Aminiren familiak salatu du oraindik ez duela ikusi heriotzaren espedientea

Irango agintarien «erantzunik eza» kritikatu du familiak: «Inork ez digu erantzun argirik ematen»

maddi iztueta olano
2022ko urriaren 4a
00:00
Entzun
«Inork ez digu nire alabaren heriotzaren kausarik argitu». Horixe salatu zuen herenegun Amjad Aminik, beloa «gaizki jantzita» zeramalako hil zuten 22 urteko Mahsa Aminiren aitak. Bizia galdu eta hiru asteren ondoren, familiak salatu du ez dutela gertatutakoaren espediente ofizialik jaso, ezta hori ikusteko aukerarik izan ere.

Teherango metro batetik irteten ari zela atxilotu zuten Amini, iragan irailaren 13an; Moralaren Poliziako patruila batek inguratu, eta atxilo eraman zuen. Poliziaren arabera, komisariara eraman eta gutxira jo zion «bihotzekoak». Ospitalean hiru egun koman eman ostean, irailaren 16an eman zuten haren heriotzaren berri. Aminiren familiak, ordea, adierazi zuen alabak ez zuela osasun arazorik izan aurretik, eta salatu zuen «jasandako torturen ondorioz» hil zela.

Familiaren defentsak atzo jakinarazi zuenez, joan den asteazkenean eskatu zizkien agintariei atxiloketa prozesuaren inguruko xehetasunak. Hala ere, Aminiren aitak salatu du ez duela «erantzunik» jaso: «Agintariei azalpenak eskatzen dizkiedan edo auzitegiko medikuarenera jotzen dudan bakoitzean, bi edo hiru aste itxaroteko esaten didate. Inork ez digu erantzun argirik ematen».

Protestek ez dute etenik

Aminiren atxiloketak eta ondorengo heriotzak hautsak harrotu zituzten Irango eta horren menpeko Kurdistango hainbat hiritako kaleetan. Hiru astez egunero bildu dira ehunka herritar Emakumea, bizitza eta askatasuna lelopean. Andre gazte eta helduek hartu dituzte protestetako lehen lerroak, eta ozen oihukatu dute: «Ez dugu Irango Islamiar Errepublika nahi».

Herrialdeko hainbat unibertsitatek erabaki zuten eskolak modu presentzialean ez egitea, «giroa baretu arte». Iragan larunbatean ekin behar zieten berriz aurrez aurreko eskolei, baina herenegun Xarif Unibertsitate Teknologikoan piztutako tirabirek asmoa zapuztu zuten.

Manifestazioa antolatu zuten arratsaldean, eta, zenbait iturriren arabera, hasi eta gutxira agertu ziren segurtasun indarretako hainbat kide, uniformerik gabe. Berehala piztu zen talka. Unibertsitateak atzo goizean jakinarazi zuenez, 36 ikasle atxilotu zituzten; horietatik 29 aske utzi zituzten, eta gainerako zazpiak Teherango Evin kartzelara eraman zituzten.

Iran Human Rights gobernuz kanpoko erakundearen arabera, 92 herritar hil dira dagoeneko protestetan.

Ali Khamenei aiatola, herrialdeko lider gorena, atzo mintzatu zen asteotan gertaturikoaz, eta AEB Ameriketako Estatu Batuei eta Israeli egotzi zien manifestazioen —«istiluen»— atzean egotea, argudiatuta bi herrialde horietako gobernuek «diseinatu» dituztela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.