Ikerlan teknologia zentroak urteak daramatza abangoardiako teknologiak ikertu eta garatzen, eta lehen lerroan jarraitu nahi du datozen urteetan ere. Mondragon taldeko enpresa horrek Digilab abiatu du horretarako, industriarako teknologia digitalen laborategi espezializatua. Euskal Herrian eta Espainiako Estatuan dagoen gunerik aurreratuena da, eta Arrasaten dago (Gipuzkoa). Azpiegiturak balioko du, besteak beste, elkarlaneko robotikaren, zibersegurtasunaren, adimen artifizialaren, 5G komunikazioen, segurtasunaren eta fidagarritasunaren, eta konputazio kuantikoaren inguruan ikertzeko. Atzo egin zuten instalazioen aurkezpena, baita inaugurazio ekitaldia ere.
Garai bateko Alecop kooperatibaren eraikinean jarri dute teknologia gunea. Batez ere eskulana egiten zen 2.000 metro karratuko eraikin horretan: berregituratu egin dute, eta puntako teknologiaz hornitu. Milioi eta erdiko inbertsioa egin behar izan dute horretarako. Elkarlan publikoaren eta pribatuaren bidez egin dute, Eusko Jaurlaritzaren Azpitek programaren diru laguntza jaso baitu guneak. Laguntza hori jasotzen duen aurrenekoa da, hain zuzen.
Industria adimenduna
Laborategia «etorkizuneko apustua» da Ion Etxeberria Ikerlaneko zuzendari nagusiaren hitzetan. Izan ere, digitalizazio prozesuaren ondorioz, teknologia berrien inguruan gero eta beharrizan handiagoak dituzte enpresek. «Teknologia horien integrazioak ia erabat baldintzatu du industriaren lehiakortasuna. Sektorea makina eta prozesu guztietan txertatzen ari da, eta gure enpresak ere behartuta daude integrazio hori egitera».
Horri erantzun asmo dio gune berriak. Industria adimendunari beharrezko bultzada emango dioten teknologiak garatzeko aukera emango die laborategiak. Horregatik, gaitasun teknologikoak indartzea eta «talentua gaitzea» dira gune berriaren helburu nagusiak, teknologia hori industrian erabili, eta enpresek dituzten erronka teknologikoei aurre egiten laguntzeko ondoren. Hain zuzen ere, Iñigo Uzin Mondragon taldeko presidenteak azpimarratu duenez, korporazioko eta haren inguruko enpresak lehiakorrago egiten lagunduko du laborategiak.
Izan ere, teknologia digitalek ezin konta ahala aukera eskaintzen dituzte, Etxeberriak azaldu duenez. Industriaren alorrean, esaterako, makinen eta prozesuen funtzionamendua «optimizatzeko» aukera emango dute; baliagarri izango dira, halaber, igogailu edo sorgailu elektriko adimendunak sortzeko, zeinak beren burua aztertzeko eta erroreak antzemateko gai izango diren; eta baita norbanakoen nahiei aurre hartzeko gai diren kontsumo sistemak garatzeko ere. «Nahi adina ikerketa eta saiakuntza egin ahal izango ditugu industria eremu baten antzeko baldintzak dituzten instalazioetan», esan du Etxeberriak.
Langileak, urri
Enpresak eskari asko egiten ari zaizkiela azpimarratu du Ikerlaneko zuzendari nagusiak, baina adierazi du guztiei ezin erantzun daudela. «Gaur egun, Ikerlanen jardueraren %60-70 inguru teknologia digitalaren ikerketari eta garapenari lotuta dago, baina industriaren eskaria hain da handia, ze ezin iritsi baikaude. Orain, teknologia enpresetara eramatea baino erronka handiagoa zaigu lan hori egingo duten pertsona trebatuak lortzea».
Gaur egun 400 langile ditu Ikerlanek. Horietatik 100 ikasleak dira, ordea. Hain zuzen, Etxeberriak nabarmendu du «harrobia» dela unibertsitatea Ikerlanentzat: «Gurekin trebatzen dira asko, eta doktoretza tesia egiten dutenek hemen amaitzen dute gero. Horri esker, nahiko egoki erantzuten ari gara ditugun beharrei, baina erronka handia dugu oraindik».
Teknologia digitalen laborategi aurreratu bat zabaldu du Ikerlanek
Industriarako teknologiak ikertu eta garatuko dituzte laborategi horretan. Digitalizazioak bultzatuta, enpresen eskaria handia da orain
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu