Bederatzi urtez jarraian hazi ondoren, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako pentsio osagarrien ondarea %3,3 jaitsi zen iaz. Ondarea bigarrenez jaitsi da 2001ean borondatezko gizarte aurreikuspeneko erakundeak biltzen dituen BGAE federazioa sortu zenetik—2008an jaitsi zen azken aldiz—. Ignacio Javier Etxeberria BGAEen federazioko presidentearen arabera, erakundeek egindako inbertsioek errentagarritasun txarra izan zuten, eta arrazoi horri egotzi zion ondarearen beherakada. Edozein modutan, 24.032 milioi euro pilatzen dira erakunde horietan, eta hiru lurraldeetako BPGaren %31,3 ordezkatzen dute denen artean. «Urte zaila izan den arren, inongo momentuan ez da eskaerari erantzuteko arazorik egon», esan zuen atzo egindako aurkezpenean.
Behar horiei erantzunez, borondatezko gizarte aurreikuspeneko erakundeek 887 milioi euro banatu zituzten iaz erabiltzaileen artean, 2017an baino %4,16 gehiago. Azken bost urteetan 4.450 milioi euroraino iritsi da kopurua. «Kopuru horiekin, gure ingurunearen babes sozialaren bermatzaile gara», esan zuen Etxeberriak. Bazkideen kopuruak ere %1,18 egin zuen gora, eta 2018. urte amaieran 1,1 milioi pertsonak zeukaten pentsio osagarri bat. Haien ekarpenak 796 milioi eurorenak izan ziren, 2017an baino %1,9 gehiago.
Pentsio osagarriei buruz ez ezik, pentsio publikoei buruz hitz egin zuten Etxeberriak: «Pentsio publikoen existentzia ez dago zalantzan; beste gauza bat da zenbatekoak izango diren». Esan zuen gaur egun erretiroa hartzen ari direnen estaldura tasa %80an dagoela, eta, horregatik, garrantzitsutzat jo zuen pentsio osagarri bat edukitzea. «Lan hitzarmenetan txertatu beharko lirateke, eta gazteen artean ere kontzientzia zabaldu beharra dago». Haren arabera, pentsio osagarriak edukitzeko kultura sustatu beharko litzateke belaunaldi berrien artean.
BGAEak bultzatzeko ohiko bidea zerga kenkariak eskaintzea izan da, baina Etxeberriak uste du azken urteetan erakunde publikoek mezu kontrajarriak eman dituztela horien inguruan. «Jendeari konfiantza mezu bat helarazteko, zerga eremuan egonkor- tasuna behar dugu; ezin da egun batean kenkari batzuk eskaini eta hurrengoan bestelakoak». Sektoreko eragileen iritzia aintzat hartzeko eskatu zien erakundeei.
Errentagarritasun eskasak %3 jaitsi du pentsio osagarrien ondarea
Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako borondatezko gizarte aurreikuspenetan 24.000 milioi euro pilatzen dira; BPGaren %31,3
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu