Adegi Gipuzkoako patronalak baldintza bat jarri die sindikatuei, Gipuzkoako metalaren hitzarmenaren negoziazio «eraikitzailea» izan dadin: elkarrizketek iraun bitartean «gatazkarik» ez sortzea. Patronalak eta sindikatuek itunaren negoziazioari heldu diote berriro, COVID-19agatik gelditu ondoren. Otsailaren 18an bildu ziren lehen aldiz; atzo, bigarrenez, eta uztailaren 16rako jarri dute hurrengo bilera.
Atzokoa aldeek erabili zuten elkarri tenperatura hartzeko. Koronabirusaren krisiak gogor kolpatu du metalaren sektorea, eta patronala otsaileko bilerara ahultasun sintomekin eta datozen urteetarako aurreikuspen ez oso baikorrekin azaldu bazen, are okerragoekin eseri zen atzo. Bere egoitzan eginiko bileran, mezu argi batekin hartu zituen sindikatuak: enpresek geroa ziurtatzea izan behar du lehentasuna.
Langileen ordezkariek, berriz, ohartarazi zuten horrek ezin duela aitzakia izan duela bederatzi urte berritu gabe dagoen itunari ez heltzeko, eta krisiaren ondorioak beharginen bizkar jartzeko.Gogoratu dute sindikatuek eginiko eskaera gehienak lurraldeko enpresa ugarik jada jaso dituztela euren hitzarmenetan, eta uste dute akordio orokorra egiteak ez lukeela zaila izan behar.
Gipuzkoako lan itunik handiena da metalgintzarena, 40.000 langile ingururi eragiten die, eta historikoki konpontzen zailena izan da. Lokarri hori askatzea, besteak beste, beste sektore batzuentzako lagungarria izan ohi delako. Gipuzkoak du iraungitako itun handi gehien. Metalarena 2011. urtetik dago hala, Arabakoa bezala. Iazko abenduan berritu zuten Bizkaikoa, baina sindikatuek ez zuten bide erraza izan: 39 bilera behar izan zituzten patronalarekin, eta mobilizazio kanpaina baten ostean eta zortzi eguneko greba bat hasteko zorian zeudela lortu zuten akordioa.
«Gipuzkoako hitzarmenik garrantzitsuenean akordioa lortzeak lurraldearen eta enpresen egonkortasunari lagunduko lioke, inoiz baino beharrezkoagoa baita egoera zail eta zalantzagarri honetan», azpimarratu zuen atzo Adegik, komunikabideetara bidalitako ohar laburrean.
Lehen urratsa
Patronalak «negoziatzeko borondatea» berretsi du, «enpresentzat eta pertsonentzat akordio on bat lortzeko». Adegik bilerak egin nahi ditu bera bultzatzen ari den «enpresa kultura berriaren» printzipioetan oinarrituta: «konfiantza giroa» nahi du eta horregatik eskatu die sindikatuei protesta oro bertan behera uzteko elkarrizketek iraun bitartean. Hori hala balitz, Adegi prest azaldu da «negoziazio mahaian planteatzen den edozein gairi buruz» hitz egiteko. Patronalaren esanetan, bere helburua da «enpresen lehiakortasuna eta iraunkortasuna bermatzeko premisapean», alde guztiak «eroso» sentituko diren «adostasun agertokietara iristea».
Sindikatuek, berriz, hainbat proposamen jarri dituzte mahai gainean, baina ELAk azaldu duenez —sindikatu nagusia da, %49ko ordezkaritzarekin—, horietako asko «gehiegizkotzat» jo ditu Adegik, nahiz eta hainbat jada lurraldeko metalgintzako enpresa hitzarmena ugaritan jasota egon, hala nola aurreko urteetako soldata igoerak.
Horrekin batera, sindikatuek honako eskaera hauek egin dituzte, besteak beste: KPIa baino gehiagoko soldata igoerak—UGTk %2ko igoera proposatu zuen atzo, lanaldi murrizketak —35 orduko asteko lanaldiak eskatu zituen LABek—, behin-behinekotasuna murriztea, langile azpikontratatuen subrogazioa bermatzea, aurrerako eragina eta lan erreformako beste artikulu batzuk kanpoan uztea, eta hitzarmena alde bakarrez bertan behera uzteko aukera kentzea.
ELAk azaldu duenez, Adegik puntu hori aztertzea onartu du; horrekin batera, hitzarmen probintziala aurrerako eragin mugagabez hornitzea ere ontzat jo du eta Espainiako hitzarmenen aurrean Gipuzkoakoari lehentasuna ematea ere. «Lehen urratsa da, Gipuzkoako metalean egonkortasuna lortzeko bidean», azpimarratu du sindikatuak.
LABen arabera —%34ko ordezkaritza du—, bileraren «alde positiboa» izan da alde guztiek, patronala barne, prest agertu direla hitzarmena negoziatzen jarraitzeko. «Hortik aurrera, desadostasun eta ikuspuntu ezberdinak azaleratu dira».
Adegi prest dago metalean ituna egiteko, sindikatuek gatazka alboratzen badute
Elkarrizketak berriz abiatu dituzte, COVID-19agatik eten ondoren. Patronalarentzat, enpresen geroa bermatzeak izan behar du lehentasuna
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu