Euskal Herriko historiako eta egun Europan indarrean zegoen grebarik luzeena amaitu da. Novaltia botika-distribuzio kooperatibako langileek eta haren zuzendaritzak akordio bat lortu dute, eta, ondorioz, bukatu da hiru urte eta zortzi hilabete iraun duen protestaldia. Grebalariak gustura daude akordioarekin, eta ez da kaleratzerik egongo. Guztiek kalte ordaina jasoko dute gainera, baita ELA sindikatuak ere. Hark eman die babesa eta aholkua prozesu luze honetan. Gaur emango dituzte xehetasun gehiago sindikatuaren egoitzan egingo duten agerraldian.
Akordiorik egon izan ez balitz, gaurkoa 1.345. greba eguna izango lukete Novaltiako hamazazpi grebalariek. Aurki, baina, Zamudioko (Bizkaia) biltegi kanpoko etxola utzi, eta ate nagusia gurutzatuko dute. Akordioarekin batera, enpresak borondatezko kaleratzeak eskaini ditu, pizgarri ekonomikoekin, eta badirudi bizpahiruk onartuko dituztela. Gauzak hala, beste hamalauak beren lanpostuetara itzuliko dira.
Negoziazioetan haien itzulera blindatu nahi izan dute, eta enpresak agiri batean onartu du ez duela haien aurkako errepresaliarik hartuko. Abokatuentzat baldintza oso garrantzitsua da, ez delako erraza lanpostura itzultzea ia lau urtean greba egin ondoren. Gauzak hala, eta klausula horren arabera, grebalarietako batek enpresa nahita kalte egiten ari zaiola nabarituko balu, salaketa jartzeko aukera izango luke.
Novaltiak, halaber, grebalariei kalte ordainak ordaintzea onartu du, baita ELA sindikatuari ere. Dagoeneko hori egitera behartuta zegoen, grebak izan duen auzibide luzean aurkako hainbat ebazpen jaso baititu. Isun handiena iazko uztailean ezarri zioten, 150.000 eurokoa, greba eskubidea urratzeagatik. Esan bezala gaur jakingo dira xehetasun gehiago, baina litekeena da akordioaren baldintzen artean salaketak bertan behera uztea egotea.
Novaltiako borroka 2019ko uztailean hasi zen. Bi ziren grebalarien eskakizun nagusiak: batetik, enpresako eskala bikoitza amaitzea. Gutxien irabazten zuten langileak ez ziren 950 eurora iristen, eta askok beste lan bat ere bazuten. Eta, bestetik, ordutegiak eta egutegiak finkatzea «gehiegizko malgutasuna» amaitzeko.
Duela urtebete baino gehiago Eusko Jaurlaritzako Lan eta Enplegu Saila gatazkan artekari gisasar zedin onartu zuten bi aldeek, baina negoziazio prozesua gertutik jarraitu dutenek ez diote garrantzia handirik aitortzen gatazkaren konponbidean. Haien ustez, ez da erabakigarria izan.
Novaltiako langileek akordioa lortu dute, eta amaitu da greba luzeena
Ez da kaleratzerik egongo, eta grebalariek kalte ordaina jasoko dute. Ia lau urteko borroka izan da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu