Ukrainako armada Donbass eskualdeko Donetsk eta Luhansk errepublikei eraso egiteko prest da. Laster emango du agindu hori Volodimir Zelenski presidenteak. Hori uste dute herrialdearen ekialdeko herri errepublika errusiazaleetako agintariek. Beraz, TASS Errusiako berri agentziak dioenez, hasi dira herritarrak modu masiboan Errusiara eramaten. Denis Puxilin Donetskeko Herri Errepublikaren liderrak atzo adierazi zuenez, Moskurekin adostu dute herritar horiei harrera egingo dietela Rostov eskualdean (Errusia). «Lehendabizi» emakumezkoak, adingabeak eta zaharrak aterako dituzte. Leonid Pasetxnik Luhanskeko Herri Errepublikako buruak «zeregin zibil eta sozial ezinbestekoak» ez dituzten herritarrei eskatu die «ahalik eta azkarren» abiatzeko Errusiarantz.
Kievek, baina, ukatu egin du eskualdeari eraso egiteko asmoa dutela. Oleksii Reznikov Defentsa ministroak hori adierazi zuen atzo, Ukrainako Parlamentuan. Eta azken orduetan eskualdean gertatutako erasoak gogorarazi ditu. 2014an milizia errusiazaleen eta Ukrainako armadaren arteko gerra piztu zen eskualdean. Urtebete geroago Minskeko Akordioak sinatu zituzten su-eten iraunkor bat ezartzeko, baina ez batzuek, ez besteek ez dituzte errespetatu. Kieven arabera, herenegun gertatutako erasoetan Errusiak militarki babestutako miliziek 45 aldiz urratu zuten akordioan jasotakoa. Miliziek, berriz, Ukrainako armadaren 30 eraso zenbatu zituzten. Lau zauritu izan ziren borroketan: bi soldadu eta bi militar. Atzo ere erasoak gertatu zirela egotzi zioten bi aldeek elkarri.
Gatazkaren «areagotze bat»
Vladimir Putin Errusiako presidenteak atzo nabarmendu zuenez, Donbassko gatazkaren «areagotze bat» gertatu da. Haren ustez, Minskeko Akordioak dira Ukrainan «bakea berrezartzeko» eta herrialde horren bueltan sortutako tentsioak bukatzeko «bermea», baina Zelenskiri leporatzen dio horiek ez betetzea. «Kievek egin behar duena da Donbassko ordezkariekin eseri, eta gatazka amaitzeko neurri politikoak, militarrak, humanitarioak eta ekonomikoak adostu», zehaztu zuen Putinek, prentsaren aurrean, Aleksandr Lukaxenko Bielorrusiako presidentearekin batzartu eta gero. Guztira 31.000 pertsona hil dituzte Donbassko gerran, eta 2,5 milioi inguru desplazatu eragin ditu.
Errusiak jakinarazi du aste honetan tropak erretiratzen hasi dela Ukrainako mugatik, baina Mendebaldea ez da fio. Emmanuel Macron Frantziako presidenteak, esaterako, atzo adierazi zuen ez dutela horren«frogarik», eta Errusiari eskatu dio tentsioa baretzeko.
Donetsk eta Luhanskek esan dute hasi direla herritarrak Errusiara eramaten
Ukraina ekialdeko herri errepublika errusiazaleen arabera, Kiev eraso bat hasteko prest da. Zelenski presidenteak ukatu egin du asmo hori dutela
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu