Pentsioen zezenari adarretatik heltzeko garaia iritsi zaio Madrili

Toledoko Itunekoak sindikatuekin eta patronalarekin elkartuko dira gaur; pentsioak erreformatzeko eredu bat adosteko erronka handia dute

Jose Luis Escriva, Espainiako Gizarte Segurantzako ministroa. J.C. HIDALGO / EFE.
xabier martin
2020ko irailaren 8a
00:00
Entzun
Ez du erraza ematen alderdi politikoen, sindikatuen eta patronalaren artean eredu bat adosteak18.000 milioi euro baino gehiagoko zuloa duen pentsioen sistema erreformatzeko. Adostuta ere, Espainiako Gobernuari helaraziko liokete, urte bukaeran lege bihur dezan, eta Bruselako plazan erakuts dezan oniritziaren bila. Zezen handia da inondik ere, baina adarretatik heldu beharrekoa, eta lehenbailehen, koronabirusaren krisiak ezinbestekoa bihurtu baitu aldaketak egitea hain defizitarioa den sistema horretan. Hori dela eta, gaur bertan bilera bat egingo dute Toledoko Ituneko alderdiek zenbait sindikaturekin eta patronalarekin. Sorta baten lehena izango da.

Izan ere, 18.452 milioi euroko zuloa bikoiztu egin dezake COVID-19ak eragindako krisi ekonomikoak. Gastuak gora doaz Gizarte Segurantzan, eta diru sarrerak, behera. 2023rako 30.000 milioitik gorako zuloa aurreikusten dute adituek, eta zerbait egin behar da; gaur bihar baino hobe, etorkizuneko pentsioak bermatzea baitago jokoan. Jose Luis Escriva Espainiako Gizarte Segurantzako ministroak bihar hitz egingo du, eta zenbait aztarna marraztea espero da. Batetik, Gizarte Segurantzak bere gain hartzen dituen ordainketa batzuk estatuko aurrekontuarenak egingo lituzke balizko erreforma batek. Sistemaren kudeaketaren gastuak, langabezia ordaintzeko gastu batzuk, diru laguntzak... estatuaren zama lirateke, agian baita kotizaziopekoak ez diren zenbait pentsio ere: adibidez, umezurtzena. Madrilek 20.000 milioi euro atera nahiko lituzke modu horretan sistemaren defizitetik.

Gehiago bizi, gutxiago jaso

Etorkizuneko pentsiodunei eragingo liekete beste bi neurri nagusiek, zeren, apalenak alde batera utzita, alderdien artean adostasun handia baitago pentsioek oro har apalagoak izan beharko dutela. Hala, Escrivak uste du 4.500 milioi gehiago bildu dezakeela sistemak benetako erretiro adina atzeratzen bada. Orain, 64 urte eta lau hilabetekoa da batezbesteko erreala, eta 65 eta lau hilabetekoa da legezkoa. Aldez aurretiko erretiroak %66 gehitu dira azken bost urteetan, eta Madrilek muga jarri nahi dio joera horri, aldez aurretik erretiratutakoen pentsioak gehiago zigortuz eta legezko adinekoei pizgarri fiskalak emanez.Beraz, legezko erretiro adinak 67 urtera atzeratzen jarraituko du—2020aren bukaeran, 65 eta hamar hilabete— eta gutxieneko kotizazio urteak handitzen. Gainera, ate joka dagoen erreformak pentsioak kalkulatzeko epea handitzea jaso dezake, pentsio apalagoak egiteko, bizi itxaropena handitzen ari dela eta. Gehiago bizi, gutxiago kobratu da neurri horren logika.

Pentsiodunek bi urte eta erdi egin dituzte kalean, pentsio duinak eskatzen, eta haien geroaren nolakotasuna erabakiko duen aro giltzarria iritsi dela ematen du. 2023an baby boom-eko belaunaldikoak hasiko dira erretiratzen, eta Madrilek ezin du gehiago itxaron.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.