Tubos Reunidos (TR) taldearen berregituraketak udazken edo negu parteko folletoietako bat izango dela dirudi. Hodigintza enpresak batzen dituen taldeak jakinarazi du Iruñeko laminazio planta eta Sestaoko (Bizkaia) altzairutegia ixteko asmoa duela ekoizpena Amurrio (Araba) inguruan biltzeko. Sindikatuek, baina, ez dituzte begi onez ikusten itxiera horiek, Sestaokoa bereziki. Altzairutegi handi eta bakar bat eraikitzeko asmoaren atzean «iruzurra» dagoela uste dute. ELA, LAB eta ESK aurkadaude, eta hiru sindikatu horiek gehiengoa dute TR osatzen duten enpresetako langile batzordeetan.
TR multzoa hiru hodigintza enpresak osatzen dute: Tubos Reunidos Industrial TRIk —Amurrion du laminazioa eta altzairutegia—; PT Productos Tubularesek —Babcock Wilcox zenaren orubearen zati batean dago: laminazioa Trapagaranen du, eta altzairutegia Sestaon—; eta Acecsak (Iruñean). Hiruren artean 1.400 langile dituzte eta batzeko bidean daude. Multzoa zorretan murgilduta dago, besteak beste iaz 100 milioi eurotik gorako galerak izan zituelako. Aurten, baina, 112 milioi euro eman dizkio Espainiako Gobernuaren SEPIren bidez. Industria Ministerioak uste du TR bideragarri izan daitekeela, eta horregatik erreskatatu du.
Berregituraketan ez du erregulazio espedienterik abian jarriko, baina bai erretiro aurreratuak eta bai kaleratze ordainduak. Enpresak atzo jakinarazi zuenez, 60 urtean jarri du erretiroen langa, eta horrek hirurogei bat langileri eragingo lieke. LABek «diru publikoarekin ordainduriko enplegu suntsiketa» dela esana du.
Enpresak Amurrion zentralizatu nahi du ekoizpena, eta horrek piztu du sindikatuen argi gorria. Itxi nahi dituzten lantokietako langileak Amurriora lekualdatzea da asmoa, ekoizpen prozesuak batu eta baliabideak deskarbonizazioaren bidean berritzeko aitzakian. 60 milioi euro bideratuko ditu azpiegituretara, eta horietatik 22 «altzairutegi berri» batera. ESKren ustez —LABekin ordezkaritza bateratua du PTn—, baina, altzairutegia «egokitu» egingo dute bakarrik, kopuru horrekin ezin delako fundizio berririk muntatu: «Diotenez, altzairu herdoilgaitza ekoitzi nahi dute, eta deskarbonizazioan aurrera egin; ezinezkoa da hori sinestea inbertsio makal horiekin».
Sestaoko altzairutegia ixteko asmoa ez da berria, 2018an ere saiatu baitzen. Hura ixtea Ezkerraldearentzat kolpe handia litzakeela iritzi diote, eta beldur dira altzairutegiaren ondoren Trapagarango laminazio plantak ez ote dion bide berari jarraituko. Sindikatuak bilerak egiten ari dira lantegietan. Batzordeen osaketa hau da: TRIn ELAk zortzi ordezkari ditu, UGTk bost, LABek lau, eta CCOOk eta ESK-k bina. PTn, ELAk bost ditu; UGTk eta CCOOk hiruna; eta ESK-LABek bi.
Akordiorik gabe Tubacexen
Hodigintzaren sektorea ez dagoela garai onean ageri da sektoreko beste enpresa handian ere, Tubacexen. Enpresak aldi baterako erregulazio espedientea luzatu nahi du, eta gaur du langile batzordearekin akordioa lortzeko azken eguna. Zuzendaritzak ezetz esan zion atzo sindikatuen eskaintzari etabeste eskaintza bat egin zion. Enpresa kaleratu asmo zituen langileak erregulazioan sartzeko prest dago; batzordeak, baina, EAEko Auzitegi Gorenaren ebazpenari jarritako helegitea kentzeko eskatu dio.
Sestaoko altzairutegiaren geroak urruntzen ditu TR eta sindikatuak
Sindikatuek ez dute itxierarik nahi. Zuzendaritzak 60 urtean jarri du erretiro aurreratuaren langa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu