Gutxienez zazpi pertsona hil zituzten herenegun gauean Kolonbian, Poliziaren indarkeriaren aurkako protestetan. Poliziak Javier Ordoñez abokatua hil izanak piztu zuen sua: Bogotako bi poliziak taser pistola batekin hainbat deskarga elektriko egin zizkioten 46 urteko gizonari, eta horren ondorioz hil zen handik ordu batzuetara, klinika batean. Erasoaren bideoa zabaldu dute, eta bertan ikusten da nola Ordoñezek gelditzeko eskatzen dien poliziei behin eta berriz: «Gehiago ez, mesedez. Itotzen ari naiz». Lekukoek ere hura askatzeko eskatzen diete, baina alferrik. Eliana Garzon abokatuaren koinatuak gogor gaitzetsi du erasoa: «Nire koinatua ez zen prozedura polizial batean hil; poliziek hil zuten».
Agenteen jarrerak haserrea eragin zuen Kolonbiako herritarren artean, eta milaka lagun irten ziren kalera Ordoñezen heriotza salatzera: bai Bogota hiriburuan, baita beste hiri batzuetan ere. Istilu larriak izan ziren horietan, eta Gustavo Moreno Poliziako zuzendariordearen arabera, gutxienez zazpi lagun hil zituzten: bost hiriburuan eta beste bi Soachan; hildakoen artean adingabe bat dago. Horrez gainera, 55 zauritu ospitaleratu behar izan zituzten.
Poliziak protestetan parte hartu zuten 70 lagun atzeman zituen, «zerbitzari publikoen aurkako indarkeria» leporatuta, besteak beste.
Bestalde, erasoan inplikatutako bi agenteak kargutik kendu dituztela jakinarazi zuten, eta Carlos Holmes Trujillo Defentsa ministroak baieztatu zuen prozesu penala abiatu dutela horien kontra. Prokuradoretzak bere gain hartu zuen Kolonbiako Poliziak gertatutakoa argitzeko abiatutako ikerketa.
Defentsa Ministerioak jakinarazi zuenez, 1.600 agente bidaliko dituzte hiriburura, Bogotako Polizia indartzeko, eta Kolonbiako armadako hirurehun soldadu arituko dira «segurtasuna babesten».
Protestak Bogota mendebaldeko Villa Ruiz auzoko Poliziaren egoitza baten aurrean hasi ziren. Hain zuzen, bertan lan egiten zuten Ordoñezi taser pistola elektriko batekin eraso zioten bi poliziek. Printzipioz, baketsuak ziren manifestazioak; ordea, borrokak piztuz joan ziren, eta beste zenbait lekutara hedatu. Besteak beste, Poliziaren 56 instalazio izan ziren kaltetuak.
Luis Ernesto Gomez Bogotako Gobernu idazkariaren arabera, Alkatetzak hirian 137 salaketa jaso ditu aurten, «Poliziak ustez gehiegizko indarra erabiltzeagatik eta giza eskubideak urratzeagatik».
Tolerantziarik ez
Ivan Duque Kolonbiako presidenteak ere hitz egin zuen Ordoñezen hilketaren inguruan, eta «uniformeaz abusatzen denean tolerantziarik ezin dela egon» adierazi zuen. Era berean, zigor «egokiak, objektiboak eta ikerketa zorrotzen ondorio direnak» eskatu zituen. Poliziak eta Defentsa Ministerioak zer gertatu zen argitzeko egindako lana ere goraipatu zuen.
Claudia Lopez Bogotako alkateak, berriz, azpimarratu zuen «indarkeria eta abusu poliziala» baztertzen dituela, eta «egia, justizia, bakea eta adiskidetzea» lortzeko konpromisoaren alde egin zuen. Hala, Polizia gehiegikeriak amaitzeko «egiturazko erreforma bat»agindu zuen. Era berean, kaleko istiluak buka daitezela eskatu zuen alkateak: «Bogota suntsitzeak ez du Polizia konponduko. Jar ditzagun indarrak justizia eta segurtasun indarren erreforma estrukturala lortzeko».
Zazpi pertsona hil dituzte Kolonbian Poliziaren aurkako protestetan
Bi agentek Javier Ordoñez abokatua hil izanak eragin du sua: taser pistola batekin eraso zioten
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu