Hamaika Gara dinamikak ekainaren 7an plazak aldarriz betetzera deitu du

Herritarrei eskatu diete aldarriak idatzi eta plazara eramateko. Iragarri dute Hamaika Gara erreferendumaren sinadura bilketari ekingo diotela

Hamaika Gara ekimenaren aurkezpena, martxoaren 11n. ANDONI CANELLADA / FOKU.
Irati Urdalleta Lete.
2020ko maiatzaren 29a
00:00
Entzun
Etorkizun politikoa erreferendum bidez erabaki ahal izateko, hainbat eragilek sinadura bilketa bat abiatu zuten martxoaren 11n, Hamaika Gara izenpean. Gure Esku erabakitzeko eskubidearen aldeko dinamikak abiatu zuen, eta 24 eragile dira orain sustatzaileak; hala nola Euskal Herrian Euskaraz, Bilgune Feminista, Kontseilua eta Sare Herritarra. Egitasmoa aurkeztu eta egun gutxira, osasun krisiak baldintzatu zuen: sinadura bilketa aldi batez sustatzeari utzi zioten, eta kalean egitekoak zituzten mobilizazioak udazkenera atzeratzea erabaki zuten sustatzaileek.

Orain, ordea, mobilizazio batera deitu dute. Izan ere, herritarren aldarrikapenek plaza publikoa berreskuratzeko garaia dela uste du dinamikak. «Premiazkoa da bizi dugun eta datorren krisiari Euskal Herritik eta guztion artean erantzun behar diogula adieraztea, eta tokiko erabaki burujabeak aldarrikatzea». Hori dela eta, Hamaika Gara ekinaldian bat egindako eragileek «herri erantzun bat» emateko deia egin dute, Hemen erabaki, herritarrok erabaki lelopean.

Hain zuzen, eskatu dute herritarrek euren aldarriak kartoi batean idazteko eta ekainaren 7an, 10:00etatik 14:00etara, plazara eramateko eta lurrean uzteko. Horren bidez, herrietako eta hirietako plazak «berreskuratu eta aldarriz bete» nahi dituzte. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, egun horretan «beharrezkoak» diren neurriak hartuko dira, parte hartzaileen osasuna eta segurtasuna «zorroztasunez» bermatu ahal izateko.

Gainera, iragarri dute mobilizazio horren ondoren poliki-poliki Hamaika Gara erreferendumaren aldeko sinadura bilketari ekingo diotela berriro ere, eta udazkenetik aurrera kanpaina indartzeko asmoa erakutsi dute

Solasaldiak, hausnartzeko

Gure Esku-k solasaldi digitalak antolatu ditu itxialdian zehar, Gelditu. Hausnartu. Erabaki izenpean, eta hausnarketa jarri du erdigunean. «COVID-19aren ondoren mundua nola aldatuko den elkarri galdetzen arituz gero, zer gertatuko den zain geldituz gero, iraganaren antz handiegia izango duen normaltasun berri batera igarotzeko arriskua handia da», adierazi du, eta, horregatik sustatu zituen saio digitalak.

Maiatzak 14az geroztik, bost solasaldi antolatu dituzte, eta haietako bakoitzean bina hizlari egon dira. Ainhoa Etxaide eta Joseba Barandiaran edo Kike Amonarriz eta Mertxe Mugika, esate baterako. Azkeneko saioa atzo izan zen, eta Ane Zabaleta geologoa eta Unai Pascual Ikerbasqueko ikerlaria izan ziren hizlariak. Klima eta natura: zirt edo zart egiteko unea hitzaldia eskaini zuten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.