Ordularia gainean

Gaur hasiko dira atzera Erresuma Batuaren eta EBren arteko harremana zehazteko negoziazioak. Aldeek «malgutasun handiagoa» ikusten dute

Negoziatzaile buruak, Erresuma Batuko David Frost eta EBko Michel Barnier, artxiboko irudian. OLIVIER HOSLET / EFE.
Irune Lasa.
2020ko irailaren 29a
00:00
Entzun
Arre edo so. Aste hau giltzarria izan daiteke Erresuma Batuaren eta Europako Batasunaren arteko harreman berrirako. Gaur da hastekoa merkataritza itunerako azken negoziazio itzulia Bruselan, Europako Batzordearen egoitzan, eta negoziatzaileek hiru egun izango dituzte gutxieneko batzuetara iristeko, hau da, adosteko ea prest dauden hitz egiten jarraitzeko, azpiko negoziazioetan bada ere. Ordularia gainean, arre edo so egiteko garaia da, eta badirudi aurreko itzulietan baino ados jartzeko borondate handiagoa dagoela bi aldeetan.

Arre egitea erabakiz gero, ziurrenez gai arantzatsuenak EBren negoziatzaile nagusi Michel Barnierrek itsaspeko elkarrizketak deitutako horietarako utziko lirateke. Pisuzko aholkularien ardura litzateke adostasunak topatzea urriaren 4tik urriaren 15era arteko tartean.

Izan ere, urriaren 15ean eta 16an Batasuneko estatuburuek egin behar duten kontseilua izango da negoziazio horietarako epemugetako bat. Eta Erresuma Batuko lehen ministro Boris Johnsonek ere irail hasieran jarrera gogortu zuenean, epe bera jarri zuen akordio baterako. Gehienera, urriaren amaierarako astia emango du erlojuak, akordioak denbora behar duelako Europako Parlamentuaren eta Erresuma Batukoaren oniritzia izateko.

Merkataritza akordio berriak, bedeinkapen guztiekin, urtarrilaren 1erako egon behar du prest. Orduan amaituko da brexit-erako trantsizio epea, orduan Erresuma Batua hirugarren herrialde bilakatuko da, EBko egitura eta legedietatik aske. Berez, ofizialki ez dago trantsizio epe hori luzatzeko aukerarik, uztailaren 1a baino lehen eskatu behar zen luzapena, eta Londresko gobernuak uko egin zion.

Horiek horrela, 2021eko urtarrilaren 1ean, agertokiak oso desberdinak izan daitezke merkataritza itun bat egon ala ez. Akordiorik gabe, aduanak eta muga zergak itzuliko lirateke, irlaren eta Batasuneko herrialdeen arteko merkantzien joan-etorriak zailduz, salgaiak garestituz...

Amildegia oraindik hor dago. Baina, orain bi aldeek akordioa nahi dutela dirudi, eta mahaiaren beste aldean «malgutasuna» ikusten dutela. Hori diote alde bateko zein bestekoek, bi negoziatzaile nagusiek —Barnierrek eta Erresuma Batuko David Frostek joan diren egunetan izandako elkarrizketa informalak aipatuz. Hala ere, zuhurtasuna erabatekoa da bai buruzagien bai haien ondokoen adierazpenetan.

Gai zailak

Izan ere, hor jarraitzen dute oztopoek. Bi dira gai zailenak: batetik, arrantzarena, eta, bestetik, estatu laguntzena. Akordiorik ez badago, Europako Batasuneko arrantzaleek —eta, horien artean, euskal arrantzaleek— ezingo dute arrantzarik egin Erresuma Batuko uretan. Hori zen, hain zuzen, brexit zaleen ikurretako bat. Baina ur britainiarrak oso garrantzitsuak dira batasuneko arrantzaleentzat, eta Europako Batasunak orain arteko sarbide maila mantentzea nahi luke.

Joan den astean aipatu da irtenbide bat nolabaiteko prozesu bat izan daitekeela, urte batzuk emanez ontzien sarbidea murriztuz joateko. Arrantza kuotak lirateke beste konponbide bat, britainiarren ustez, baina EBn beldur dira Erresuma Batuak kuota oso handiak nahiko lituzkeela beretzat. Hori, adibidez, frantziarrentzat ez litzateke onargarria.

Estatu laguntzekin ere eztabaida sakona dute negoziatzaileek. Erresuma Batuak ez du zehaztu nahi izan nolakoa izango den bere estatu laguntzen sistema, eta Europako Batasuna baldintza hobeagoak izan ditzaketen enpresa britaniarren lehiaren beldur da.

Beste mahaia

Merkataritza harremana negoziatzen ari diren bitartean, Johnsonen gobernua lantzen ari den Barne Merkatuko Legeak jarraitzen du Londresen eta Bruselaren arteko hartu-emanak gaiztotzen.

Brexit-erako «Irteera Akordioa ez da negoziatu behar, ezarri egin behar da; ezin da alde bakarrez aldatu, ukatu edo bete gabe utzi», esan zuen atzo Maros Sefcovickek. Europako Batzordeko presidenteordeak Michael Gove Erresuma Batuko kabinete ministroarekin bilera izan zuen atzo, hain zuzen, Irteera Akordioaren Ezarpenerako Batzordean. Barne Merkatuko Legeak akordio horretako hainbat puntu hausten ditu, bereziki Ipar Irlandarako Protokoloari dagozkionak.

Kazetarien galderei erantzunez, Sefcovickek gaineratu zuen merkataritza harremana beste mahai batean lantzen ari dela. Baina ez zuen erantzun Johnsonek bere legea bere horretan utziko balu merkataritza akordioa baldintzatuta geldituko litzatekeen. Dena dela, inor gutxik du zalantzarik horrek edozein itun berri eragotziko duela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.