«Gaur ez bada, biharko» ikusi nahi dute gutxieneko soldataren igoera

UGTk eta CCOOk ez lukete «onargarritzat» joko igoera ez egitea hurrengo Ministro Kontseiluan

Unai Sordo (CCOO) eta Pepe Alvarez (UGT) Espainiako presidente Pedro Sanchezekin. BALLESTEROS / EFE.
xabier martin
2021eko irailaren 10a
00:00
Entzun
Bukatu da Espainiako lanbide arteko gutxieneko soldata igotzeko mahai soziala, eta negoziazio ofizial horietan parte hartu duten sindikatuak urduri jartzen hasi dira, Madrilek ez duelako oraindik gauzatu igoera. Eragile sozialen posizioa argi geratu da mahaiaren bi saioen ondoren, eta CCOOko idazkari nagusi Unai Sordok ez du ikusten arrazoirik igoera atzeratzeko. CEOE patronalak garbi utzi du ez duela asmorik akordioa egiteko; aurreko itunetan egoteak kostu politiko bat izan du patronalarentzat, eskuinaren eta eskuin muturraren haserre bizia dela eta. Bada, «hurrengo Ministro Kontseilurako» nahi dute CCOOk eta UGTk hogei euro inguruko igoera, «ez bada gaurko, biharko», Sordoren hitzetan.

Izan ere, Espainiako presidente Pedro Sanchezek «berehala» egingo zutela iragarri zuen aurreko astean, hain justu Unidas Podemoseko ministro izarrak Elkarrizketa Sozialerako Mahaiari ekin eta minutu gutxira. Yolanda Diaz Lan ministroak saio hori eta astelehen honetakoa zuzendu ditu, eta hamabi eta hemeretzi euro arteko igoera eskaini du. Bigarren saioaren bezperan ere PSOEk bere oharra utzi zuen, ordea, astelehenean: Ekonomia ministro Nadia Calviñok aurreratu zuen hamabost eurokoa izango zela igoera, eta urrirako jarriko zutela indarrean. Baina mahaia akordiorik gabe itxi da. Dena den ia segurutzat jotzen da gutxieneko soldata 970 eurora igoko dela.

Akordio ezagunik gabe ere, sindikatuek gobernuari igoera dekretuz egiteko exijitzeak aditzera ematen du CCOOk eta UGTk badutela akordiorako oinarri bat Lan Ministerioarekin, eta exekutiboak hura iragar dezan presa dutela, jakin bai baitakite orain arte CEOE patronalak itunerako borondatea izan duela, eta akaso oraindik ere patronalak negoziatzen jarraituko duela. Diaz ministroa soldata urriena jasotzen dutenen sariaren igoera apaltzeko prest ote dago CEOEk ere akordio batean parte hartzeko? Hipotesi ahula da, baina CCOOk eta UGTk igoera Ministro Kontseiluaren bedeinkapenarekin ikusi nahi dute lehenbailehen.

Irailerako edo urrirako?

Gutxieneko soldata jasotzen duten 64.000 langile inguru daude Hego Euskal Herrian, eta segurua da egun gutxian igoera bat izango dutela; eztabaida noizko izango duten, hor kokatu da orain. Espainiako sindikatuek iraileko soldatan aplikatzea nahi dute, eta horregatik ari dira estu hartzen Lan Ministerioa datorren asteko Ministro Kontseiluan onar dezaten. Itxura batean mahai ofizialetik kanpoko negoziazioek emaitza eman dute, eta CCOOk eta UGTk ez dute nahi CEOE patronalak egin lezakeenak hori guztia atzeratzea.

Igoera eginda ere, Espainiako lanbide arteko gutxieneko soldata ez da Hego Euskal Herriko batez besteko soldataren erdira ere iritsiko. Espainiako Gobernuaren aditu talde batek gomendatu du batez bestekoaren %60ra hurbildu beharko lukeela, eta helburu horrekin ari da lanean Lan Ministerioa. Zenbait erkidegotan, batez bestekoaren hiru herenera iritsiko litzateke igoera egin ondoren, esaterako Extremaduran. Hego Euskal Herrian, berriz, gutxieneko soldatak penagarri izaten jarraituko du, eta 2023rako oso urrun geratuko da batez bestekoaren %60tik; Madril 1.023 euroko gutxienekoa proposatzen ari da ordurako.

Baliteke Sanchezen gobernua %60ko helburutik hurbil gelditzea legegintzaldia amaitzerako, baina Hego Euskal Herriko lan merkatuaren errealitatean, kopuru horiek ez dute ez hankarik ez bururik, helburua bada gutxienekoa batez besteko soldatara hurbiltzea. Igoera eginda ere hain urrun geratuko da, ezen gutxieneko soldata 1.166 eurora ere ez baita iritsiko, hau da, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako batez bestekoaren erdira. Nafarroako batez besteko soldataren erdia ere (1.108 euro) Espainiako gutxienekoa baino gehiago izango da, 85 euro gehiago.

Inflazioa ez du orekatuko

Gainera, ezin da ahaztu inflazioak hartu duen gorako bidea. Madril %1,7ko igoera proposatzen ari da gutxieneko soldatarentzat, eta Hego Euskal Herriko KPIa %3tik gorakoa izango dela aurreikus daiteke, energiaren garestitzea dela eta; beraz, igoerak ez luke orekatuko inflazioa, eta langile prekarioek erosteko ahalmena galduko lukete. Espainiako sindikatuak, ordea, prest daude igoera handienak 2022. eta 2023. urteetarako uzteko.

2020. urteko hasieran iritsi zen azken akordioa eragile sozialen artean, eta gutxieneko soldata %5,5 igo zuten, 950 eurora arte; hamalau ordainketa dira urtean: 13.300 euro urtean. Madrilek 2018an igo zuen aurretik gutxieneko soldata; orduan ere, Pedro Sanchez (PSOE) zegoen gobernuan, eta Unidas Podemosekin hitzartu zuen igoera, aurrekontuak babestearen truke. 900 eurotan jarri zuten, %23,3 igota —1977tik izandako igoerarik handiena—.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.