Bezperan Jokin Altunak eta UnaiLasok Bilbon egindako pilota aukeraketan ez bezala, osasunari lotutako kontuak bazter batean geratu ziren atzo Joseba Ezkurdiak eta Erik Jakak Eibarko (Gipuzkoa) Astelena frontoian egindakoan. Bi pilotariok bete-betean ariko dira igandean, Buruz Buruko Txapelketako bigarren finalerdian; bete-betean, ez batak ez besteak ez baitu min hartu txapelketan.
Hala ere, aldea dago batak eta besteak finalerdietarako sailkatzeko egin behar izan duten ahaleginean. Jakak lau partida jokatu ditu; final-zortzirenetako kanporaketa, eta final-laurdenetako ligaxkako hirurak; Ezkurdiak, ordea, bi neurketa besterik ez ditu jokatu: final-zortzirenetako kanporaketa, eta ligaxkako bakarra, aurrenekoa, Jose Javier Zabaletari 22-21 irabazi ziona; ez du jokatu besterik, bai Jokin Altunak eta bai Dario Gomezek min hartu baitzuten, eta uko egin baitzioten haren kontra aritzeari. Apirilaren 23tik ez du jokatu txapelketan; beraz, azkenekoz jokatu eta hiru astera ariko da berriro. Denbora asko da, eta, sasoiari eusteko, binakako partida bat jokatu zuen joan den larunbatean, Donostian. Gustura amaitu zuen norgehiagoka.
Jokatu gabe egon den garaian, «buru-belarri» aritu da entrenatzen: «Nire eskuetan zegoen guztia egin dut ahalik eta ondoen iristeko. Lasai nago, lan ona egin baitut. Gustura nago; sentipen onak ditut». Nolanahi ere, badu «kezka», azken bi asteetan ez baitu bizi izan «txapelketa jokatzeak eragiten duen tentsioa».
Haren arabera, «sekulako saria» litzateke finala jokatzea; lehena luke berak. «Oso polita litzateke. Lana egin dugu bertan izateko, baina azken koska falta zaigu, eta zaila da; lan handia egin beharko dut irabazteko. Baina ezin naiz itsutu horrekin. Buru-belarri ekin behar diot partidari».
«Aurkari arriskutsua da, eta erasokorra; beti jokatzen du mugan, eta azkar bukatu nahi izaten du tantoa»; halaxe definitu zuen Jaka. Argi du egitekoa: «Frontisetik urrun eduki behar dut. Nik eraman behar dut erritmoa».
Pilota ezberdinak
Jaka, berriz, «oso pozik» dago bi urte geroago finalerdiak jokatuta. Txapeldun izan zen duela bi urte, eta iaz ezin izan zen txapela lortzeko lehiatu, perikarditisa izan baitzuen txapelketa aurkeztu baino bi egun lehenago. «Gogotsu nago, baina oso zaila izango da. Galtzeko gutxi dut, eta ilusio handia. Lanak eman nahi dizkiot».
Ez du aitzakiarik ondo ez jokatzeko. «Hobeto egon naiteke, baina okerrago ere bai. Ezin naiz kexatu; astero jokatu ahal izan dut. Beste batzuk, ordea, okerrago ibili dira, min hartu baitute. Argi dago Josebak atseden handiagoa izan duela, baina horrek ez du zertan abantaila izan».
Tantoa azkar bukatzen saiatuko da, eta hori kontuan hartuta aukeratu zituen pilotak. Ezkurdiak aukeratutakoen pisu antzekoa dute, baina horiek baino gutxiago irteten dira frontisetik.
Bitan jokatu dute elkarren aurka buruz buru, eta bietan nagusitu da arbizuarra: 2018an, final-zortzirenetan: 22-15; eta 2019an, final-laurdenetan: 22-14. Jakak ez dio garrantzirik eman horri: «Orduz geroztik, biok egin dugu gora. Irekia dago partida».
Ez dute alderik ikusten
Ezkurdiak esan du «kezka» duela, ez baitu «txapelketaren tentsioa» bizi izan azken bi asteetan. Jakak ez du uste aurkariak abantaila duenik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu