Mehatxupeko aukera

Txinako lehen ministrordea Washingtonen dago, merkataritza gerra bukatzeko negoziazioak salbatzeko. Akordiorako aukera urrundu da

AEBetako banderarekin margotutako aulki bat, atzo, Pekinen. ROMAN PILIPEY / EFE.
Iker Aranburu.
2019ko maiatzaren 10a
00:00
Entzun
Zirt ala zart egiteko garaia iritsi zaie AEBetako eta Txinako gobernuei. Eskura zirudien merkataritza gerra amaitzeko akordioa asko urrundu da azken astean, gerra are gehiago gogortzeko arriskua askoz indartsuagoa izateraino. Liu He Txinako lehen ministrordea Washingtonera iritsi zen atzo,negoziazioak berriro bideratzeko asmoarekin. Gaur da Pekinera itzultzekoa, eta ez da baztertu behar etxean lur hartzen duenerako AEBen muga zerga gehienak igo izana.

Izan ere, Donald Trumpek mehatxu egin du ostiraleko lehen orduan muga zergak %10etik %25era igotzearekin Txinako produktuen 200.000 milioi dolarren inportazioei. Tarifa handiagoak ordaindu beharko dituzten produktuen artean daude Interneterako router-ak, konputagailuetako zirkuituak, xurgagailuak eta altzariak. Gaur egun muga zergak ordaintzen ez dituzten produktu batzuetan ere %25eko tarifa ezartzeko aukera aipatu du AEBetako presidenteak, hala nola sakelako telefonoetan, konputagailuetan, jostailuetan, telebistetan eta bideo jokoentzako aparailuetan. Herritarrek zuzenean erosten dituzten produktuak dira horiek, eta nahita salbuetsi ditu Trumpek.

Atzo, AEBetako presidenteak esan zuen Xi Jinping Txinako presidenteak «gutun polit» bat bidali diola eta telefonoz hitz egiteko asmoa zutela. Akordio baterako aukera badagoela azaldu zuen, baina «primerako alternatiba» dutela; hots, muga zergak.

Txinako Merkataritza Ministerioko bozeramaile Gao Fengek azaldu zuen prest daudela AEBei antzeko zi gorrekin erantzuteko —orain 110.000 milioiren esportazioak zigortzen ditu—, baina gatazka konpontzeko borondatea dutela gehitu zuen:«Liuren bidaia zintzotasun eta ardura keinu bat da, baina akordio batek bi aldeen ahalegina eskatzen du».

Asmo on horiek AEBetako Gobernuarentzat sinesgarriak izateak zehaztuko du Liuren agenda. Robert Lighthizer AEBetako merkataritza gaietarako ordezkariarekin eta Steven Mnuchin Altxorreko idazkariarekin biltzekoa zen atzo, 23:00etan —Euskal Herriko ordua—, baina ez dago garbiEtxe Zurian ere hitzordua izango ote duen, aurrekoetan izan duen moduan. «Gizon ona da», esan zuen asteazkenean Trumpek Liuri buruz, «baina akordioa hautsi dute». Pekinek ez dio erantzun salaketa horri.

Abstraktua eta zehatza

Hartutako konpromisoetan atzera egin izana aurpegiratu diote estatubatuarrek txinatarrei, eta horrek eraman ditu ahotsa altxatzera eta muga zerga gehiagorekin mehatxu egitera.

Aurreko astean prest zuten akordioaren zirriborroa, 150 orrialdetan eta zazpi ataletan banatua, eta guzti-guztietan hizkera aldatzeko eskatu zutenasteburuan Txinako negoziatzaileek. Liuk hitzartutakoa «nahiko hizkera abstraktuan» zegoela esan diote AEBetako gobernuko iturriek New York Times-i. Washingtonek, berriz, nahi du akordioaren testuak argieta garbi zehaztea Txinak zer agindu duen eta zer lege aldatu behar dituen bi aldeen arteko merkataritza harremanak onbideratzeko.

Pekinek, ordea, uste du nahikoa dela administrazioaren zenbait agindu eta arau aldatzea, legeak ukitu gabe, prozesu luzea eta korapilatsua delako. «Onartezina» da jarrera hori, Trumpen administrazioak esan duenez, eta Pekini leporatu dio ohitura bihurtzea hitzartutakoa ez betetzea.

Besteak beste, honako gai hauek ari dira aztertzen: AEBetako jabetza intelektualaren lapurreta, teknologiaren derrigorrezko transferentzia, dibisen manipulazioa, finantza zerbitzueta- rako sarbidea eta lehia politika.

Tentsioa nekez joango da

Txinarekiko harremanak lehia politikorako erabili ditu Trumpek. Asteazkenean, negoziazioak luzatu nahi izatea egotzi zien Pekingo agintariei, txio baten bidez: «Txinak atzera egitearen eta merkataritza ituna berriz negoziatzeko saioaren atzetik dago espero dutela Joe Bidenekin edo beste demokrata oso ahulekin negoziatu ahal izango dutela, eta horrela jarraituko dutela hurrengo urteetan ere AEBei lapurreta egiten (500.000 milioi dolar, urtean)». Egiatan, Bidenek eta beste hautagai demokratek ez dute merkataritza gerra askorik aipatu nahi, jakin baitakite bere hautesleetako asko ados daudela Trumpek Txinaren aurka duen jarrera oldarkorrarekin. Baina AEBetako presidenteak berak badaki asko duela jokoan, eta aukeratu egin beharko duela zer nahiago duen, akordio errealista bat lortu ala gogor plantak egiten jarraitu.

Edonola ere, hainbat analistak nabarmendu dute Trumpek eta Xik hitzartu dezaketenak balio dezakeela tentsioak baretzeko, baina nekez desagerraraziko dituela. Izan ere, Washingtonen eta Pekinen artean XXI. mendeko nagusitasun globala dago jokoan, eta inork ez du amore emateko arrazoirik: potentzia nagusia izaten jarraitu nahi dute AEBek, eta disimulurik gabe haren lekua nahi du Txinak.

Horrela, Trumpen taldearen benetako helburua Txinaren ibilbide estrategikoa aldatzea da, hau da, Made in China 2025 plana bertan behera uztea. Plan hori, ordea, Xik bere buruari eman dion misio historikoaren laburpena da. Egitasmoaren xedea da 2025erako Txinak gainditzea hamar arlotan Mendebaldearekiko duen atzerapena, eta prest egotea aurrez aurreko lehia baterako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.