KPIaren igoerak «epe ertainean» aplikatzea gomendatu du LHK-k

Imanol Magro Eizmendi.
Bilbo
2022ko uztailaren 15a
00:00
Entzun
Lan Harremanen Kontseiluari (LHK) ez zaio lanik faltako udazkenean. Enpresa eta langileen ordezkarien arteko artekaritza kudeatzen duen erakundearen arabera, «ukaezina» da eten handia dagoela negoziazio kolektiboan. Tomas Arrieta LHK-ko presidentearen ustez, inflazioa da arrazoi nagusia, eta zaila da KPIaren igoera soldatetara eramatea. «Agerikoa da erosteko ahalmena apaltzen ari dela», onartu du. Hori horrela, igoera horiek denbora tarte luzeago batean ezartzearen alde agertu da: «Desiragarritzat eta beharrezkotzat daukat KPIari loturiko igoerak epe ertainean aplikatzea, berehalako epean erosteko ahalmena galtzea eragingo badu ere».

Arrietaren ustez, LHK-k izan duen «erronkarik handiena» da hori lortzea. Izan ere, agerikoa da ez direla garai onak negoziazio kolektiborako. 2021. urtearen amaieran lan hitzarmen baten pean diharduten Araba, Bizkai eta Gipuzkoako langileen %45,9k bakarrik zuten ituna indarrean. Hori gutxi ez, eta iaz LHKren bidez adosturiko hitzarmen berriak %5 baino ez ziren izan.

Egoera zaila da, baina, Arrietaren hitzetan, lan gatazken iazko egoera ez zen izan 2019koa baino okerragoa —LHKren ustez, 2020. urtea ezin da hartu erreferentziatzat, pandemia dela eta—. 2021ean greba gehiago egin ziren, baina 2019koetan baino langile gutxiagok parte hartu zuten.

Soldatak %1,23 igo ziren

Soldatei dagokienez, iaz %1,23 igo ziren batez beste. KPIa, berriz, %6,4 izan zen. Kontua da hitzarmen askotan KPIaren igoera urtebete geroago aplikatzen dela. Horren eraginez, eta LHKren iragarpenen arabera, soldatak batez beste %3,75 igoko dira aurten. Langileen %56,2k KPIarekin zerikusirik ez duten soldata igoerak dauzkate adostuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.