Hirugarren urtez, Zinema eta zientzia zikloa antolatu dute Euskadiko Filmategiak eta DIPC Donostia International Physics Center erakundeak; aurten, lehen aldiz, Donostiako Zinemaldiarekin elkarlanean. Kultura zinematografikoa eta zientifikoa uztartzea eta biak elkarrekin dibulgatzea du xede zikloak. Horretarako, zientziarekin harremana duten 11 film erakutsiko dituzte aurten. Izen handiko zientzialariek aurkeztuko dituzte emanaldiak, Donostiako Tabakaleran eta Bilboko Arte Ederren Museoan egingo dituztenak. Bihar izango da lehena: Agora (Alejandro Amenabar, 2009) erakutsiko dute Tabakaleran —hurrengo egunean emango dute Bilboko museoan—, eta Pedro Miguel Etxenike DIPCko presidenteak egingo ditu aurkezpen lanak.
Erlijioaren eta zientziaren arteko eztabaida du ardatz proiektatuko duten lehen filmak, baina zientziaren askotariko arloak izango dituzte aztergai martxora bitarte emango dituzten gainerako lanek ere. Gattaca (Andrew Niccol, 1997) filmak, esaterako, manipulazio genetikoaz gogoeta egiteko aukera emango du. Emakume astronauta bat du protagonista, berriz, Proxima-k (Alice Winocour, 2019), iazko Donostiako Zinemaldian Sail Ofizialean estreinatu zutenak. Adimen artifiziala da Her (Spike Jonze, 2013) lanaren gai nagusia, eta robotikaren munduan dago girotua Autómata (Gabe Ibañez, 2014).
Despertares (Penny Marshall, 1990) filmak neurologia hartuko du hizpide, eta Ad Astra (James Gray, 2019) lanak, berriz, barne-bidaiak eta espazio-abenturak uztartuko ditu. Zientzia-fikzioari dagokionez, bi film bildu dituzte aurtengo egitarauan: X: The Man with the X-Ray Eyes (Roger Corman, 1963) eta Frau im Mond (Fritz Lang, 1929).
Halaber, programazioan bada itxuraz zientziarekin harreman agerikorik ez duen film bat: Gilda (Charles Vidor, 1946). Baina zikloan sartzeko arrazoia azaldu dute antolatzaileek: traman bada wolframari lotutako hari bat ere. Horiez guztiez gain, The Tree of Life (Terrence Malick, 2011) filma ere erakutsiko dute.
Berritasunik ere badu hirugarren edizioak; izan ere, proiekzioez gain, bost hitzaldi izango dira aurten, beste horrenbeste zientzialariren eskutik. Halaber, Frau im Mond filmaren emanaldian zuzeneko musika jarriko du Javier Perez de Azpeitia piano jotzaileak.
Bestetik, Gilda, Bilbora eta Donostiara ez ezik, Donibane Lohizuneko (Lapurdi) Le Select zinema aretora ere eramango du zikloak —hilaren 21ean izango da emanaldia—. Ikastetxeei zuzendutako proiekzioak ere egingo dituzte zikloan: The Day After Tomorrow (Roland Emmerich, 2004) ikusi ahal izango dute ikasleek.
Zinema eta zientzia eskuz esku
Bihartik martxora bitarte, 11 film proiektatuko dituzte Donostiako Tabakaleran eta Bilboko Arte Ederren Museoan, 'Zinema eta zientzia' zikloan. Zientzialariek aurkeztuko dituzte emanaldiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu