Koronabirusa

Uztailetik aurrera Espainiak ez ditu turistak behartuko berrogeialdirik egitera

Turismo sektorearen presio handia izan du Sanchezen gobernuak. Europako herrialdeak nor bere aldetik ari dira mugei buruz erabakitzen

Atzerritik Espainiara iritsitako bidaiariek hamalau eguneko berrogeialdia egin behar dute gaur egun. MANUEL BRUQUE / EFE.
Irune Lasa.
2020ko maiatzaren 26a
00:00
Entzun
Agerikoak izan dira barneko eta kanpoko presioak, eta badirudi Pedro Sanchezen gobernuak men egin diela bai Espainiako turismo sektoreari bai Alemaniako eta Frantziako gobernuei eta hango bidaien antolatzaileei. Orain iradoki dute aurretik zegoela erabakia hartuta; hala izanda ere, atzo arte ez da ofizialki erabaki Espainiak uztailaren lehenetik kanpotik datozen bidaiariei berrogeialdia egitera derrigortzeari utziko diola.

Europako hegoaldeko herrialdeentzat —Espainia, Grezia, Italia, Portugal, Kroazia...— berebiziko garrantzia daukate orain mugak irekitzeak eta berrogeialdiak ez derrigortzeak. Herrialde horietako batzuek turismotik lortzen dute barne produktu gordinaren %20 inguru.

Dena den, Europa osoarentzat da inportantea turismoa, Europako Batasuneko BPGaren %10 eta enpleguaren %12 hartzen duelako.

Schengen txikiak

Herrialdeen arteko mugek eman dute zeresanik azken asteetan Europako Batasunaren barnean bertan. Krisia hasi zenean, herrialde gehienek ez zuten inolako baimenik edo adostasunik behar izan euren mugak ixteko. Eta orain ere mugak zabaltzeko prozeduran ez dago jokaera koordinaturik, Europako Batzordearen atsekaberako.

Gainera, herrialde bakoitzaren aldebakarreko erabakiei eta epeei beste jokamolde bat gehitu zaie: burbuilak. Zeelanda Berriak eta Australiak munduaren beste aldean egindakoa eredu, Baltikoko herrialdeek —Lituaniak, Letoniak eta Estoniak— euren artean halako burbuila bat osatu dute, non elkarren arteko mugak zabaldu dizkieten beren herritarrei, baina kanpotik haietara iristen diren turistek eta bidaiariek berrogeialdia egin behar duten. Baltikoko burbuila maiatzaren 15ean eratu zuten. Gauzak asko aldatzen ez badira, ekainaren 15ean beste burbuila bat osatuko da Alemaniaren eta Austriaren artean.

Halako burbuila erregionalak, ordea, ez dira Europako Batzordearen oso gustukoak. Margaritis Schinas Europako Batzordeko lehendakariordeak ohartarazi du bidaiarientzako egungo murrizketak ordezkatzeko modua ezin direla izan «merkatu bakarra hausten duten Schengen txikiak». Baltikokoen esanetan, haiek betetzen dute batzordearen gomendioa, zeinetan bai onesten den leuntze faseek iraun artean osasun datu bertsuak dituzten eskualdeen eta herrialdeen arteko barneko mugak irekitzea. Bitarteko konponbide horretarako mugimenduek, hala ere, ez dute emaitza handirik izan oraingoz, eta baliteke lehenago iristea, esaterako, berrogeialdien bukaera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.