«Gobernuak eta patronalak langileon bizkar gainean jarri nahi dituzte krisiaren ondorio guztiak». Garbiñe Aranburu LAB sindikatuko idazkari nagusiak garbi dauka zer joera hartzen ari den krisia; azken egunotako kaleratze iragarpenez aritu da Aranburu. «Pobrezian eta bazterketa sozialean dauden herritarren kopurua gorantz doa, eta erreferentziazko enpresa handiak, bitartean, enplegu suntsiketa gehiago iragartzen dabiltza».
Egiturazko arazo bat ikusten du LABek, «azken krisiaren ostean sistema kapitalista ezin baita berreraiki». Beraz, sindikatuaren ustez, aro berri bat hasi beharko luke orain, baina ez ditu sintonia horretan ikusten gobernuak eta patronalak, eta argi du Confebaskek ez duela itun sozialik nahi: «Gastu publikoa handitzeko eskatzen dutenean, diru publikoa enpresa pribatuen eskuetan jartzeaz ari dira».
Gamesak, Tubacexek, ITP Aerok eta Aernnovak murrizketarik gabe aurre egin diezaiokete egoerari, LABeko idazkari nagusiaren iritziz, azken urteetan dibidenduak banatu dituztelako: «Gauzak egiteko modu horren helburua da langileen artean etsipena nagusitzea, azkenean borrokarako ahalmena ahuldu eta murrizketak onar ditzagun».
Arantxa Tapiaren jarrera
Azken egunetan Arantxa Tapia Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapenerako sailburuak erakutsitako jarrera gaitzetsi du LABek; Tubacexenaalbiste txarra dela esan zuen Tapiak, baina «errealismoz» hartu behar dela. «Itxierak daudenean albiste txar bat dela esaten du soilik, eta enpleguaren izenean soldata murrizketak zuritzen ditu».
Horiek horrela, negoziatzeko prest dago LAB, baldintza batekin: enpresek enpleguari eusteko konpromisoa hartzea. Enpresen unean uneko arazoak «aintzat hartzeko prest» legoke sindikatua, betiere ohiko egoerara itzultzeko helburua jarrita aurretik: «Enpresek ez dituzte horrelako akordioak nahi izaten».
LABen ustez, patronalak ez du nahi itun sozialik, aurkakoa esan arren
Sindikatuak salatu du irabazi handiko enpresek egin nahi dituztela kaleratze masiboak, eta enpleguari eusteko konpromisoa eskatu die
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu