E.M.R. ez da jadanik Panificadora Alavesako behargina. Urte askoan haren aurka aritu zen zuzendaritza, «lan harremanari kalte egiten». Orain, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak langilearen alde eta enpresaren aurka ebatzi du. Panificadora Alavesak 99.994,94 euro ordaindu beharko dizkio langileari kalte-ordain gisa, «langilearen interesen aurkako jarrera argia» izan duelako; jazarpena egin ziolako urte askoan, alegia. Gasteizko enpresa horretako behargina zen 1987az geroztik E.M.R.
CCOO sindikatuak ezagutarazi zuen atzo EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren ebazpena, eta, bertan jasoa dagoenez, enpresak modu larrian urratu ditu langilearekiko zeuzkan eginbeharrak, eta hark maiz jo behar izan du auzitara, lan baldintzetan aldaketak inposatu dizkiotelako, oporretan, eskatu dizkioten diru kopuruetan eta ezarritako zigorretan. Enpresa langilearen aurka tematu dela dio epaiak, eta ez dizkiola onartu bere eskubideak desadostasunak auzitara iritsi ez diren bitartean.
Are gehiago, enpresak lantaldea elkartu zuen behin gutun bat ozen irakurri eta denek entzun zezaten E.M.R. beharginaren jarduna nolakoa omen zen. Bere lan errendimendua «nahita» apaldu zuela zioen gutun horrek, ekoizpenaren kalitateari kalte egiten ziola, eta akats ugari egiten zituela. Era berean, lanorduetan «paseotxo» gehiegi egiten zituela egotzi zion zuzendaritzak. Batzar horrek eragindako tentsioak bultzatuta, E.M.R. langileak bilkura utzi, eta Ertzaintzara jo zuen.
CCOO sindikatuak ohartarazi zuen «horrelako praktikak» egiten dituzten enpresek auzitan bukatuko dutela, eta iritzi publikoak ezagutu egingo dituela, «jarrera horiek ez dutelako etikarik, abusua besterik ez direlako». Enpresa guztietan «tratu etikoa» eskatu zuen langileentzat.
Panificadora Alavesa zigortu dute epaitegiek langile bati jazartzeagatik
100.000 euroko kalte-ordaina pagatu beharko dio E.M.R. beharginari, «langilearen interesen aurkako jarrera argia» izan duelako urte askoan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu