AEBetako presidenteak begiz jo du Europa gerra komertzialaren hurrengo batailarako. Donald Trumpek Twitterreko txio baten bidez iragarri du 9.700 milioi euroren aduana zergak ezarri nahi dizkiola Europako Batasunari, argudiatuz EBk diru publikoz laguntzen duela Airbus hegazkin ekoizlea, eta horrek merkatua desitxuratu duela eta AEBetako Boeing konpainiari kalte egin.
AEBetako USTR Merkataritza Ganberaren proposamena bere egin du Trumpek, eta MME Munduko Merkataritza Erakundearen ebazpen bat erabili du muga zergak justifikatzeko. Izan ere, MMEk iaz ebatzi zuen EBk legez kontrako laguntzak eman zizkiola Airbusi. Alabaina, MMEk berak, joan den martxoaren 8an, ebatzi zuen Washingtonek ere nazioarteko araudiaren kontrako diru laguntza publikoak eman dizkiola Boeing hegazkin konpainiari, eta hala Airbusi kalte egin diola eta merkatua itxuraldatu duela.
Garai delikatuan dago Boeing: 737 Max 8 modeloko bi hegazkinek istripua izan dute bost hilabetean, eta denera 346 pertsona hil dira. Istripuak softwarearen arazo batek eragin dituenez, bezero batzuek, Boeingekiko tratua bertan behera utzi, eta Airbusera jo dute hegazkin berriak erosteko.
Egoera horretan dator Trumpen mehatxua. Baina 12.700 milioi euroren muga zergak ez dira izango soilik hegazkingintzaren sektorearentzat. Etxe Zuriak muga zergen zerrendan sartu nahi ditu Europako elikagai batzuk ere: besteak beste, gazta, olioa eta ardoa.
«Pauso handia»
Trumpen muga zergen mehatxuak Ekialdera begira harrapatu du Brusela. Txinari begira hain zuzen, atzo bi aldeek goi bilera bat izan baitzuten Belgikako hiriburuan. EBk eta Pekingo gobernuak adostu zuten industriarako diru laguntzei buruzko nazioarteko arauak indartzeko eztabaida sakontzea. «Pauso handitzat» jo zuen adostasuna Donald Tusk Europar Kontseiluko presidenteak, MME erreformatzeko konpromisoa agertu duelako.
2020rako merkataritzaren eta inbertsioen inguruko akordio bat lortzeko asmoa agertu dute Li Keqiang Txinako lehen ministroak eta Tuskek, negoziazioak bizkortzekoa. «Bi aldeetako negozioak era berean tratatzea» da helburua. Pekin kexu da zailtasunak dituelako EBn inbertsioak egiteko; EB, halaber, kexu da teknologiaren transferentziaz.
Lik, halaber, «errugabetasun presuntzioa» errespetatzeko eskatu dio Bruselari, Huawei auziari erreferentzia eginez.
Trumpek 9.700 milioiren muga zergak jarri nahi dizkio EBri Airbusengatik
Zergen zerrendan sartu nahi ditu gazta eta ardoa ere. EBk eta Txinak, berriz, inbertsioetarako itun bat lortzeko asmoa agertu dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu