Konpainia digital handien jarduera gutxieneko tasa orokor batekin zergapetuko dute OCDE Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Erakundeko kide diren herrialdeek, hark proposatutako fiskalitate berriarekin bat eginez gero behintzat. Gutxieneko tasa hori negoziatzeko dago, baina balizko negoziazioak G7ko kideen oniritzia dauka atzodanik. Kopuruak alde batera utzita —auziaren benetako funtsa—, AEBek, Japoniak, Alemaniak, Erresuma Batuak, Frantziak, Italiak eta Kanadak sozietate zerga gutxieneko bat ezartzeko beharra adostu zuten Parisko bileran. Estatu horien Finantza ministroak ados jarri ziren sozietate zerga tasa minimo bat ezartzeko Googleri, Amazoni, Facebooki, Appleri eta beste hainbat konpainiari.
Frantziak Gafa tasa onartu zuen aurreko astean, eta, OCDEren eremuan datorren urtean zer adostuko zain, hura aplikatuko du aurten. Bruno Le Maire Frantziako Finantza ministroak, Parisen, burujabetasun fiskala aldarrikatu zuen zerga berri hori egin eta 2019. urtean aplikatzen hasteko. Ikusteko baitago G7koen asmo oneko adierazpenetatik harago OCDEn gai izango ote diren tasa bat adosteko. Gafa tasak konpainia teknologikoen irabazien %3 zergapetuko ditu, gutxienez 750 milioi euroko negozio bolumena badute eta horietatik 25 milioik gutxienez Frantziari eragiten badiote.
Gafa ikertzen hasi da AEBetako komertzio agintzaritza, eta Frantziaren aurkako muga zergen mehatxua egin du Trumpen administrazioak, ezin baita ahaztu Google eta beste handiak AEBetako konpainiak direla.
Dena den, G7koen bilerak Parisek nahi zuen adierazpena erdietsi du, nahiz eta ondo jakin asmo onak baino ez direla. Le Mairek esan zuen «urrats handi bat» dela «fiskalitate eraginkorrago bat» martxan jartzeko. «Ez dugu nahi lehia fiskal oldarkor bat», erantsi zuen. Literatura horrek, ordea, ez zuen alboan izan konpromiso bat jarduera digitalari tasa jakin batzuk ezartzeko.
Konpainia digitalen jarduera zergapetzea adostu dute G7ko kideek
OCDEk 2020aren hasieran aurkeztekoa du egitura fiskal berria. Frantziak Gafa tasa aplikatzeko subiranotasuna aldarrikatu du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu