COVID-19ak ez du etenik. Izurritea ia herrialde guztietara iritsi da, eta goraka doaz positibo emandako kasuak. Horrela, azken datu ofizialen arabera, gainditu du orotara milioi bat kutsaturen langa. Gaitzaren ondorioz hildakoak, berriz, 55.000 baino gehiago dira. Sendatutakoen kopurua da aldeko emaitza bakarra: horiek, dagoeneko, 225.000tik gora baitira.
Lehen kasua Txinan hauteman zuten arren, egoera kontrolpean dute bertan, eta, egun, AEBak dira pandemiaren epizentro berria. Hura da birusak gehien eragin dion herrialdea, eta kutsatu kopuru gehien atzeman dituena: denera 260.000 gaixo baieztatu dituzte. Halaber, oraindik ez dute gailurra jo, eta datozen asteetankontuak okerrera egingo duela aurreikusten dute. Hasieran, Donald Trump presidenteak ezbaian jarri zuen birusak zekarren arriskua, baina badirudi jabetu dela egoeraren larritasunaz, eta prest egoteko deia egin die herritarrei. Horrez gain, adierazi zuen datozen bi asteak «oso gogorrak» izango zirela.
Gogor ari dira nozitzen AEBetan osasun krisi honen ondorioak, eta, intzidentzia tasa altuez harago, jakinarazi dute langabezia indizeak ere nabarmen gora egin duela martxoan. Hain zuzen, %3,5etik %4,4ra igo da, eta 701.000 lanpostu galdu dira. Horrez gain, eragin zuzena izan du armen salmentan ere, eta, 2013ko urtarrileko marka kontuan izan gabe, inoiz baino gehiago erosi dituzte: gutxienez 1,9 milioi. Pandemiak eragin duen «ziurgabetasunarekin» lotu dute igoera hori.
Bestetik, Italia gaixo kopuruen zerrendan bigarren egonagatik, birusak han eragin ditu hildako gehien: 14.000 pasa. Modu horretan, konfinamendua gutxienez maiatz hasierara arte luzatuko dela iragarri zuen atzo Angelo Borreli Italiako Babes Zibileko arduradun eta koronabirusaren krisiko bozeramaileak. Berez, Italiako Gobernuak apirilaren 13ra arte luzatu du berrogeialdia aste honetan bertan. Hala eta guztiz ere, hasi dira argia ikusten; azken datuak hobeak dira, eta atzo jakinarazi zuten kutsatuen kurbak beherakada apal bat izan duela. Borrelek esan zuen horrek «arnasa hartzen» utzi diola osasun sistemari.
Horien atzetik, Espainiak ditu positibo emandako kasu gehien: ia 118.000 azken datuen arabera. Bertan, eguneko 800 hildako baino gehiago izan dira aste osoan, eta guztira ia 11.000 dira birusaren ondorioz zendutakoak. Madril da larrien dagoen erkidegoa: han 34.188 lagun daude kutsatuta, eta 4.483 hil dira. Espainiako Gobernua ikertzen ari da konfinamendua apirilaren 26ra arte luzatzea. Alabaina, hainbat autonomia erkidegotan ziurtatu dute ari direla birusaren hedapena mantsotzen: Extremaduran, kasurako.
Herrialde horien ondoren, Alemania dago kinka larrienean. RKI Robert Koch institutu epidemiologikoaren arabera, ia 80.000 dira kutsatutakoak, eta mila lagunetik gora hil dira. Alabaina, Johns Hopkins Unibertsitateak jasotzen duenez, ia 90.000 dira positibo eman dutenak. Kasu horretan, Alemaniak ere gaindituko luke Txinako kutsatu kopurua: 82.500. Hala, RKIko presidenteak adierazi zuen %1,2koa zela heriotza tasa, baina ohartarazi zuen ehuneko hori igo egingo zela.
Koronabirusa munduan
Koronabirusak milioi bat kutsaturen langa gainditu du munduan
Orotara 55.000 hildakotik gora eragin ditu birusak, eta 225.000 baino gehiago dira sendatu direnak. Kutsatuen kurba apaldu egin da Italian

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu