Udan ere, txapela nahi

Gaur gauean jokatuko da, Ogeta pilotalekuan, Andre Mari Zuriaren feriako finala. Laso-Imaz Ezkurdia-Zabaletaren aurka arituko dira

Jose Javier Zabaleta pilotari jotzen, igandeko finalerdietako partidan. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
ainara arratibel gascon
2022ko abuztuaren 9a
00:00
Entzun
Txapela burua babesteko jantzia da. Normalean neguan erabili ohi da. Baina badira udan ere jantzi nahi izaten dutenak: pilotariak. Sasoiko feria nagusietako bat irabazi duten seinale da. Aurtengoan, Artola-Mariezkurrena II.a izan ziren binaka jantzi zuten lehenak, Sanferminetako Torneoa irabazi ostean. Gaur izango da jokoan bigarren txapela, Gasteizko feriarena, eta hura irabazteko borrokan Laso-Imaz eta Ezkurdia-Zabaleta arituko dira. Partida, ohi bezala. Ogeta pilotalekuan jokatuko da (22:00, ETB1).

Udako beste feria batzuetan edo Mastersean ez bezala, ez dira bikote mistoak. Aspek bere bikote finalista du, eta Baikok berea. Ezkurdia-Zabaleta izan ziren azkenak sailkatzen. Igandeansailkatu ziren. 22-13 hartu zituzten mendean Altuna III.a-Rezusta.

Altuna III.ak erakustaldia eman zuen lehen tantoetan, eta 6-1 ere egon ziren aurretik. Baina Zabaletaren joari eta Ezkurdiak aurreko koadroetan erakutsitako trebeziari esker, gai izan ziren partida hautsi eta iraultzeko. Ezkurdiak honela aztertu du gaurko finala: «Partida gogorra eta polita izango da. Binakako txapeldunordeak dira, eta finalerdietan Lasok sekulako erakustaldia eman zuen. Anderrek [Imaz], berriz, ziurtasuna handia ematen dio bikoteari». Ezkurdiak irabaziko balu, udako bigarren txapela luke, sanferminetako lau eta erdikoa irabazi ostean.

Ostiraletik daude finalerakosailkatuta Laso eta Imaz. 22-16 gailendu ziren Artola-Albisuren aurkako finalerdian. Buruz Buruko txapeldunak partida bikaina jokatu zuen. Hamahiru tanto egin zituen. «Finalerdia gogorra izan zen. Debuta egiten ari naiz Andre Mari Zuriaren ferian, eta ilusioa egiten dit finala jokatzeak», adierazi zuen finalerdietako partida amaituta Lasok. Bizkarreta-Gerendiaigoak ahaztu ditu dagoeneko sanferminetako lau eta erdiko finalean mina hartu eta gero izandako arazoak, eta sasoi betean dago. «Ongi sentitzen naiz,eta txinpartarekin nago».

Ezkurdia-Zabaleta dira faborito, batez ere atzeko koadroetan Etxarrengoak bere nagusitasuna erakusten badu. Baina Imaz ere uda polita egiten ari da. Beraz, uste baino partida orekatuagoa izan daiteke.

Ez da aste honetan pilotak izango duen saio bakarra. Izan ere, beste torneo batzuk ere aurrera doaz. Ostiralean jokatuko dira, esaterako, Emakume Master Cupeko udako torneoko finalerdiak. Bertan, batetik, Aldai-Capellanek Arrizabalaga-Osesen aurka neurtuko dituzte indarrak; bestetik, Garai-Erasunek Etxegarai-Gaminderen aurka jokatuko dute. Hondarribian izango da, 18:00etan hasita. Bikote irabazleek abuztuaren 27an jokatuko dute finala, Zumaian (Gipuzkoa).

Zesta eta erremontea ere

Aste betea izango dute pilotazaleek. Izan ere,uda partean jokatzen diren zesta puntako eta erremonteko txapelketak ere aurrera doaz. Etzi hasiko da, esaterako, Buruz Buruko Erremonte Txapelketa. Lehen partida izango da, eta egungo txapeldunak, Endika Barrenetxeak, atariko ligaxkatik aurrera egin duen Aritz Juanenearen aurka jokatuko du. Jaialdia 16:30ean hasiko da, Hernaniko Galarreta frontoian.

Ostiral gauean, 21:00etan, jokatuko dira Gernikako Grand Slameko finalerdiak. Bertan nor baino nor gehiago arituko dira Olharan-Lopez Barandika-Etxetoren kontra, eta Goikoetxea-Basque Erkiaga-Lekerikaren kontra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.