Bidea egiten ari da xingola horien auzia. Quim Torra Kataluniako presidenteak ahozko epaiketa bati egin beharko dio aurre: Kataluniako Auzitegi Nagusiak auzipetu egin du, aintzat hartu baitu fiskal nagusiaren salaketa; fiskalak desobedientzia delitua leporatzen dio. Haren arabera, Torrak uko egin zion Espainiako Hauteskunde Batzordearen agindua betetzeari: ez zituen garaiz kendu xingola horiak eta esteladak eraikin publikoetatik Espainiako Gorteetarako hauteskundeen kanpainan. Urtebete eta zortzi hilabeteko kargugabetzea eta 30.000 euroko isuna ezartzeko eskatzen dute.
Carlos Ramos auzitegiko magistratuak Espainiako Hauteskunde Batzordearen aginduak eta Torraren erreakzioak aztertu ditu, eta nabarmendu du xingola horiak «alderdi politiko batzuen» sinbolotzat har daitezkeela; hortaz, «alderdikoiak» dira, eta administrazioak ezin ditu hauteskunde garaian erakutsi «objektibotasuna eta neutraltasuna era larrian urratu gabe».
Ramosek dokumentu batean adierazi du Torrak «eskatutakoa bete beharrean», idatzi bat aurkeztu zuela, Espainiako Hauteskunde Batzordeak ezarri zion epea agortzear zela. Batzordeak «uko egin zion» presidentearen eskariari, eta «akusatuari pertsonalki eskatu zion» 24 orduan kentzeko «sinbolo partidistak» Generalitatearen eraikin publikoetatik. Torrak ez zuen agindua aintzat hartu, dokumentuak kontatzen duenaren arabera.
«Elsa Artadi Presidentetzaren [orduko] kontseilariak xingola horia zeraman pankarta mantentzeko erabakiaren berri eman zuen». Polizia Nazionalaren funtzionario batzuen testigantzak ere baliatu ditu Ramosek: lekuko horiek adierazi dute xingola horia zeraman pankartaren gainean beste bat jarri zutela, «neurri eta formatu berekoa, Llibertat presos polítics leloarekin, baina zuri koloreko xingola batekin».
Vox, herri akusazioa
Hasieran, espetxean dauden buruzagi independentisten askapena eskatzeko sinboloak eraikin publikoetan mantentzeko asmoa agertu zuen Torrak, baina azkenean Kataluniako arartekoaren aholkuei jaramon egin, eta sinboloak kentzeko erabakia hartu zuen. Hala ere, Kataluniako Fiskaltzak ikerketa abiatzeko eskatu zuen, baita Torraren aurkako salaketa bat aurkeztu ere. Epaiketan, Vox eskuin muturreko alderdia herri akusazio gisa arituko da.
Kataluniako Auzitegi Nagusiak Torra epaituko du xingola horiengatik
Desobedientzia delitua leporatzen diote, xingola horiak garaiz kendu ez izanagatik. Hogei hilabetez kargugabetzeko eskatu du fiskaltzak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu