bildu dituzte: 11 hitzezkoak eta zortzi irudiz emanak. Hala idatzi du sarreran Lorea Agirre Jakin-eko zuzendariak: «Kulturaren emariak aurrera jarraitzen du, bai, sormen berri eta berrituekin, garaiari eta lekuari errotuta, sortzen eta sortzen gure bizi aukerak. Baina lurra bera da, agian, aldatzen ez dena, esan nahi baita, baldintzak, materialak eta sinbolikoak; alegia, baliabideak eta aitortza, hau da, sistema eta ahotsa. Estutasun ekonomikoen eraginak eta kulturgintza eredu beregain baten beharrak hor diraute. Eta, hala ere, nagusiki jauziak emanez dator kultura, geure buruak eta mundua ulertzen eta hobetzen laguntzen digun zerako zera honi».
Bi artikulu nagusik irekitzen dute zenbakia: Aritz Ibañezena da bata, eta Amaia Alvarez Uriarena bestea. Euskal dantzak euskalgintzari eta kulturgintzari egiten dion ekarpena hartu du gogoetagai Ibañezek aurrena, «gizarte artikulaziorako duen gaitasuna» agerian jarrita eta «herrigintzarako tresna gisa» balioetsita. Eta Euskal Bolloen intersekzioetan barrena artikuluan, euskaldun eta lesbiana kategoriak gurutzatzen diren puntuaren bueltan ondu du bere gogoeta ondotik Alvarezek, Hego Euskal Herriko mugimenduetan egindako elkarrizketak eta Itxaro Bordaren Amaia Ezpeldoi pertsonaiaren gogoetak uztartuz.
Kulturaren hainbat alorretako balantzea egin dute gero bederatzi egilek: Itziar Ugarte Irizar euskarazko kulturak nahi lukeen jauziaren eta gertatzen den jausiaren arteko hesiaz aritu da; Maialen Akizu Bidegainek bertsolaritzan sumatzen diren joeretara zabaldu du begirada, Bertsolari Txapelketa Nagusitik abiatuta; Andoni Imaz Pozuetak euskal zinemagintzak aurten emandakoa xehatu du; eta arte eszenikoez, musikaz, literaturaz, arte plastikoez eta adimen artifizialaren eremuaz idatzi dute, hurrenez hurren, Ane Zabalak, Amets Aranguren Arrietak, Irati Elorrieta Agirrek, Mikel Onandia Garatek eta Libe Mimenzak.
Irudigileen artean, Txakur Gorriak, Patxi Gallegok, Dani Fanok, Axpik, Nerea Unanuak, Joseviskyk, Adurrek eta Maddi Zumalabek egin dituzte analisiak.
2021eko liburugintzarenak
Joan Mari Torrealdaik 1976an abiatutako lanari segida eman, eta 2021eko liburu ekoizpena aztertu du, azkenik, Xabier Eizagirrek. Sarean osorik irakur daitekeen azterketaren laburpena ekarri du aldizkarira, eta nabarmendu du, besteak beste, testuliburuei dagozkien erabakiguneak estatuko argitaletxeen esku daudela oraindik; eta, pandemia osteko liburuen ugaritzearen ondoren, aurreko urteetako kopuruak ikusten direla berriz.
«Eztanda» eta «itzulera» giroko kultur errepasoa 'Jakin'-en zenbaki berrian
Euskal kulturak 2022an utzi duenaren inguruko hausnarketak bildu dituzte aldizkariaren 253. zenbakian: hitzezko 11 eta irudizko zortzi
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu