Futbola

TADek ez du «oso larritzat» jo Rubialesek Hermoso musukatzea

Erabakia dela eta, Espainiako Kirol Kontseiluak ezin du Rubiales behin-behinean kargugabetu

Jennifer Hermosori babesa azaltzeko atzo Gijonen egindako elkarretaratze bat. ELOY ALONSO / EFE.
ainara arratibel gascon
2023ko irailaren 2a
00:00
Entzun
Espainiako Kirol Auzitegi Administratiboak (TAD) prozedura zabaldu du Espainiako Futbol Federazioko presidente Luis Rubialesen kontra. Halere, Jennifer Hermoso futbolariari musu eman izana «larritzat» jo du eta ez «oso larritzat». Horrenbestez, Espainiako Kirol Kontseilu Gorenak (CSD) ezingo du berehalakoan behin-behinean kargugabetu. Hala, TADek partzialki onartu du CSDren eskaria.

Berehalakoan kargutik ezin kentzeaz gain, TADek gertatutakoa soilik larritzat jo izanak beste ondorio bat du: gehienezko kargugabetzea bi urtekoa izan daitekeela. CSDko buru Victor Francosek berretsi zuen erabakiaren kontra helegitea aurkeztuko dutela, eta helegitean zuzenean eskatuko diola TAD erakundeari Rubiales kargugabetzeko, CSDk horretarako eskumena galdu baitu. Egun Rubiales 90 egunerako dago zigortuta bere kargutik, FIFAk hala erabaki zuelako iragan larunbatean.

Aurrena espedientea zabaldu zion, eta gero zigorra jarri. Zigor horren arabera, debekatu egin zion Jennifer Hermoso Espainiako selekzioko jokalariarekin harremanetan jartzea. Espainiako Federazioko langile guztiei zabaldu zien debekua FIFAk.

Rubialesek dimisioa aurkeztea espero zen iragan ostiralean, baina ez zuenez egin, hura kargutik kentzeko prozedurak hasi zituen FIFAk, baita Espainiako Gobernuak ere. Dimisioa ez eman izanak beste ondorio batzuk ere ekarri zituen, ordea. Emakumezkoen futbol taldeko talde teknikoko kide gehienek kargua utzi zuten. Jorge Vilda hautatzaileak, ordea, ez zuen dimisioa eman. Rubialesen ondoan egon da egun hauetan guztietan, eta, hark esan zuenean ez zuela dimisioa aurkeztuko, txalo egin zion. Hurrengo egunean, aitzitik, komunikatu bat atera zuen haren «jarrera desegokia» salatzeko.

Hermosok «neurri zentzagarriak» hartzeko eskatu zuen, Futpro haren sindikatuaren bidez. Baina Rubialesek bere bertsioari eusten ziola ikusita, gogorrago mintzatu zen Futpro sindikatuak zabaldutako agiri batean. Hartan, «zaurgarri eta eraso baten biktima» sentitu zela salatu zuen: «Ekintza oldarkor eta matxista baten biktima izan nintzen, lekuz kanpo zegoen, eta ez zegoen inolako baimenik tartean». Ez hori bakarrik. Adierazi zuenez, «etengabeko presiopean» egon da, Rubialesen «ekintza tamalgarria» justifikatzeko adierazpenak egin zitzan.

Espainiako selekzioko jokalariak hainbat futbolari eta futbolari ohiren babesa izan zuen. Horien artean zeuden Espainiako selekzioarekin Munduko Kopa jokatu zuten Euskal Herriko bi futbolariak: Irene Paredes eta Oihane Hernandez.

TADen lehen bilera

Hasiera batean bazirudien TADek «oso larritzat» joko zuela Rubialesek egindakoa, eta CSDk aukera izango zuela Rubiales behin-behinean kargugabetzeko. Astelehen honetan egin zuen eskaria aztertzeko lehen bilera. Orduak bileran eman ostean, TADek dokumentazio gehiago eskatu zion CSDri, eta hor zalantzak agertzen hasi ziren har zezakeen erabakiaren inguruan.

Egun berean kasua Auzitegi Nazionalera iritsi zen. Fiskaltzak zehaztu zuen prozesu judiziala ez zuela hasi oraindik, baina ikertzen hasi zela gertatutakoa. Hala, baztertu egin zituen Rubialesek eman zituen azalpenak. Hermosoren adierazpenak entzun ondoren, azaldu zuen ez dagoela zalantzarik Rubialesek baimenik gabe eman ziola musu.

Fiskaltzak argudiatu zuen baimenik gabe musu ematea sexu eraso bat dela. Fiskalak sinatu zuen dekretuan gogoratu du zenbait epairen arabera soilik baietz da baietz legeak zigortzeko moduko erasotzat jasotzen dituela baimenik gabe ahoan emandako musuak. Eta zehaztu zuen Espainiako Zigor Kodearen arabera, sexu eraso, jazarpen eta abusu delituen kasuetan erasoa jasan duenaren edo haren ordezkari legalaren salaketa edo fiskaltzaren kereila bat behar direla auzibide bati ekiteko. Horregatik, salaketa jar dezakeela jakinarazi zion fiskaltzak Hermosori, eta hamabost eguneko epea eman zion eurekin harremanetan jartzeko. Ikusteko dago horrek eta Rubialesen aurkako beste salaketek egiten duten bidea.

Jokalariak grebara bidean

Sexu erasoen aurkako protokoloak indartzeko eta boterekeriaren aurkako neurriak hartzeko eskatu dute egun hauetan futbolariek. Besteak beste, hori lan hitzarmen berrian jasotzea nahi dute. Urtebete daramate sindikatuek eta patronalak lan hitzarmen hori negoziatzen. Baina negoziazioak «ez atzera ez aurrera» daudela kontuan hartuta, futbolarien sindikatuek idatzi bat igorri zuten atzo Espainiako Arbitraje eta Bitartekaritza Zerbitzura, grebarako deialdia baten berri emanez. Liga datorren astean da hastekoa, eta deialdia lehen bi jardunaldietarako litzateke. Ezusterik ezean, patronalaren eta sindikatuen arteko kontziliazio bilera astelehenean egingo da, eta, aurrerapausorik ezean, grebara joko dute futbolariek.

2019an sinatu zuten lehen lan hitzarmena. Orduan ere beren eskubideak aldarrikatzeko, jokalariek greba egin behar izan zuten jardunaldi batean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.